Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Nondik idatzi

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik jakiteke dago Euskal Gatazkaren bukaerak Espainiako Gerra Zibilarekin estatuko literaturan gertatu moduan moda bihurraraziko ote duen; badakiguna da orain arte ekoitzitakoa joera bat izan dela, Iban Zalduak, besteak beste, CTXT aldizkarirako sortu zituen bi artikuluetan ongi ageri den bezala. Urteak dira Jokin Muñozek Gatazka gure literaturaren berezitasunik salgarrientzat irudikatu zuela, baina nago ETAren desagertzeak ez duela lanen ugaritze esanguratsua ekarri, euskaraz behintzat. Hori, Zalduak ongi seinalatu bezala, hiru belaunaldi ari direla ekoizten, ETA sortu zutenena, berea eta gazteena, haren usteltzea eta bukaera ikusi dutenena.

David Becerra ikerlari espainiarraren La guerra civil como moda literaria saioko tesi nagusia honetantxe bil daiteke: Espainiako Gerra zibila tratatu duten nobeletan berdindu egiten dira Altxamendua eta Errepublika bi Espainien mitoa indartuz, kontuan hartu gabe Altxamendua gobernu aukeratuaren kontrako estatu kolpea izan zela. Historia irakurtzen da, diosku Becerrak, gatazkarik gabeko orain aldi itxi batetik garai hartako kontradikzio politikoak gaur egungo ideologia nagusiaren baitan urtzen diren antagonismoen bidez, alegia, alde politikoa ezabatu eta afera pertsonaletara errendituz.

ETAk 2017an armak utzi zituenetik badirudi Euskal Gatazka bukaturik dagoela, baina ondorioak ez dira bukatu, hortxe daude biktimak, presoak eta dolua. Hartara egunkari honetan2018ko Maiatzaren 9-11 bitartean argitaraturikoez gain, Pako Aristiren Rosa Itzuli da eta Haritz Gorrotxategiren Ahazten diren Gauzak liburuko bi ipuinak, Burua leihoan jarrita eta Guztiok anaiak gara, ateratzen zaizkit niri inventariumean. (Ez dut ikerketa xehea egin, eta oker banago barkamena eskatzen dut)

Kezkatzen nauena zera da: zein marko etiko eta politikotik idatziko ditugu hemendik aurrera euskal gatazkari buruzko nobelak? Kant etika unibertsalzedarritzen saiatu bazen ere, etika ere testuinguruaren araberakoa da amerikar pragmatikoek ongi zekiten bezala. Beraz, Rosa Itzuli da nobelako pertsonaia batek azaldutakoa bazterturik dago, oraingoz; ETAren helburuak lorturik Euskal Herria nazio estatuduna balitz, hiltzaileak heroi izango ziren, eta biktimak askatasun bidean gertaturiko albo kalte. Mandelaren etsenplua ekartzea besterik ez dago, edo hainbat herritako independentzia prozesuak.

Hori horrela ez denez, errepara diezaiogun bizi garen marko etiko eta politikoari. Gaur egungo orain lauso gatazka gabeko eajotar honetatik —garai epikoak baino nahiago dut, argi gera dadila—, eta Gatazkaren garaian gizarteak oro har biktimekiko izan duen enpatia berantiarregiak ez ote gaitu behartzen gatazka horretan eragile izan zirenen asmo altruista baztertu eta ETA izan duen gizarte asmo eraldatzailea, ezkerrekoa, ezkutatzera, nahiz eta nire irudiko borroka armatua Frankoren heriotzatik hona oker izan etikoki zein estrategikoki?

Beste modu honetan ere egin daiteke galdera: Hamaika pauso nobela bikaineko Ortiz de Zarate txuloputa bat baino ez da, ala justizia sozialaren alde borrokatu zuen norbait ere bada?

Horregatik interesatu zait Pako Aristiren Rosa Itzuli da nobela; ez dut uste nobela ona denik, (kalitatea zer den eta nork sortua den eztabaidatu beharko genuke noizbait), baina esanen nuke Euskal Gatazka bukatu delarik fundamentuzko galdera bat egiten digula: bale, oker geunden, baina zein da alternatiba, EAEko paradisu hau, non gizartearen antagonismo nagusiak euskal anaia-arreben arteko liskar txikietara mugaturik dauden? Ze Rosa kartzelan egon den bitartean abilki trebatu dira sistemaren armak: manipulazioa, gezurra, prekarietatea, historiaren bukaera eta kapitalismoaz harantzagoko alternatiben ukazioa; esaterako, Denboraren Izerdia nobelako polimiliaren kontra El Mundo-k egindako kanpainak haurkeria ematen du.

Iruditzen zait euskal literaturan ere hasperen egin dugula Gatazka iraganeko kontua bilakatzean, baina gatazka hori kontatzeak ez luke oraingo gizarteko kontradikzioak estaltzeko balio behar. Rosa hemen dago, baita Etorriko haiz nirekin? nobelan ETAk hildako haurra. Literaturak antagonismoen agerrarazteko ere balio behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.