Maite Larburu.
LAUHAZKA

Sasien erdian, Arkua

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Magoa da. Eta laguna. Mexikarra, baina Herbeheereetan ezagutu genuen elkar. Luis Emilio Rodriguez-Carrington du izena eta arketeroa da.

Sarri egiten da berba musika-tresnei buruz bazterretan. Nork ez du sekula Stradivarius hitza entzun?

Stradivari, Amati, Guarnieri, Guadagnini... zerrenda luzea da. Egurrezko gorputz preziatu horiek, ordea, ezin dute kantuan hasi, eskuineko eskuan arkurik ez bada.

Arkuak... barita misteriotsu horiek. Gauza soil bat, biolinaren bihurgune emakumezko eta landuekin alboratuta. Zotz bat. Zazpi zaldi ile dituen makila bat.

Maiz ordea... konplexutasunak ez dira hain agerikoak. Ezta kasu honetan ere. Ikastolan ikasitako kantu bat etorri zait gogora:

... Begiztatua nuen aspaldi mendian

mizpirondo zuzen bat sasien erdian...

Mirari moduko bat, sastraka korapilatsuen artean.

Euskaldun makilak dira mizpirondo egurrez egiten direnak, ez arkuak, baina... arkugile on bat ere, sasiek ukitzen ez duten jakintsu bat da.

Antzinako musikan hasi berria nintzen, eta arku barroko baten beharrean nengoen. Arkuek, musika tresnenak baino bistakoagoak diren eraldaketak jasan dituzte mendeetan zehar. Eta XVII. mendetik honantz tresna ugarik biziraun badu ere, arkuekin ez da gauza bera gertatu. Hauskorragoak dira, eta asko, bidean galdu dira. Ez da oso arrunta beraz, arku barroko original batekin jotzen ari den norbait ikustea. Gehienok, kopiak erabiltzen ditugu. Kopia horiek egiteko, grabatu eta tratatu zaharrak eta iritsi zaizkigun arku original gutxiak aztertu behar izan dira.

Isilpeko zoragarri bat gordetzen dute arku antzinakoek: haien fabrikazioa XIX. mendera arte ez zela estandarizatu. Hau da: arku guztiak erabat desberdinak ziren. Bi berdin ezin aurkitu! Txundigarria!

Luis Emiliorengana joan nintzen lehendabiziko egunean gertatu zena bezain harrigarria: nire arkuarekin jotzeko esan zidan lehendabizi. Eta nire biolinaren hotsa entzunda, egin berriak zituen arku bi eman zizkidan: bati, Sagar deitu zion, besteari Arriskutsu.

«Jo Sagarrarekin orain», esan zidan: «eta orain, Arriskutsuarekin. A-ha!».

Sagarrarekin erraz egiten nuen koska soka gainean; kras-kras. Arriskutsua ordea, ez zen uzten... baina soka ondo harrapatzen nuenean sortzen zuen hotsa... ezin zen sagarrarenarekin alderatu.

«Segi etxera eta pentsatu zer-nolako arkua nahi duzun, eta idatzi iezadazu email bat deskripzio horrekin».

Hori bai ez nuela espero!

«Ondo da», esan nion.

Etxetik, zelako gauza zaila zure ametsetako hotsa sortuko duen arkuak nolakoa behar duen adieraztea, hauxe idatzi nion:

«Nola jo behar dudan irakatsiko didan arkua nahi dut».

Bidaltzeko botoia sakatu aurretik, eroturik nengoela ere pentsatu nuen: «Ez al da hobea, zure eskuak agindutako lana txintxo-txintxo egingo duen arkua eskatzea?».

Baina arku arriskutsuak adikzioa sortu zidan. Jakin-mina. Send teklari eman nion.

Luis Emilioren erantzunak ez zuen luze iraun: «A-ha, inspiraturik nago!».

Hilabete batzuetara deitu zidan, arku pare berri bat egin zituela eta haren etxera joateko.

Sortu zituen bospasei arku guztien artean, Hartzatxoa, Igitaia, Melaza... nik, nirea aukeratu nuen: Kristala.

Hamar bat urte izango dira, kristalarekin jotzen dudanetik. Hasiera ez zen batere samurra izan. Zaldi basati baten gainean trostan nindoala zirudien... ikara! Baina beirazko zaldi honek, azkenean, lortu du bere desioa: ni eta nire biolina bezatzea.

Zirrara bikoitza sentitu dut, duela egun batzuk, arku bila dabilen nire lagun Dasa Luis Emiliorengana eraman dudanean: mahai gainean lauzpabost arku. Eta horien artean, nirea.

«Jo lehendabizi zure arkuarekin!», esan dio Dasari.

Hasi da jotzen. Bere arku propioa, ondoren Luis Emilioren lehena, bigarrena, hirugarrena... gu, sofan eseririk, belarri huts.

Eta paf! Dasak, Kristala hartu eta jotzen hasi denean, bat-batean Luis Emiliok eta nik elkarri begiratu diogu: jajajaja! Dasaren biolina hizketan hasi baita bat-batean! Argi eta garbi ulertu dugu esan duena: «Nik arku hau nahi dut».

Dasak begiak ireki ditu; «hau al da zurea, Maite?».

Bai. Hamar minutu nahikoa izan dira erabakitzeko. Luis Emilio nire arkua neurtzen hasi da... eta esan du: «Arku honen kopia bat egiten saiatuko naiz. Baina ezin da. Nik arku hau aspaldi egin bainuen, Maiteren ekarpenarekin. Gainera, hamar urte hauetan zehar, arkua Maiteren jotzeko modura egin da... egurra, bizirik dagoen zerbait delako. Beraz... zure abentura propioa bizi beharko duzu. Prest?».

«Bai!» Dasak.

Ia malkoak sortu zaizkit, ohartuz, nire arkua benetan dela nirea, niretzat egindakoa... eta zein gauza zoragarria den elkarlana, buruz buruko harremana eta artisau-fabrikazioa.

Sakratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.