Albistea entzun

LAUHAZKA

Habana

Ander Lipus -

2015eko urtarrilak 25

Hilabete baino gehiago pasatu da azken artikulua idatzi nuenetik. Baina hemen, nagoen tokian, denbora ez da gure denbora. Beste denbora bat da. Iraultzaren garaipenaren berrogeita hamaseigarren urteurrenean gaude. Gertatzen ez diren gauzak gertatzen dira hemen.

Barack Obamak bost heroiak askatu ditu eta hamasei urteren ondoren Kubara itzuli dira euren familia, lagunak, herria eta iraultza besarkatzera.

Urtebetetze data oso gutxi gogoratzen ditut; hala ere ez dakit zergatik baina abuztuaren 13a Fidelen urtebetetze eguna dela inoiz ez zait ahazten. Batzuentzat onerako, beste batzuentzat txarrerako, historiara pasatuko den pertsonaia izango den Fidel Castro komandantea.

Silvio Rodriguezek hiriko auzoetan ematen ditu bere kontzertuak herritarrentzat. Hirurogei kontzertu baino gehiago eman ditu jada. La era está pariendo un corazón eta Ojalá bezalako abestiak entzun eta, ai!, zelako oroitzapenak.

Antzerki liburu interesgarriak aurkitzen dira liburu dendetan. Stanislavski, Dario Fo eta Eugenio Barbaren liburuak esaterako. Azken horren idatzien laugarren atala atera berri dute eta peso bat kostatu zait moneta nazionalean, 5 zentimo eurotan. Gainera dendaria prest agertu da liburua dohainik ere emateko. Bertold Brecht antzokira ere sarri joaten naiz. Baina kasu honetan, yuma izateagatik garestiago ordaindu behar izaten dut sarrera. Ya tu sabes, zuk badakizu!

Palmas y cañas telebistako saioan guajiroek euren dezima inprobisatuak abesten dituzte. Vivir del cuento umorezko saioan, Panfilo eta Chequera pertsonaia irrigarriek kritika sozial zorrotza egiten dute euren istorioekin. Baina arrakastarik handiena telenobela brasildarrek dute. Hiria gelditu egiten da. Gizakia suaren inguruan elkartzetik telebistaren inguruan elkartzera pasatu zen garaian gaude. Eta badira astero «paketea» lortzen dutenak ere, CUC baten truk, Internetetik jaisten diren pelikula, bideo, musika eta denetariko informazioa jasotzen dutenak. Bota!

Kale bazterrean oiloa etzanda dago, hilda. Sama moztu diote eta batek daki zein sorginkeria istorio egongo den hildako oilo gaixoaren atzean. Santeria kontuak! Yemayá, Obatalá, Changó, Eleguá eta Ochún. Gurean esaten den bezala: «Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar».

Kongria (arroza indaba beltzekin nahastuta), zerri okela eta juka jatea maite dut. Frutabonba, batata, guaiaba, kinbonbo eta malanga. Um! Eta gozozalea bazara, kangrejo deitzen diren opiltxoak, gailetak eta keikak. Ilara luze batean itxaroten egon ondoren, Coppelian ere izozkia har dezakezu. Eta zelan ez, osasunarendako, hau da, bizipozarendako: kafea, rona eta tabakoa. Ño!

Runba, son, salsa, timba, danzón, conga eta habanerak. Denetariko musika generoak entzuten dira hemen eta kontzertu interesgarriak daude aste osoan. Adibidez, laster Euskal Herrian biran ibiliko den Ray Fernandezen Matarife eta Bucanero abestiak entzuteko eta dantzatzeko, ostegunetan Diablo Tuntun topera jartzen da. Uraaa!

Poesiak ere badu bere tokia. Handia bere txikitasunean. Eliseo Diego, Nicolas Guillén, Fina Garcia Marruz, Nancy Morejon, Anton Arrufat, Dulce Maria Loynaz, Carilda Oliver eta Miguel Barnet, lehengo eta oraingo poeta nazionalak. Casa de la poesía-ra joan naiz Cesar Lopez poetaren hitzak entzutera. D'Capricho ahizpek ere abestu dute. Horiek ere uda partean berriz Euskal Herrian izango ditugu, euren kanta ederrekin. Ze polita!

Alain eta Dayan Agirre anaiak kantxan bizkorrak dira, Waltariren antzera harrika bezala jotzen diote palaz pilotari. Kandela! Azkarrak dira kubatarrak kirolean. Boxeoa, borroka librea, boleibola. Futbola gero eta gehiago ikusten bada ere, pilota (beisbola) da hemen errege, eta kapitaleko talde nagusia, Industriales. Baina, etxean, beti ekialdekoen alde daude. Gora Granma!

Thaisak, 5 urteko neskatoak, bere aitaren laguntzarekin, circuloan (haur eskolan) irakatsi dioten Jose Martiren Los zapaticos de rosa poema buruz errezitatzen du. Eta nerabeek El Yonky-ren ile estiloa daramate, modan omen dago.

Fumigatzera etorri dira etxera eta petrolio usaina gelditu da, Aedes egyptes moskitoaren kontrako prebentzio neurriak dira. Medikuarengana ere joan behar izan dut. Ez zen ezer larria, baina primeran kasu egin dit. Errezeta batzuk eman dizkit, baina farmaziara joan naizenean, botikak oraindik ez direla sartu esan didate. Blokeoaren ondorioak. Ez da erraza!

Pozik dago Maider, kubatar batekin ezkonduta dagoen euskalduna, hilabete honetako libretan oilaskoaren ordez arraina eman diotelako. Eta Felicitak, Manzanillon Artearen Historian irakasle izandako 80 urteko emakumeak, diru sarrera gehiago izateko jabitak (plastikozko poltsak) saltzen ditu agro (merkatu) aurrean.

Kandido eta bere lagunek, egunero-egunero, etxe aurrean, mahaia eta lau aulki jartzen dituzte eta bazkalostetik iluntzera arte jokatzen dute dominoan.

Makina edo almendroia (taxi zerbitzua egiten duen 50eko hamarkadako auto zaharra) hartu Linean eta M-tik igo Rampara eta Rampatik O-ra, gero Infanta eta San Lazaro, eta Colonetik Pradora, eta handik oinez Habana Zaharrera. Edo bestela guagua har daiteke, autobusa, eta zorte pixka batekin, Bizkaibusa hartu eta Bilbon ager zintezke. Asere! Zortea baino zerbait gehiago behar da horretarako.

Muerte en Murélaga idatzi zuen William A. Douglas antropologoa ere hemendik ibili da. Beste euskaldun asko bezala. Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko XI. Topaketak antolatu dira Euskaldunak Kuban lelopean. Eta ni izenburuarekin identifikatua sentitu naiz.

Bluk, nire lagun minak esaten duen bezala: «Bizitza oso kapritxosoa da!». Hemen eta edonon. Zeinek esango zidan nire bizitza Kubara lotua egongo zela. Euskal Herritik kanpo, beste errealitate batzuk ezagutzea eta bizitzea tokatuko zitzaidala. Laster itzuliko naiz herrira. Bitartean, ederra da Malekoitik eguzkia sartzen ikustea. Ederra da Malekoitik ilargia irteten ikustea. Bere argi eta ilunekin, ederra da Habana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.