HIRUKO (H)ITZA

Frankenstein edo izuen labirintoa

EIDER EIBAR

Anjel Lertxundi -

2018ko apirilak 1
Orri artean izu

Aurten «Frankenstein» nobelaren berrehun urtegarrena baita, urtearen hasieran, Errege egunarekin, berripaper honek erreportaje bat oparitu zigun Mary Shelleyren liburu gogoangarriaz. Itziar Ugarte Irizar kazetariak idatzia, lanak «Mitoak egin du munstroa» du izenburu, sarean dago. «Zientzia fikzioa, gotikoa eta erromantizismoa gurutzatu, eta bizitzaren sorrera eta suntsipenaren gaiak hartu zituen langai Shelleyk. Victor Frankenstein protagonistak, izaki beldurgarri bat sortu, eta berehala arbuiatuko du, bientzako ezbeharra eraginez», laburbiltzen du Ugartek Shelleyren nobela.

Nobelaren titulutik beretik («Frankenstein: or, The Modern Prometheus») Shelleyk garbi aitortu zuen bere nobelak Prometeoren mitoa, Jainkoei suaren sekretua lapurtu zien heroiarena, duela inspirazio-iturri. Halaber, iraganeko obrekin denok dugun zorra ere argiro esplikatzen du nobelaren hitzaurrean: «Guztiak behar du hasiera bat [...], eta hasiera horrek loturaren bat behar du bere aurreko zerbaitekin [...] Sorkuntza, apaltasunez esan beharra dago, ez da hutsetik asmatzea, kaosetik baino».

Kaosetik, beraz: Victor Frankenstein doktoreak ere, munstroaren egileak, ez al zuen bere kreatura sortu hainbat hilobi, morge eta urkamenditako kaosean arpilatutako hilotz-zatiekin?

Munstroa sortu zuen doktorearena da Frankenstein deitura, baina, urteetan zehar, mirari semiotiko halako bat gertatu zaio Frankenstein deiturari Shelleyren nobela kontatu duten filmei eta komiki ugarien eraginez: gaur egun jende askok uste du munstroaren deitura dela Frankenstein, eta ez munstroaren sortzailearena; jende askok ez daki Victor Frankenstein doktoreak munduratutako gizakote errukarriak ez duela izenik liburu osoan (izaki deitzen zaio hasieran; munstroa, aldiz nobelaren erditik aurrera).

Itziar Ugarte Irizarren erreportajea txukun-txukun erauzi egunkaritik eta Iñigo Errastik egindako itzulpenaren orri artean gorde nuen, pentsaturik agian neuri ere etorriko zitzaidala liburua berriro zabaldu eta gaiaren inguruan jarduteko egokieraren bat. Uste baino lasterrago gertatu zait, amaitu berri den martxoak bi motibo deigarri ekarri dizkit bidera. Shelleyreren nobelara itzularazi ninduen lehen motiboa martxoaren 8ko grebaren arrakasta izan da eta, arrakastarekin, gizonoi eskatzen zaigun begirada- eta jarrera-aldaketa. Liburua zabaldu eta laster topatu nuen, azpimarratuta eta Victor Frankesteinen hitzetan, grebak gizakumeoi eskatzen zigun autokritika: «Gizonok, itsu, ezin ikus ditzakegu emakume baten arreta kezkatsua erakartzen duten mila zertzelada txiki».

Facebook-eko eskandalua izan dut Shelleyren liburua zabaltzeko bigarren motiboa. Sare sozialaren bitartez bideratutako manipulazioaren handiak durduzatuta utzi gaitu, garbi ikusi baitugu sarearen kontrolarekin nola baldintza daitekeen humanitate osoaren etorkizuna. Izaki sortu berriak Victor Frankenstein doktorearen kontra botatako oihu lazgarri bera etorri zaigu Facebook-en erraietatik: «Madarikatua, nire sortzaile madarikatua!».

Amatasunean izu

Sorkuntza da artearen eremua, baina fikzioa ez den sorkuntza asko dago fikziotik honanzko munduan ere. Ororen gainetik, bat, nagusia, ederrena: bizitzarena. Mary jaio eta hamar egunetara hil zitzaion ama, feminismoaren aitzindaritzat jo izan den emakumea. Maryk, bestalde, hamazazpi urte zituen lehen haurra galdu zuenean eta hemezortzi Frankenstein idazten hasi zenean. Bi amatasun tragiko batetik, tragediara daraman sorkuntza zientifiko bati buruzko nobela kitzikagarri bat bestetik. Nobelan zehar araka daiteke bi sortze-lanen arteko paralelismorik? Nabarmena da baietz. Jaio berritan, ama galdu zuen alabak; erditu berritan, alaba galdu zuen amak. Handia behar zuen horrek utzitako (errudun?) zama hemezortzi urteko neskaren erraietan. Beldur asko ditu amatasunak, sortu berri duen kreaturari gertatzen zaion zernahiren errudun sentitzerainokoak. Testuan bada horren arrasto nabarmenik, liburuak beste galga bat lortzen du talaia horretatik irakurrita.

Mary Shelley lustre handiko gizasemez inguratuta bizi zen, gizasemeak dira bere nobelako protagonistak, eta bertan agertzen diren emakume guzti-guztiek emakumeen rol tradizionalak dituzte. Hautamena ez da, ordea, xaloa: Frankenstein doktorea kreatura baten sortzailea da, bai, baina aita da, ez ama. Sor dezake, baina ez ditu ama batek bezala sufrituko berak sortutakoak biziko dituen kontingentziak eta mundualdia. Munstro bat sortu izanak izu-laborria eragiten dio doktoreari, baina arbuiatu egiten du bere kreatura, deitoratu, hilda ikusi nahi luke, ahal balu bere atzaparrekin itoko luke.

Aita da Frankenstein doktorea, ez ama, horra alde itzel egundokoa: sortu duen kreatura ez du erraietakoa.

Zientziaren aurrean izu

Bertol Brechten Galileoren bizitza antzerki lanean zientzialariengatik egindako iragarpen bat, nahiko aktuala, entzuten da: «Zuen eta gizateriaren artean oso amildegi sakona ireki daiteke eta, egunen batean, gerta daiteke zuen eureka bakoitzari oinaze unibertsaletik sortutako oihu batek erantzutea». Gero eta ezagutza gehiago metatzen ari da zientzia, hori du egitekoa; eta ikertzeko eta jakiteko daukana (ia) mugagabea baita, aurrera segituko du, gure bizi-itxaropena luzatuz eta luzatuz. Zein baldintzatan, ordea? Zientzia aurrera eta aurrera egiten ari da, arrazoi humanistengatik omen, baina sarritan modu deshumanizatu batez: bizia luzatzeko ahaleginak giza duintasuna arriskuan jartzeraino eragiten du gero eta gehiago.

Horra zientziaren alor gehienek —ez esateagatik guztiek— barreiatzen duten izu gainetik kendu ezina: zientziaren aplikazioek non dute muga?

Facebooken gertatuak —politika eta gizartea baldintzatzeko sare sozialen indarrak—, etorkizunarenganako izua areagotu du: Orwellen Anaia Handia ziklope algoritmiko bat bihurtu da, eta algoritmo horiek gutxi batzuen eskuetan daude, inteligentzia artifizialen kontrola ere halaxe. Robotek egingo omen dute gure lana, baina guk, lanik gabe, nola ordainduko dugu robotek egindakoa ez bada sumisio totalaren ordainetan?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna