Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Lauaxeta vs Lorca

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ez gaitezen engaina, hobe dugu, Federico Garcia Lorcak ez zion erantzun Lauaxetak gutun bidez, Torrontegi hotela, 1935eko urtarrilaren 21a, egin zion zita eskaerari segur aski Lorcarendako euskaraz idazten zuen poeta batek batere interesik ez zuelako, Lorcak modernoa izatea baitzuen afana, eta euskara ez zen modernoa 1935. urtean, industria iraultzarik ez izateak atzean utzi zuen Espainia hartan.

Gogoeta Iñigo Astizek etxe honetan Ele! Lorca-Lauaxeta Hezurbeltza taldeak proiektuaren harira egindako artikuluak sorrarazi dit. Jon Maiak, Gorka Hermosak eta Jesus Prietok sorturiko ikuskizunak Estepan Urkiagak Federico Garcia Lorcari bidalitako gutun hori du abiapuntu. Nik ez dut ikuskizunaren kritika egin nahi idazki honetan, ez baitut ikusi; iruditzen zait flamenkoa eta bertsolaritza, dantza eta bailea, akordeoia eta gitarra nahasten dituen ikuskizunak erronkaren eitea izan dezakeela, gutxienez, eta, hartara interesgarria suertatu; ez, nik Lorcak Lauaxetari erantzun ez izana aztertu nahi dut, ze beste aztarnarik ez dugunez, erantzun ez ziola erabaki beharra baitugu.

Lorca beste norabaitera begira zegoen, Lauxeta bezala bestalde, baina Lauaxetaren ikusmiran Lorca sartzen zen, alderantziz, ez, Koldo Izagirreren poeman uler daitekeen bezala: [Nik ere banuke/ —Federico, Miguel—/ Poeta baten izena ahotan hartzeko]. Gutunaren gorabehera horretan unibertsaltasuna-lokaltasuna, Espainiako kultura ofiziala-gainontzeko nazionalitateetako kulturaren arteko jokoa ageri zait niri, bere gaizki ulertu, interes gabezia, morrontza, nagusikeria eta abarrez sasiturik.

Garai hartan Lorca ez zen gaur egun den sinbolo unibertsala, baizik eta, nahi bada, sinbolo lokala bilakatzeko bidean zihoan poeta; horren seinale Poeta en Nueva York idazteko Manhattanen egindako egonaldia litzateke, edozein ikasle zein idazle ezezagunen parekoa, alegia, anonimo. Heriotzak, guda zibilak, homosexualitateak bilakatu dute Lorca sinbolo unibertsal bere poesiak bezainbeste. Lauaxetak, aldiz, lokal segitzen du mundua zein Espainiarekiko, nahiz eta hura bezala frankistek fusilatu.

Aldatu ote da Errepublika garaiko dinamika hori? Egin dezagun galdera modu grafikoagoan: zenbat euskal literatura irakurri du Pedro Almodovarrek film bat egiteko gidoi batendako ideia bila? Eta ez badu egin, zergatik ez du egin, euskal kultura arlotekeria, basakeria eta bitxitasuntzat dituelako?

Lorcaren toki berean zegoen Almodovar Trantsizioa hasi zenean, eta oraindik ere toki berean dagoela iruditzen zait, alegia, Frankok etendako modernitate prozesuan soka hartu nahian, eta ezinean, eta ondorioz, ustez moderno ez den orori ez erreparatua eginez.

Manual de literatura para caníbales Rafael Reigen nobelaren tesia horixe da, Alemaniak, Frantziak, Britainia Handiak, gutxiago Italiak, markatu duten modernitatearekiko belaunaldi bat atzetik ibili dela Espainiako Literatura gazteleraduna, epigono hutsa izatera kondenaturik, eta, ondorioz, moderno konplexuak jota dagoela, gehitzen dut nik.

Zentzu horretan pozik egon beharko ginateke modernitatea eraitsi eta apurretara gutxienez ailegatu ahal izan garelakoz, modernitate zurrun batek askotan eredu frantsesa esan nahi duelako, alegia, modernitatera ailegatu ez diren kultura eta hizkuntza guztiak basak eta patois kontsideratzea.

Unibertsaltasuna beterik dago, eta Lorcarena nola Almodovarrena Espainiaren kistchez dago beterik, eta neurri horretan biak bilakatu dute kitsch hori unibertsal. Kontua da zergatik egiten ditugun guk halako legitimitate ahaleginak, ikuskizun horren produkzioa horrela irakur badaiteke. Munduan norbait izateko bururatzen zait erantzun gisa, baina Reigen nobelatik eratorritako tesiari jarraiki etxean inor ez garelako konplexua dugulako ondoriozta daiteke.

Adibide bat: duela urte batzuk ETBk Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen poema errezitalak Manhantanen konkista moduan saltzen zizkigun erreportajeetan, unibertsaltasunaren desira ageri zen, eta desirarekin, konplexua.

Ez dakigu zein diren zerbait unibertsala izatera iristeko mekanismoak, merkatuaz aparte, noski, eta merkatuaren funtzionamendua arkanoa da, baina argi dago ez dela bakarrik kalitate literarioa. Lorca zein Almodovarren unibertsal bilakatzea egora politiko, bizitza eta aukeren aprobetxatzearekin loturik dago.

Nola ailegatu liteke euskal idazle bat unibertsal izatera? Konplexutik ez, jakina, eta iruditzen zait ezta Lorcari gutunak idaztetik ere, Lorcak ordezkatzen duenak, oraindik ere modernitatearen bila ari denez, ez baitu modernitate horretatik salbatuko duen elementu ez modernorik behar.

Espainiako kultura ofizialeko idazle zein artista gutxik erantzungo zioten, hartara, Lauaxetaren gutunari: «Urkiaga jauna; plazer handiz. Ez nekien euskaraz poemak idazten zenutenik. Gustura entzungo nituzke neure poemak euskaraz. Eta zeuk ere poesia idazten duzu? Zer deritzozu Paul Eluardi? Eta, Apollinaire, irakurri duzu? Hotelean izanen naiz bihar arratsaldean, zatozkit bisitan. FGL».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.