Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: final-laurdenak

Ateari bizkarra emanda

Karim Benzema «taldeko oinarrietako bat» izango zela aitortu zuen Laurent Blanc Frantziako selekzioko hautatzaileak Eurokopa hasi bezperan, baina aurrelariak ez du golik sartu oraindik.

unai zubeldia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gola bakarrik falta zaio». Hori da arazoa. Besterik ez. Edo hori guztia. Golik gabeko aurrelariak nekez izaten duelako irribarrea aurpegian. Luis Fernandez Athleticeko entrenatzaile ohiarena da aipamena, 1984an Frantziarekin Eurokopa irabazi zuen jokalari harena. Karim Benzema da ezin horren atzean dagoen jokalaria. Frantziako selekzioko aurrelaria. Titularra. Izarra. Baina itzali antzean dabilena. Agertu da Cristiano Ronaldo Portugalen; agertu da Mario Gomez Alemanian; agertu dira Fernando Torres eta Cesc Fabregas Espainian; Cassano eta Balotelli ere agertu dira Italian; Ibrahimovicek asko eman dio Suediari; Rooneyk ere bai Ingalaterrari... Baina ateari bizkarra emanda jarraitzen du Benzemak. Hiru partidatan, 256 minututan, gol bakar bat ere ez... atera hamazazpi jaurtiketa eginda. Cristiano Ronaldok soilik egin du jaurtiketa gehiago: 22.

Marka da Real Madrilekin denboraldi guztian 32 gol sartu dituen aurrelaria itzali antzean dabilela esatea. Baina etxeko selekzioa zain dauka oraindik. 2008ko Eurokopan, Austrian eta Suitzan, ez zen agertu. 19 urte eskasekin, bi partida jokatu zituen, eta Frantzia aurrera egin ezinik geratu zen multzoen fasean. «Sasoi puntu onenetik urrun», 2010eko Munduko Txapelketan, berriz, taldetik kanpo utzi zuen Raymond Domenech hautatzaileak. Eta gaitzerdi, noraezean ibili zelako gero Frantzia, kirol arlotik urrun zeuden hainbat liskar tarteko.

Iragan ilun samarra ahaztuta, «taldeko oinarrietako bat» izango zela adierazi zuen Laurent Blanc Frantziako selekzioko hautatzaileak Eurokopa hasi bezperan, baina aurrelaria ate aurrean asmatu ezinik dabil Polonia eta Ukraina aldean ere. Nekea egon daiteke ezin horren atzean. Ardura hartzearen presioa jarri dute batzuek mahai gainean. Aurkariak egiten ari diren zaintza estua ere izan daiteke arrazoietako bat. Baina gauza bat dago argi: munduko aurrelaririk onenetakoa gol bakar bat ere sartu gabe dago Eurokopako lehen hiru partidak jokatuta.

Egia da eztabaida golera bakarrik mugatzea dela argudio horien guztien oinarria. Benzema ez da gola bakarrik. Eta Benzemak Frantziari ez dio gola bakarrik eskaintzen. Hiru partidatan goleko bi pase eman ditu jada aurrelariak. Gerrard eta Arxavin bakarrik dauzka aurretik sailkapen horretan, hirurekin. Baina golak bizi du aurrelaria. Suediaren aurka, multzoko azken partidan, agertu ere ez zen egin. Eta azkar egin zuen hausnarketa: «Ezin dugu berriz hain gaizki jokatu. Lan asko daukagu egiteko».

Beteranoen gisan hitz egin du azken egunotan jokalariak. Baina, gezurra diruen arren, Benzemak ez daki zer den Frantziarekin Eurokopan edo Munduko Txapelketan multzoen fasetik aurrera egitea. Final-laurdenetan dena izango da berria aurrelariarentzat. Eta patua zer den, golerako bidean Real Madrilen taldekide dituen bi jokalari izango ditu parez pare gaur: Sergio Ramos eta Iker Casillas.

Horrek piztuko du, agian, frantziarrak golerako duen sena. Hitzez golegile dabil. «Ezustekoa eman dezakegu Espainiaren aurka. Munduko selekziorik onenetakoa da, baina ez da garaitezina. Espazioak egongo dira, Espainiak ez daukalako beldurrik baloia atzetik jokatuz ateratzeko». Baina zelaian ere golak sartzea falta zaio. 25 partida jokatu ditu orain arte Frantziako selekzioarekin, eta bost besterik ez du sartu. Aulkian zain-zain dago Olivier Giroud Montpellierreko aurrelaria, denboraldi honetan Frantziako Ligako golegilerik onena izan dena, 25 golekin; goleko 11 pase ere eman ditu.

Zidane eta 1998ko Eurokopa

Zinedine Zidane handiarekin ere gogoratu dira batzuk Benzemari buruz hizketan hasitakoan. Corentin Martinsek, Deportivoko jokalari ohiak eta 1996ko Eurokopan Frantziarekin aritu zenak, ondorengoa azaldu du: «1998ko Munduko Txapelketan Zidanerekin gertatu zena ekarri dit gogora Benzemaren egoerak. Kritika ugari jaso zuen finalera iritsi artean, eta azken partida horretan bi gol sartu zituen gero».

Frantziako egunkari batzuetako iritziren bat edo beste gorabehera, kritika hotsetatik urrun dabil Frantziako selekzioko 9 zenbakia. Baina golik gabeko aurrelariak nekez izaten du irribarrea aurpegian. Horregatik dauka Benzemak gorriz markatuta Espainiaren aurkako partida. Lau partida gehiegi direlako golik ez sartzeko. Aurrelari batentzat egoera deserosoa delako «gola bakarrik» falta zaiola entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.