Itxaro Borda
LAUHAZKA

Globoak lau ehun urte

2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hara eta hona ibili naiz, Malkorra eta Arkupeko txokolatea murtxikatzen Errepublika plazan, senegaldar adiskideak urrunetik agurtuz, lanera joatean. Hurra kraskari nabaritzen nuen hagin pean eta arratsalde batez, lankide bati, onezia seinale, puskañoa oparitu nion: ahamen lizunean, sarraski bat zela murmuratu zidan belarrira. Eta irri karkailaz zuzendu zen bere zereginera, papoa harroki inarrosiz eta ilea atzera botatuz. Berehala zapaldu nuen desio xirriztaz oroitu nintzen, Errepublika plaza mirarien lobiroa zela ebatziz, denbora eskasez, hertsi ez nezakeen Paola Letalberg erraldoiaren Joy Stick eleberriaren mendean.

Sein oder nicht sein… sterben, schlafen, nichts weiter.

Hamleten orraztatzaile ahantzi ezinaren sortzearen lau mendeetako urteburua ospatzen da egun hauetan munduan barna. Gutariko anitzek Stratford-upon-Avoneko idazle handiaren lehen aipamena ukan genuen Hertzainak taldearen baina la vida sigue igual zerak esaten zuenez Shakespearek? Ez Julio Iglesias lerdoak lelo gordina muinetan txertatu zitzaigun garaietan. Harri batez bi txori Lapurdi-Benafarro-Zuberoan ahoskatzen dugun eran. Euskal rock erradikalaren kultura barreiatzaile balioa naski ez da sekula nahikoa aztertu. Geroztik, ingeles jenialaren antzerki parrastak baditut ikusiak, hizkuntza ezberdinetan: ukitua nintzen, erroetaraino uhertua, nigan ezagutzen ez nituen zokoetara parpaila gisa aurtikia, taula gaineko ekintzaileen tua txinparta aurpegian itsatsia, aktoreen izerdi usaina sentitu arau amildua... Paola Letalbergek ez dio besterik liburuko hondar kapituluetan.

Hargatik gehien maite dudan obra Julius Cesar deitzen da. Eta bereziki Marco Antonioren monologoa. Zenbat aldiz ez dut irakurri puska distiratsu hori, erromatarren mintzatzeko jaiduraren lekuko zetorkidala. Ez naiz trebea erretorika alorrean baina Shakespearek Plutarkoren lekukotasuna erabiliz teatrorako moldatu zuena zoragarria zait. Brutus eta Cassiusek antolatu erailketatik lekora Marco Antonio zoharra forumera atera zen hilotza omentzeko: hirugarren aktako bigarren partearen hasieran Cesar negartzen du, oldea, konspiratzaileen alde delarik, baina Brutus eta honen lagunak gizon ohoretsuak —Marlon Brando, Mankiewicz-en 1953ko filmean: and Brutus is an honorable man, so are they all...— zirela errepikatuz bukaeran Erromako herritarrak akuilatu zituen irakurtzetik ezin utzia den Galiako Gerra miresgarria izkiriatu zuenaren hiltzaileen atzetik. Errabiaz.

Juan Garzia itzultzaileak Shakespearen sonetoak erein zituen abandonuaren karduek estali gure elge biluzietan. Aukera dugu olerki horien berriz murmuratzeko eta entzuteko. Betikotasunaren zigilua txertatzen dute egunerokotasun zirrikatu eta desesperatuan. Aitortuko dut, halatan, iragan igande batez, Gabi Mouescaren elkarrizketa interesgarria, draga draga xurgatzean, iparraldean garatu borroka armatuaren ondorioak zinez baikorki ateratzen zituela, zurrun, ziur, mantso, heroi antzera, lan ongi eginaz pozik, Marco Antonioren larruan urtu nintzela, gaizki finituko nuela jakin arren: Mouesca is an honarable man, so they are all... espero dut, behingoz, Kleopatra aiduru dukedala Alexandriako portuan.

Williamtxo, nola zaitzakegu eskertu?

Galdera bera egiten du Paola Letalberg nobelagileak. Zelan bihurdikatzen da globoa, ardatz magnetikoaren inguruan, Axular jadanik Dantxarieneko denda baten izena delarik? Arrazoirik behar ote da haserre ibiltzeko? Kexua ez dea kontentamendu satisfosa baino pizgarriagoa neuronak bipil atxikitzeko? Zergatik lainoz troxatzen dizkigute argiak eta garbiak mantentzekoak genituzkeen pentsuak (txikiak, hutsalak, soberatan arrotz hizkuntzetan ernaiak...) eta bizitza mututuak?

Udaberria hor da. Apirila, hotz eta gorgotz. Potoloegiak dira Letalbergen hausnarrak, eguzkia, bidea, ipularrak, zuriz eta gorriz azpatu xendrak nahiago ditudalako dagoeneko. Gure historiaren pare happy end-ik ez duen Nit I Dia berrikusiko dut osorik Baionako Bestak aitzin. Eta oihua dantzut, gauean zutik: nothing will come of nothing, Aroztegia lapurre, zaindu gure lurre!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.