Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Baltsa bat ekaitz perfektuaren erdian

2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ekaitzperfektua

Sarraila lodien hotsak kartzeletan. Zuzenbide estatua deitua gogotik lanean. Kataluniako ekaitz politikoaren begi-begian, momenturen batean edo bestean askok sentitu du Joycek esaten zuen hura praktikatzeko gogoa: «Errealitatea aldatu ezin dugunez, alda dezagun hizketa-gaia». Baina ezin: errealitatea egoskorra da, momentu historikoek ez dute abisatzen noiz datozen: errealitate gordina aldatzen ari da Katalunia, aldatzen ari da Estatua eta Europa; eragin egin dio Euskal Herriari ere. Ez dakigu nola eta norantz, zein sakonerarekin, zer-nolako ondorioekin, baina hizketa-gaiarekin segituko dugu luzaz: hainbat gertakari historikoren kointzidentziak eta kolore askotariko hainbat baldarkeria politikoren haize beltzak ekarri duten ekaitz perfektua ez da arrastorik utzi gabe atertuko.

Kataluniako krisiaz ari zela, Jean-Claude Junckerrek, Europar Batzordeko presidenteak, oso modu pedagogikoan —abisu gisa, alegia— defendatu zuen estatuen Europa. Lehendabizi, neutraltasun planta egin zuen: «Espainiarrei dagokie arazoa zuzentzea». Segidan, marra gorria seinalatu zuen: «Ez litzaidake gustatuko 98 kideko Europa bat». Azkenik, sekuentziaren errematea eman zuen: «Kontrola galduko genuke». Kontrol horren jabetzan Espainia dago, ez Katalunia; estatuen Europa dago, ez herriena. Ezin baztertu maltzurkeriarako aukera: Juncker Luxenburgotik da Europako parlamentari. Luxenburgok milioi-erdi biztanle ditu eta 1867an lortu zuen independentzia (Herbehereetatik askatu zen). Zergatik Luxenburgo bai eta, adibidez, Katalunia ez? Kazetariren batek galdetu beharko lioke.

Estatuen Europa ala herrien Europa, debateak ez du kuku besterik egin, eta kazetariren batek galdetu beharko lioke Junckerri beste hau ere: Estatuen Europak nola kudeatuko ditu herrien eskubideak, Europako estatu bakoitzak bere lurraldeko herriekin egin ez duena?

Saramagoren Harrizko baltsa nobelan Iberia penintsulak Europatik askatzea lortu eta bere bide propioa hasi du, bakarti, ozeanoetan zehar. Katalunian gauza bertsua gauzatu ez bada ere, momenturen batean denok irudikatu dugu Katalunia —zeinek beldurrez, zeinek esperantzaz, zeinek bi-biak txandakatuz— Espainiatik askatu den baltsa baten gisa. Atzo arte, irudi hori kimera bat zen; gaur, zigorrak zigor (eta, agian, horrexek indartuta), atzo baino gertagarriago ikusten da, eta Junckerrek dioenean ez litzaiokela gustatuko 98 kideko Europa bat, horizontean halako aukera baten aldeko lehia posible ikusten duelako da. Hori, behintzat, aldatu egin da gure irudimenean ere: posibletasuna. Posible ikusten dena beti dago hurbilago.

Oraintsu arte sinesgaitza zen Estatuko parlamenturen batean independentziaz jardutea. Orain, ordea, mintzatu egin dira, debatearen arragoan jarri dute arazoa. Eta, baldarkeriak baldarkeria, bozkatu egin dute. Saramagoren harrizko baltsa bere bidea egiten hasten den momentuan, pertsonaia batek dio: «Edozeinek bereizten ditu aio! bat eta gero arte! bat, eta nik aio! bat ikusi dut garbi». Une honetan Estatua, errepresioaren bidetik, garaile atera dela ematen du, baina agian Kataluniaren aio! baten bezpera da…

(Apunte bat bide nabarreko kantoitik: baltsa almadia gisa darabilt ere, baina gogotik kendu gabe hitzak komunitatea esan nahi duela euskarazko lehen adieran).

Beldule daukat,beldule

Ekaitz perfektuak beldurraren laino beltz asko haizatu du egunotan. Junckerrek eta estatuen Europak 98 herriz osatutako Europa bat dute kezka. Baina Junckerren-eta beldurra ez da, noski, bere identitatea gaurko Europan ordezkatua sentitzen ez duen europar askoren beldurra, batez ereindependentziaren aldeko pausoa garbi duten hiritarrena. Epe jakin batean etorkizun beltza eta segurtasunik gabea izango dutela jakinagatik ere, aurrera egin nahi dute gizarte lasaia, hedonista, aberatsa, segurua atzean uzteko arrisku guztiarekin; diruaren logikaren kontra eta halako neurriko gatazka politiko batek ekar dezakeen urteetako sakrifizioarekin; kanpoko babesik gabe; Estatuaren makinaria zigortzailea atzetik dutela; gizartea bitan zatituta eta apustuaren kontrako arerioak etxean izanda...

Zoro-talde baten abentura bururik gabea da ala belaunaldiz belaunaldi amestutako epifania? XIX. mendeko jendea ari da XXI. mendea endredatzen ala XXI. mendeko jendea da mundu justuago baten bila aurreko mendeek ukatutakoa erreibindikatuz?

Bitartean, egoeraren ondorioetako bat bizitzen ari gara: beldur klase zahar bat inoiz guztiz desagertu ez dena. Monterrosoren mikro-ipuin ezagunak ondo ilustratzen du: «Esnatu zenean, dinosauroa artean bertan zen». Estatuek beren nazionalismoa dute —inperialismoa, zehatzago esanda— nazionalismo periferikoen kontra egiteko makina tzar eraginkorrena.

Zuzenbidea okerbidetik

Zuzenbidea okerbidetik. Egunotan aditu askok salatu du zuzenbide estatuaren urraketa. Baina benetako zuzenbide estatu bat ez da izaki abstraktu bat: eguneroko praktika politikoan gauzatzen da. Konstituzioa zein baldintzatan onartu zen eta antzeko debate aspaldikoetara jo gabe ere: aditu horiek salatu beharko lukete Espainiako zuzenbide estatuak urteari urte sufritu dituen urraketa eta erosioa agintarien eskutik, demokraziaren markoa zaintzea ardura nagusia dutenen aldetik. GALen garaian, Iraken gerran parte hartzea erabaki zutenean, torturen auzian eta torturatzaileen inpunitatean, botere judiziala nahi erara manipulatuz eta hiru botereen independentzia gustu txarreko txiste txar bat bihurtuz, diru publikoen arpilatze eskandalagarriaren praktika sistemikoa praktikatuz, boterearen korridoreetan egindako delituak ehunka eta ehunka aforamenduekin blindatuz, indultu lotsagarriak erabakiz, horren guztiaren aurrean beste aldera begiratuz...

Deskalabru demokratiko horiek guztiak, eta aipa daitezkeen gehiago, zuzenbide estatua defendatu behar zutenen eskutik etorriak dira, zuzenbide estatua defendatu behar zutenak dira zuzenbide estatua mesfidantza totalaren plaza bihurtu dutenak.

Zuzenbide estatu deitua ari da jartzen sarraila lodiak kartzeletan, gogotik —justizia-egarriz bainoago, mendeku-gosez— ari da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.