Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Katalunia Sakonetan

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Larderia.

Gai beraren inguruko hiru hitz edo espresioen bueltan ibiliko naiz, hilero, Hiruko(h)itza deitu diodan iritzi-sail honetan. Katalanek erreferendumaren data ezagutu aurretik erabaki genuen gaurko egunarekin hasiko nintzela. Kasualitateak ekarri du kointzidentzia, eta kointzidentziak ia derrigor dakar Kataluniaz hitz egitera.

«Hitz egiten den bitartean posible omen da gerrak saihestea. Nik ez dut sinesten. Hitz eginez posible da haserretzea, gorrotoa sustatzea, dio Herta Müllerrek. Hitzek berdin balio dute gatazka bat sortzeko eta konpontzeko». Solaskideetako batek eztabaidagaiaren zartagina eta sua, olioa eta jakiak eskutik baldin badauzka, eta beste solaskideak zartaginaren jabetzaz eztabaidatu nahi badu?

Azken egunotan Katalunian zer gertatu den jakin gabe ari naiz idazten, are gutxiago dakit gaurko egunak zer ekarriko duen. Baina Katalunian gertatzen ari denaz jarduteko asko laguntzen dit zartaginaren jabeak beti erakutsi izan duen larderiaz —prepotentziaz— mintzatzea. Larderiaren adiera eta ertz desberdinen baturak —beldur-ereintza, intimidazioa, mehatxua, autoritarismoa, nagusikeria…— asko laguntzen du, historian zehar bezala azken aldi luzean ere, Estatuak —zartaginaren jabeak— Kataluniarekin izan duen jarrera zehazteko orduan. Estatuak beti jokatu du larderiaz bere baitako nazioekin: izatez, ez ditu, nazio hitzetik beretik hasita, behin ere onartu, eta autonomia bera ere purrustaka onartzen/toleratzen du; goitik behera begiratu die nazio historikoei, autoritarismoa praktikatu du berekin; gehiengoaren alper-harria paseatu du Estatuko lurretan, gutxiengoen eskubideak birrinduz lur-mokorrak bailiran. Eta nazioek beren ahotsa entzunarazi nahi izan dutenean, beldur-ereintza eta mehatxua praktikatu ditu Estatuak. Larderiak larkeria dakar; prepotentziak, gehiegikeria. Eskarmentuz dakigu.

Asko idatzi da katalan agintariak azken boladan jarraitzen ari diren politika ez ote den amildegiaren ertzeko abentura bat, burugabekeria. Ez al dituen kalte ekonomiko handiak eta gizartearen zatiketa ekarriko. Suizidio kolektiboa ere aipatu da. Horretan, beldurra zentrifugatzeko ahaleginean, zentratu da Estatuaren eta abentura salatzen duten askoren kalamatika nagusia, baina ia beti zentroan dagoen usteletan ustelenaz hitz egitea saihestuz: Espainia ustez monolitikoaren oin buztinezkoez.

Bihartik aurrera Estatua eta Katalunia derrigortuak omen daude hitz egitera. Larderiatik, beti bezala? Nolanahi ere, eta bihartik aurrera gertatzen dena gertatzen dela: gauzak ez dira gaur arte izan diren bezalakoak izango.

Trenen talka.

Mundua ze martxa hartzen ari zen ikusita, Günter Grassek idatzi zuen: «inork gidatu ezin duen tren batean ez dut nahi mundualdia egin». Halako zerbait pentsatu du katalan herriko parte handi batek Espainiako trenaz ere, eta helburua dute tren horretatik jaitsi eta katalanak berak izatea beren tren propioa abiaraziko dutenak. Bazekiten horrek zer ekarriko zuen: bi dira trenak trenbide berean baina elkarren kontrako norabidean, gero eta azkarrago, gero eta biziago, egoeraren gero eta kontrol gutxiagorekin. Talkaren eguna da gaur, baina bi trenen makinistei ez zaie talkak eragingo duen deskalabruaren izurik ikusi. Hi bizkor, ni bizkorrago, trenetako galdarak lehertu arte.

Rajoy, larderiaren treneko makinista, oso seguru egon da orain arte, alfer nagi, trena martxan ere jarri gabe, beste treneko makinista berez geldituko zen ustean Konstituzioaren mehatxuak eta alarmatxistuak entzun orduko. Politikari abilaren fama du Rajoyk: petril batean eseri eta zain egoten da noiz ikusiko aldian aldiko bere etsairen baten hilkutxa bere aurretik pasatzen. Hori du abildade nagusia. Orain agintari katalanena zen txanda, eta Rajoyk pretilean segitu du. Ez zuen kalkulatzen arerioek martxan jarriko zutenik beren trena. Jarri dute eta ez da entzun etsiko duten abisurik. Rajoyri Buster Keatonena bezalako aurpegi ximela jarri zaio. Presaka eta inprobisatuz erreakzionatu du, oso gaizki kalkulatuko neurriak hartuz bere betiko pretila abandonatu gabe.

Geldituko dira bi trenak geltokiren batean, jaitsiko dira bi makinistak karajillo bana hartzera bertako kantinan? Zertaz mintzatzeko?

Ahari bi elkar jotzen sentitu dituenari ez zaio sekula ahazten talken hots gogorra, sendoa, lehorra.

Sakoneta.

«Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari ostia pare bat», dio Xabier Mendiguren Elizegiren Sakoneta izeneko nobelaren hasierak. Zumaia eta Deba artean, labarretik oso hurbil dagoen toki eder eta nahiko ezezaguna da Sakoneta. Misterioa du tokiak, amildegitik hurbil dago. Halakoak izan ohi dira hiritik, zentrotik, metropoliatik ikusten diren toki sakon ezezagunak: exzentrikoak (zentrotik kanpo geratzen direnak) eta ezezagunak (errezeloz begiratzen zaienak). Zentrotik, zilborretik aparte ikusten dira Gipuzkoa profunda edo Euskadi profunda bezalako espresioak. Sakonetak dira, sakonean —zentrotik at— dauden lurraldeak. Aparte daude, urruti. Hic sunt leones (hemen lehoiak daude) idazten zuten erromatarrek beren mapetan menderatuak ez zituzten lurraldeak markatzeko.

Egunotan oso maiz ikusi dugu Cataluña profunda espresioa Espainiako hedabideetan, eta beti Bartzelona eta gune urbano modernokosmopolitak Kataluniako barrualde sakonarekin kontrajartzeko. Handik omen datoz independentismoaren trena eta talka; han omen dago independentismoaren baratzea; atzerapen ideologikoak, sozialak, kulturalak han elikatzen omen dute elkar... Hori guztia adierazten digute, estigmaren karga eta guzti, Cataluña profunda esaten dutenean. Eta, kasualitatetik gutxi du, bertan katalana da nagusi eta ez gaztelania.

Metropolian egiten ez den hizkuntza bat entzuten da lurralde sakon batean, eta hizkuntza horren erabilerak determinatuko luke lurralde horren sakon izaera. Ederra da, zeren hori hala bada, bertako hizkuntzaren erabilerak egiten du lurraldea sakon. Ez dakite zertan ari diren: oharkabean —beren asmoen guztiz kontra— identitatearen muina seinalatzen dute Cataluña profunda dioten aldiro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.