Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Inoiz idatziko ez dudan nobela baten albiste

2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urte oro da aurten.

Euskara batuak berrogeita hamar urte egingo ditu ekainean. Euskaltzaindia sortu zutela, ehun urte. Mendeurrenak, berrogeita hamar urte, hamarkadak... Zenbaki biribilak ospatzen ditugu. Ziklo itxietan, muga behartuetan, ospakizun markatuetan organizatzen eta antolatzen dugu gure memoria historikoa: oroitzapen historikoen berritze sinbolikoak toki gutxi du halako itxituretatik kanpo. Zergatik 100 zenbakiak ospe gehiago du, demagun, 130ak baino?

Inoiz idatziko ez dudan erdi nobela erdi saioak xarmarik gabeko zenbaki horixe—orain ehun eta hogeita hamar urteko data— du abiapuntu. Urte mugarritzat dauka narratzaileak: Bizkaiko Aldundiak euskararen katedra sortu zuen 1888ko hartan, eta balizko nobelaren lehendabiziko orrialdeek Resurreccion Maria Azkue apaiztu berriak gotzainari egindako bisita bat dute kontakizun: nobelaren lehen eszena horretan Azkue oposaketan parte hartzeko baimena eskatzen ari zaio Elizbarrutiko buruzagiari. Mariano Miguel Gómez gotzainak ondo ezagutzen du apaiz gaztearen espediente akademiko aparta, baina ez du ikusten Azkuek euskararen katedra irabazteak zer onura ekarriko liokeen Elizari.

—Apaiztu berri batek beste kezka goitiarragoak behar lituzke—, esan dio Gotzainak Azkueri, ia kontu eske.

Apaiz gaztearen bekokia zimurtu da; gogoa, aldiz, ilundu. Euskararen kezka eta, oro har, jakintzarena, ez da goitiarra?, pentsatu du Azkuek. Gasteizko gotzain izateaz gainera, Mariano Miguel Gómez bada senatorea ere Madrilen, eta kontu ezaguna da euskara oso urruti geratzen zaiola... senatore lana bikainagoa da nonbait eliztarren mintzoa ontzen saiatzea baino...

Azkuek, ordea, beretzat gorde ditu arrapaladan etorri zaizkion aieruak: obedientzia zor dio gotzainari, amen egin dio nagusiaren aginduari. Abailduta irten da gotzaindegitik: elizak aspalditik du lotura estua euskararekin, horren lekuko fidela da «euskaldun fededun» esamoldea, Azkuek bi hitz horixek zituen buruan katedrarako deialdia iragarri ziotenean...

Arratsalde hartan bertan gotzainak Azkueren bisita aipatu die bere hurbilenekoei: kapritxotzat dauka apaiz gaztearen eskabidea. Espero ez zuen moduan alarmatu zaizkio, ordea, aholkulariak: inportantea omen Azkuek oposaketan parte hartzea eta hanka-sartze latza katedra Unamunoren edo Arana-Goiriren esku uztea: sozialistengandik hurbil dabilen gazte bulartsu bat dela Unamuno; Arana-Goiri, aldiz, karlismotik euskal aberria aldarrikatzera pasatu den aktibista sutsu bat. Katedraren jabe egiten denak pagotxa sinboliko inportantea lortuko omen luke elizaren ordu arteko ikuspegi integrista eta monarkikoaren ortu hegemonikoan.

Azeri baten senaz ulertu ditu gotzainak aholkularien argumentuak: katedra bat baino zerbait gehiago dago jokoan. Biharamunean, Azkueri deitzen dio: aurkezteko bere burua oposaketan; ez dela baimen hutsa, agindua baizik. Azkuek ez dio ezer entzun aldaketaren zergatiaz, gotzainak ez dio esan pieza inportantea izatea tokatu zaiola oilartzen hasita dauden bi korronte politiko berrien aurrean eta «euskaldun fededun» gotorlekuaren defentsan.

Suizidio kolektiboa Abendatsen.

Azkuek 1888ko oposaketa irabazi eta hamahiru urtera —1901ean, lustrerik gabeko beste data batean— Unamunok euskararen bazterrak zopizartu zituen eta eskandalu sekulako baten hautsak harrotu Lore Jokoen plaza sinbolikoan bota zituenekin:

Mariano Miguel Gómez «Euskarak ezin du bizitza modernora egokitu [...] Bilbo euskaraz entzutea kontraesan bat da [...] Euskara bukatzen ari da [...] Lurpera dezagun euskara modu santuan [...]».

Espainiak neurri latzenekin ere lortu ez zuena —euskararen desagerpena— bideratu nahi zuen Unamunok formula behin betiko batekin: suizidio kolektiboa eskatu zigun euskaldunoi. Gure lepoak bihurritu eta euskaldun egiten gaituen mintzoa—Salbatore Mitxelenak abendats gisa bataiatutako eusko abendaren arnasa— ito behar omen genuen gure eztarrietan.

Zerk eragin zuen Unamunoren aldaketa? Egia ote da mingain askok dioena, egia al da Unamunoren ego sekulakoak ez zuela irentsi Bilboko Euskararen Katedra ez irabazi izana? Euskarari suizidioa eskatzerainokoa al du porrotak eragin zion gorrotoa? Inoiz idatziko ez dudan nobelak Freuden teoria jaio berria baliatuko luke Unamunoren jarrera ulertzeko, horixe asmoa, baina nobelak arakatuko lituzke bere buruarekin ustedka mintzatzen omen zenaren inguruko beste heste batzuk ere: sozialismo jaio berriaren eta ideia kosmopoliten arteko lotura; darwinismoaren logika, hizkuntza ahulenei egokitua; utilitarismorik kapitalistenaren filosofia, zeinak aholkatzen baitu progresu-zale batek bazterrean utzi behar dituela ahuldade eta atzera-karga guztiak, ideia haustuak, historiaren laiotzetan hormatutako molde eta pentsamendu identitario desfasatuak, errentagarritasunik gabeko hizkuntzak; horra hor 98ko belaunaldi espainiarrak praktikatutako gaztelaniaren gorazarre hanpatua ere, Filipinak eta Kuba galdu izanaren mina arintzeko; euskal munduko klerikalismoak eta aranismoak Unamunori eragiten zioten atzerakoa ere ez da muntarik gabea...

Gerra aurretik eta gerra ostean euskaldunen artean sortutako Unamunoren kontrako diatriben ugaritasuna ere kontatutako luke nobelak, eta narratzaileak horrelako zerbaitekin laburbilduko luke idazle bilbotarraren hitzek eragin zuten haserrea: «Unamunok mindutakoen antologia oparo baterako lain dago gerra aurreko eta gerra osteko euskal poema eta testuetan».

Batuaren hausturak. Aurten efemeride biribilak ospatzen ditu euskarak: berrogeita hamar urte beteko ditu batuak eta ehun urte Oñatiko Kongresuan jarritako batuaren lehen harriak. Aranismo linguistikoak, herriaren erabilerari bizkarra erakusten zion mustrokoteak, porrot egin zuen bi efemerideotan, baina ez euskararen eremua lazki gaiztotu gabe.

Handik gatoz, eta handik gatozela dioten arrastoak bilatzen eta zehazten ere ahalegindu beharko luke inoiz idatziko ez dudan nobelak. Eta, bide batez, irakurleak galdera isil bat entzungo luke ozen-ozen esan gabeko letren artean eta in absentia gisa: ubi restat elizak 1888tik gaur arte galdutako hegemonia euskararen alor guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.