Albistea entzun

LAUHAZKA

Etxekoak

Huts Teatroaren <em>Etxekoak</em> antzezlanaren promozio argazkia.
Huts Teatroaren Etxekoak antzezlanaren promozio argazkia. AINHOA RESANO

Ander Lipus -

2015eko ekainak 14

Urtebete pasa dut agertokietara igo gabe. Baina urtea ez da alferrik pasa. Hiru antzerki lan, hiru proiektu ezberdin zuzentzeko aukera izan dut. Iduzkilore Antzerki Taldearekin Hazparneko anderea, Lauka Teatroarekin Amodioaren ziega eta Abarka Antzerki Taldearekin Abarka shortak. Egun teatroarekiko dudan ikuspuntuaren parametroetan sartzen dira hiru proiektuak. Eta niretzat badute zerbait berezia: euskara dute bihotz, antzerkia taupada.

Aulestiko Artedrama Topaketen hamargarren urtea ere primeran pasa zen. Bai laborategia eta baita jaialdia ere. Zahartzen ari gara, baina izpirituak berdin jarraitzen du. Antzerkia gertakari bilakatzen denean, ederra da herri txiki batean auto ilarak ikustea.

Antzerki hezkuntzak eta transmisioak duen garrantziaz ohartuta, eta antzerkiaren ezagutza partekatu eta zabaltzeko asmoz, Aulestiko Urregarai Herri Eskolan, Kanboko Xalbador Ikastolan eta Senpereko Arretxe Kolegioan aritu naiz haur eta nerabeekin lanean. Bestalde, gure sorkuntzak eraiki ahala mediazioak gauzatzen joan gara: Leioan, Zumaian, Uztaritzen, Itsasun eta Luhuson.

Gainera, kameraren aurrean lanean aritu naiz. Oso ezberdina da, beste mundu bat. Hala ere, esperientzia ederra izan zen Asier Altunaren Amama pelikulan aktore moduan lan egitea. Laster, Xabierren pertsonaia jokatzen ikusiko nauzue pantaila handian. Polita izan da, era berean, Bertol Arrietak idatzitako gidoian oinarrituta eta Juanfe Garcesen aginduetara egin genuen Literaturiarako Odolean daramagu bideo promozionala prestatzea. Zer esanik ez, Goserentzat Zoroetxeko harresia bideoklipa grabatzea. Proiektu ezberdinetan murgiltzen zarenean, argi geratzen da harro sentitzeko moduko lantalde trebe eta bikainak ditugula euskal sorkuntzan, esparru ezberdinetan. Kultur ametsak egia bihurtzeko, gizartea eta politikak behar dira aldatu.

Orain, taula gainera berriz igotzeko momentua iritsi zait. Proiektu eta estetika pertsonalago batetik abiatu naiz, ia hogei pertsonak osatzen dugun lan taldean: Huts Teatroa. Hiru urteko sorkuntza prozesuaren ondoren dator lan berria, Artedrama, Arte Eszenikoen Plataformaren magalean sortua. Jon Gerediagak idatzia. Kristian Etxaluz, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran eta laurok jokatua. Sorkuntza batek dakarren buruhauste, gaixotasun, poz, zirrara, beldur, kili-kili, akidura eta abarren zakua sama gainera botata, ohi dugun bezala azaroaren 1ean (nire urtebetetze egunean) estreinatuko dugu Etxekoak.

Eta bitartean borrokan jarraituko dugu. Batzuetan arrakasta, besteetan arrastaka. Antzerkiak, eta, oro har, euskal kulturak, behar duen lekua aldarrikatzen eta gauzatzen. Bakoitzak bere lekua bilatzen. Edo imajinatzen.

Bluk nire lagun minak esaten didan bezala: «Ekintza performatiboak egin behar dira. Terrorismo poetikoa, saltsa eta egur pixka bat ekarri gurera. Bilbon dagoen Puppy txakurra beltzez tindatu eta Gasteizko udaletxe atarian Marotorentzat utzi opari gisa, Donostia 2016ko kultur hiriari puzker kulinari galant bat bota, Baionako antzokia okupatu, Donibane Garazitik pasatzen den Santiago bidean barrikadak jarri, Mauleko karriketan Matalasen burua eskegita erakutsi eta Iruñeko txupinazoan ikurrin anarkista erraldoia zintzilikatu, Amaiurretik Lodosara iristen dena. Kandela!». Eta nik «ezetz!» erantzuten diot Bluk nire lagun minari. Agian, Habanako haizearen eraginez bihotza xamurtu zaidalakoan-edo. Baina nahiago dut bidea beste era batean eraiki. Isilean. Albora eta zeharka begiratu baino, barrura eta aurrera begira. Pentsa! Sanjoanak ere gainean ditugu eta hobe da ariman gordetzen ditugun belar txarrak sutara botatzea. Belar txar gutxi batzuk hurrengo urterako lagaz, noski!

Urtebete pasa dut etxe honetan iritzi artikuluak idazten.

Hamaika artikulu idatzi ditut, ez bat gehiago ez eta bat gutxiago, hamaika. Eta agur esateko garaia dela sentitzen dut. Gustura hartuko nuke beste norbaitek segida emango balio gogoetaren lauhazkari. Euskal antzerkiaren inguruan iritzi kritikoa piztu edota sortzea beharrezkoa baita. Nik hala sentitzen dut behintzat, eta horregatik hartu nuen horrelako eginkizun batean parte hartzeko konpromisoa eta trabesa. Eskerrik asko etxekoei eta etxeko sentiarazi nauzuen guztiei. Orain, urtebeteren ondoren, agertokietara igotzeko unea da. Antzokietan elkartuko gara etxekoak. Ondo-ondo izan!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...