Ion Orzaiz.
ANALISIA

Euskarafobia, kale itsuan

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Javier Esparzak, Carlos Perez-Nievasek, Carmen Albak eta Miguel Sanzek manifestazioaren bukaeran zeuzkaten aurpegi goibelek eman zuten larunbateko deialdi euskarafoboaren benetako neurria. Ana Beltranek, berriz, izkin egin zion helmugako argazkiari, manifestazioaren erdian alde egin baitzuen —PPko komunikazio arduradunak Beltranen hutsa aitzakiatu zuen, «beste konpromiso garrantzitsu bat» zuela esanez—.

Ordurako, argi zegoen euskararen kontrako manifestazioak ez zuela antolatzaileek espero zuten arrakasta lortu. Eta ez bakarrik mobilizatutako jende kopurua iazkoa baino eskasagoa izan zelako.

Manifestazioa bukatu osteko minutuetan, antolatzaileek kontakizun ofiziala eraikitzen hasteko beharra antzeman zuten , eta berehala igo ziren agertoki gainera, bi ideia nagusi nabarmentzeko: bata, nafar gizartearen gehiengoak deialdiarekin bat egin zuela —«30.000 pertsona bildu gara gaur euskararen inposizioaren kontra, eta denak nafarrak!»—; eta bestea, manifestazio «transbertsala, plurala eta euskararen aldekoa [sic]» izan zela: «Ez gaude euskararen kontra, eta hori frogatzeko, hitz batzuk euskaraz esango ditugu segituan».

Gutxi iraun zuen antolatzaileen ikuspegi triunfalistak. Jende kopuruari dagokionez, Iruñeko Udaltzaingoak eta hainbat hedabidek eginiko zenbaketek kolokan jarri zuten bertsio ofiziala, hasierako manifestarien kopurua erdira edo heren batera murriztuta. Diario de Noticias egunkariak, esaterako, SITNA Nafarroako Lurralde Informazio Sistemaren satelite bidezko datuak erabili zituen. Horien arabera —eta metro koadro bakoitzeko batez beste 2,5 manifestari zeudela premisatzat hartuta—, 9.400 pertsona inguru batu ziren euskararen kontrako manifestaziora. Antolatzaileek emaniko kopurua egiazkoa izan balitz, metro koadroko sei lagun egon beharko lirateke Karlos III.a etorbidean.

Manipulazioak manipulazio, ezin uka daiteke 9.000 lagun jende asko dela, eta euskararen kontrako diskurtsoak jarraitzaile ugari dituela Nafarroan nahiz Nafarroatik kanpo, baina Iruñean azken hilabeteetan eginiko protesta eta mobilizazio jendetsuen testuinguruan —Altsasuko auzia, sanferminetako talde bortxaketaren epaia, pentsiodunak...—, argi dago erdibidean gelditu zela nabarrismoaren apustu handia. Hauteskundeetarako urtebete falta delarik, indar erakustaldia egin nahi zuten oposizioko indarrek, baina jokaldi bikaina zirudiena hordago ustela besterik ez da izan.

Manifestazioaren izaera eta helburua bera ere eztabaidagai izan dira azken asteetan. «Hau ez da euskararen aurkako manifestazioa», errepikatu zuten martxaren sustatzaileek behin eta berriz. Excusatio non petita. «Euskara maite dugu, baina, aitor dezagun, oso gutxi erabiltzen da, eta administrazioan lan egiteko ez da hain beharrezkoa ere, itzultzaile lanpostuak kenduta», laburbildu zuen Doble 12 elkarte eskuindarreko bozeramaile Ricardo Gelbentzuk larunbatean, oholtza gainetik.

Antolatzaileek elementu folkloriko eta kultur ondare soil gisa aurkeztu nahi izan zuten euskara, baina larunbatean kalera atera ziren gehienek ez zuten ñabardurarik onartzen: «Nafarroan espainolez hitz egiten da!» eta «Erriberan ez dugu euskara nahi, ezta ikasteko gogorik ere!», izan ziren leloetako batzuk, zeinek agerian utzi zuten manifestazioaren izaera euskarafoboa.

Hortaz, bigarren helburu hori ere ez du bete larunbateko protestak: nabarrismoak lauko gobernuaren kontrako indarrak metatu nahi zituen, euskararen auzian iritzi garbirik ez duten erdaldun elebakarrak erakarri eta oposizioaren oinarri sozialak zabaldu, baina hor ere porrot egin du. Iruñeko karriketan ikusi zena ez zen manifestazio irekia edo plurala izan, espainolismoak eta eskuin muturrak monopolizatutako protesta oldarkorra baizik: Guardia Zibilaren eta Espainiaren batasunaren aldeko leloak, lanean ziren kazetari eta argazkilari batzuen aurkako irainak, Alternatiben Herrian zeudenen kontrako oihu eta mehatxuak —salaketa jarri diote manifestari bati, argazkiak egiten ari zen herritar bati kolpeka eraso egiteagatik—.

Antolatzaileek agertu nahi zuten moderazio azalekoari uko eginik, oposizioa muturrera mugitu da. Eskuin muturrera. Eta, hortik, nekez lortuko du babes handiagoa. Jadanik argazki horretatik at gelditu nahi izan dute iazkoan parte hartu zutenetako batzuek. CCOO sindikatuak, adibidez, ez zuen deialdiarekin bat egin; eta PSNk ere pankartaren bi aldeetatik atera nahi izan zuen probetxua, askorik arriskatu gabe: manifestazioan parte hartu zuten, bai, baina fokuetatik urrun, eta Maria Txibite idazkari nagusia ez zen agertu —iazkoan parte hartu zuen—.

Agian horregatik, manifestazioaren aurrealdea Karlos III.a etorbidera iritsi zenean, ez zen poz edo garaipen keinurik igartzen Javier Esparzaren, Miguel Sanzen, Carmen Albaren eta Carlos Perez-Nievasen aurpegietan. VOX eskuin muturreko alderdiko buru Javier Ortega izan zen irribarretsu zegoen bakarra, Espainiako bandera astintzen. Ez zen gutxiagorako: haren alderdiaren muturreko planteamenduek eta espainiar nazionalismo sutsuak monopolizatu zuten deialdia. Kontrara, UPNk, PSNk eta PPk nekez lortuko dute jokaleku horretan gehiago haztea eta egungo gobernuaren alternatiba bilakatzea. Kale itsu bihurtu zaie euskarafobia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.