Albistea entzun

LAUHAZKA

'Esnalo'

MAITE LARBURU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Larburu -

2018ko otsailak 25

Ezer ez. Ezerezean igeri ibili, edo igeri ibili ez. Ibili ez, igeri ez, ez-ez. Hutsa.

Huts hori iluna ala argitsua den ez dakit. Zer gertatzen den ere ez dakit. Dakidan gauza bakarra da dena eta denak uzten ditudala, horra joateko. Ezerezera. Lotara.

Lo hartu aurretiko segundo, milesima horretan, oraindik ere, buruko brum brum-a martxan darabilkit. Ardura hau, beste hura, gaur arratsaldean esan dudan esaldi bikain horrek nire nagusiarengan sortu duen efektua, itsatsirik dudan kantuaren oihartzuna. Lo hartu aurretiko milesima horretan, oraindik ere, ni, ni naiz. Emakume bat, Maite izena duena, Hernanin jaioa, musikaria, kantu sortzailea, alaia-letxe txarduna-insegurua-segurua-harroa-umila, 38 urte dituena, lau ile zuri eta erdi orrazten dituena, alaba, ahizpa, emaztea, laguna. Baina milesima hori pasa eta loak hartzen nauenean, ez dakit nor naizen jada. Ez naiz. Lo nago. Maite ez dago etxean. Ezta ilargirik, izarrik, eguzkirik, gurasorik, lagunik ere.

Liluragarria egiten zait loaren efektu hori.

Badut, memorian iltzaturik, Amsterdamdik Hagara trenean lo hartu nueneko txango bat. Ez naiz garraio publikoan lo erraz hartzen duenetakoa, agian horrexegatik dut gogoan; eta bolada oso txarra pasatzen ari nintzelako. Buruko tiobiboa geratu ezinean. Oso-oso nekaturik. Entsegu batera bidean. Bat-batean... bum! Seko harrapatu ninduen loak. Baldin banengoen, jada ez nengoen. Baldin banintzen, jada ez nintzen. Trena eta trenbidea sostengatzen zituen mundua kolpetik desagertu zen. Paf! Zero!

Ziurrenik ez ziren bi edo hiru minutu baino gehiago pasatu. Baina esnatutakoan, berriturik sentitu nintzen. Ekaitzaren ondorengo goizeko itsaso bare-barea.

Lo sakonak baino ezin zaitu horrela freskatu. Ametsik gabeko lo-fase horrek. Reset bat. Jaiotza berri bat. Beste aukera bat?

Kontua da misterio ikaragarria duela loak. Zer gertatzen den zehazki jakin gabe uzten gaitu; baita zientzialariak ere.

Maitale maitaletsuenek ere elkarren besoetan lo hartuagatik, elkar uzten dute lotara joateko. Bakarrik abiatzen dira, bakarrik bertan egon ondoren, bakarrik bueltatzeko. Nondik, nora, nola galderak erantzunik gabe geratzen diren arropa zabar barreiatuak dira.

Lo egiten nola ikasi dugu? Amaren sabelean ere lo egiten dugu. Lotik oso gertu dagoen egoera edota dimentsio batetik etorri berriak garelako?

Haur jaioberriari begiratzen badiozu, lo sakon-sakon dagoenean, bakea igartzen zaio. Edonori, egia esan.

Gauza erabat aldatzen da ametsetan ari den norbaiti so egiten badiozu. Pentsamenduetan harrapaturiko Homo sapiens-en baten antza hartzen du. Hitzontzikeria isilaren garun zuloan galduta dago.

Zertara dator loaren inguruko berriketa hau, pentsatuko duzu. Bada, egia esan, ez dakit. Baina goizean, esnatzerakoan, urruti-urrutitik etorri eta begia irekitzeko ahalmena berreskuratu dudanean, ongi lo egin dudala konturatu naiz. Eta sumatu dut oraindik ere Maiteren gorputz barruan esnatu naizela, eta Maite nor den gogoratu dut, nire adina, nire lau ile eta erdi zuriak non dauden, albokoa ere arnasa hartzen ari dela baieztatu dut, eguzki printz ttiki bat pertsianatik sartzen ikusita, «a bai, hori eguzkia da», errekonozitu dut, zakur baten zaunka ezagutu du nire belarriak, bihotzaren taupada ere nire bezala hartu dut... eta hala, buruko garbigailua martxan jarri zait. Bla, bla, bla eta bla. Pentsamendu batzuk gustatu zaizkit, beste batzuk ez. Bat-batean, ez dut eguzkia gehiago ikusi, pentsamenduak besterik ez. Sumatzeari utzi diot, pentsamenduak nire buru barruan haien kasara mugitzen hasi diren bitartean: nire jokabidearen arduradun bihurtu dira. Inguratzen nauena ilundu egin da: «Egun on, beste pentsamendudun ostegun hori!».

Gizarte honek pentsamenduenganako erlijio bat sortu du, eta pentsamenduetan oinarritzen da; etengabeko neurketa, alderaketa, hautaketa, lehenaldi eta etorkizunaren interpretazio geldiezin batean dugun fede eztabaidaezinean.

Baina non daude pentsamendu horiek lo gaudenean?

Lo gaudela, ez al gara, bada? Nola gara?

Ez dakigu.

Piperrik ere ez dakigu. Eta ez dugu ezertxo ere ulertzen. Eta hala ere, gauza ikusezin batzuetan itsu-itsuan sinesten dugu (pentsamenduetan esaterako), besteetan (nondik gatozen, nora goazen, espiritualitatean) batere sinesten ez dugun bitartean.

Budistek diote pentsamenduak direla sufrikario eta arazo guztien iturri. Pentsamenduetan ez sinesteak izatearen orainera ekartzen zaituela. Bakera. Lo zaudenean bezalaxe.

Ez ote gaude lo gaudenean egun argiz pentsamenduetan harrapaturik gaudenean baino esnago?

Lo gaudenean esna.

Esna gaudenean lo.

Ez lo eta ez esna: esnalo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen. ©Miguel A. Cordoba / EFE

Euskal filmek zortzi sari jaso dituzte Goya sarietan

Paulo Ostolaza

Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.

1 ©ALEMANIAKO ARTXIBO FEDERALAK / EZEZAGUNA

Goeringen artekaria gure artean

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Bigarren Mundu Gerra garai oparoa izan zen naziek espoliatutako artelanen negozioan sartzeko prest zeudenentzat. Horietako bat izan zen Alois Miedl enpresaria. Artelan ugari pasarazi zituen Euskal Herritik barrena, Espainiako eta Portugalgo merkatuetara bidean. Hainbat euskal herritar izan zituen laguntzaile horretan.

Sarah Mary Chadwick abeslari eta pianista. ©BERRIA

Minari amaiera emateko biluztea

Mikel Lizarralde

Bi heriotza, harreman baten haustura eta suizidio saiakera bat. Mina eta samina dario Sarah Mary Chadwick musikariak azken bi urteetan ondu duen trilogiari. 'Me and Ennui Are Friends, Baby' du azken alea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna