Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Loratze baten zehaztasuna

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'La consagraciónde la primavera'



Zuzendaria: Fernando Franco. Aktoreak: Valeria Sorolla, Telmo Irureta, Emma Suarez.Herrialdeak: Espainia, Euskal Herria. Iraupena: 110 minutu.

Begirada bakoitzak, aurpegiko keinu eta mugimendu bakoitzak erakusten du Lauraren (Valeria Sorolla) eta festa giroan bere inguruan ibiltzen diren mutilen arteko tarte zuhurra. «Lotsatia naiz», esaten dienean, ikusleak sumatzen du zer beldur, zalantza eta desio egon daitezkeen horren azpian. Madrilen unibertsitate ikasketak hasten dituenean hasiko da horietan guztietan arreta ipintzen, bere tokia aurkitzen.

Laurak eta Davidek (Telmo Irureta), garuneko paralisia duen gazte batek, kasualitatez —zauri baten harira— topo egiten dutenean, filma hautsi egiten da: Daviden aurreneko planoak dira gainontzean Laurak betetzen dituen plano guztien kontraplano bakarrak. Alegia, kamera batetik bestera —dotore— mugitu arren, plano guzti-guztiek aurkitzen dute protagonistaren gorputza uneren batean, orduan izan ezik.

Fernando Francok zehatz planifikatu du filma, eta estilo bereizgarri batekin lotu ditu protagonista eta haren inguruko elementuak, mugimenduen eta fokuratzearen bidez. Adierazgarria da nola irudirik gabe —beltzean— eman dituen Laurak narrazioko erabaki nagusiak hartzen dituen uneak. Soilik beharrezko informazioa emanda, gidoi biribil bat sortu dute —esan liteke biribilegia dela? Elkarrizketa batzuen zehaztasuna harrigarria da—.

Egon zitekeen tarte luzeago bat pertsonaien desiretan sakontzeko, baina Francok irudien eta keinuen esku uzten du hori erabat. Ez dago nabarmenkeriarik, ezta alferrikako unerik ere, eta bukatu behar duen une zehatzean bukatzen da. Sorollak gaitasun handia du izaera konplexu bat adierazteko keinuen bidez, eta Iruretak trebezia handia umorerako; bete-betean asmatzen du erantzun bakoitzarekin.

Bazterreko gaiak eta barne zalantzak krudelkeriaz lantzeko joera orokortu samartua dagoen garaiotan, estimatzekoa da Francoren zinemak humanismora egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.