Euskal presoen lehen ekarpenak jaso ditu Sortuk

Azaroan oinarri ideologikoa eztabaidatu ostean 240 biltzarretan, Sortuk ildo politikoaren gogoeta hasi du

Erredakzioa
2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Sortu prozesu eratzaile batean murgilduta dago. Azaroan oinarri ideologikoen inguruan eztabaidatu ostean, ildo politikoaren ingurukoa izan zen atzoko eztabaida. Urtarrilean, barne antolamendukoa etorriko da. Hego Euskal Herri osoan 240 herri batzar egin zituzten. Errenteriako biltzarrean parte hartu zuen Joseba Alvarezek, Sortuko talde sustatzaileko kideak. Kazetariei adierazi zienez, arlo politikoa «eztabaida ildo nagusia da», besteak beste estrategia orokorra eta hura gauzatzeko taktikak jasotzen dituelako. Eztabaida eratzailean euskal preso politikoen lehen ekarpenak biltzen hasi dira.

«Txostenak kartzeletara bidali genituen; ez genekien sartuko ote ziren edo ez, baina, zorionez, bai Espainiako Estatuan, bai Frantziako Estatuan normaltasunez sartu dira. Presoetako batzuek txostenak irakurri dituzte, eta hasi dira ekarpenak egiten», azaldu du Alvarezek. Oraingoz, ekarpen gutxi jaso dituzte, baina normaltzat jo du, «segurtasun neurriengatik, txostenak iritsi, idatzi eta ateratzeko, denbora luzatzen delako». Alvarezek azpimarratu du legezko informazio batera sarbidea dutela, eta ekarpenak «beranduago» iritsiko badira ere, bakoitzak bere ekarpenak egin ahal dituela.

Ildo politikoan estrategia eta taktikak garatzeaz gain, Sortuk desobedientzia zibila eta beste lan tresnak nola bideratu behar dituen jasoko du. Era berean, «hurrengo urteetan gatazkaren konponbidea nondik garatu behar den» bilduko du. Azken puntua nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala izango da.

Oinarri ideologikoen txostenean 400 zuzenketa bildu dituzte Hiru gai nagusik piztu dute eztabaida. Lehena, Europako Batasuna: «Nola ulertzen dugun EB, etorkizunean nola kokatu Euskal Herriaren etorkizuna EBren barruan, kanpoan; herri erabaki bat izan behar duen sartu edo ez...» Bigarrenik, «ezkerretik nola ulertu behar den sozialismoa, eta haren barruan nola ulertu demokrazia». Azkenik, euskararen inguruan. 400 zuzenketak 60ra murriztu dira, eta abendu amaieran bozkatuko dira. Ildo politikoari aurkeztutako zuzenketak, berriz, urtarrilaren amaieran eztabaidatuko dira. Otsailaren 23ko biltzarrean berretsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.