Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Atxaga vs Saizarbitoria

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gorka Merceroren Mundu-ikuskerak narratiba garaikidean hartu dudanean ohartu naiz badela halako pelea antzeko bat egungo kritikaririk interesgarrienen artean, alegia, munduan zehar bizi eta irakasten duten horien artean. Peleak, horrela dei badiezaiokegu, ez du hartzen Oteiza-Txillidaren artekoaren maila, baina pentsatzeko ematen du.

Alde batetik, Mercero legoke, eta bestetik, Gabilondo eta Atutxa; eta Mercerok berak planteatu bezala postmodernitatea versus modernitatea, antiesentzialistak versus esenzialistak (ez dut uste Gabilondo eta Atutxa esentzialista direnik), hau da, Atxaga versus Saizarbitoria.

Gorka Mercerok Derridaren filosofiaren laburpena egiten digu lehen kapituluan dyferentzia zer den zehazturik; alegia, zeinua eta esanahiaren arteko lotura arbitrarioa izateaz gain, zeinuaren esanahia beste zeinuekiko duen harremanak ezartzen du, beraz, zeinu guztiek dute beste zeinu guztien aztarna. Mercerok ongi laburtu bezala, «adierazle ororen erreferentea ez da adierazia baizik eta beste adierazi bat(zuk)». Nire hitzetara ekarriz, esentziarik ez dagoela eta dena dela diskurtsoa.

Tresneria horrekin Mercerok Atxagaren postmodernotasuna frogatzen du, Obabakoak-en «Mitoa eta Arrazoia-ren arteko mugak lausotzeak erabat deusezten baitu menperatzaile vs subalterno oposizio bitarra», hain zuzen Gabilondo eta Atutxaren akusazioa, onar bedi hitza, Atxagaren literaturarekiko. Gabilondorentzat, Atxagak exotismoa saldu du mundua literarioki konkistatzeko eta exotismo horrek berriz ere subalternotasunera kondenatzen du euskal den oro modernitatearen beste zilegiztatzaile bihurturik; alegia, Atxaga mendebaldeko modernitatea bere buruaren aurrean demokratiko azalaraztea errazten duen indio ona litzateke (azken hori nire uztako laburpena da, eta ez Mercerorena ez Gabilondorena).

Niri Atxagaren literatura ez zait kostunbrista iruditzen. Atxagak, gainera, nonbait idatzita dut, modernitatearen bukaerari —ezin da istorio gehiagorik kontatu (horretaz dihardu Azken Hitzaren Bila ipuin sailak), eta ezin denez, istorioaren istorioari buruzko liburuak idatziko ditu, horixe dira nouveau roman eta Ulises matrakosoa— irtenbide bat aurkitu dio, eta hauxe da: haur eta gazte literaturaren ikuspuntu freskoa eta teknikak egokitzea helduen literaturari, erraza zirudiena baina Atxagari bakarrik bururatu zitzaiona.

Bestelakoa da, ordea, Atxagak Euskal Herritik kanpo izan duen harrera. Merceroren argumentatze bideari jarraituz, ekoizpen kultural bat atzerriratzen denean beste mundu sinboliko batean sartzen da, alegia, inguratzen duen zeinuen sistema aldatu egiten da, eta, ondorioz, esanahia aldatu egiten da.

New Yorken (eta Madrilen) Atxaga beste moduan hartua izanen da, eta horra eztabaidaren beste elementua, Martutene bezalako nobela batek zailtasun handiagoak ditu horrela hartua izateko; izan ere, newyorktarrak pentsatzen du neurosia kontatzeko, Martutene-n neurosia da nagusi, badaudela beraiek, eta nekez egin dezakeela inork Philip Rothek baino hobeki.

Horregatik uste dut Atxaga salgarriagoa dela kanpoan Saizarbitoria baino, ez bata bestea baino hobea delako, edo bata bestea baino literarioago delako, baizik eta Saizarbitoriaren zeinua, Martutene, demagun, ez delako horrenbeste bereizten New Yorken ekoizten den literaturatik. Horixe da globalizazioaren dinamika perbertsoa.

Atzerriratze-aferaz gainera, ordea, badago interesatzen zaidan beste bat: noraino da beste Atxaga euskal kulturarendako, edo bertako erdaldunendako? Eta noraino da bera Saizarbitoria modernitatearen kinka neurotikoak islatzen dituen neurrian?

Eta hor ere, beldur naiz onartu beharra dudala, gure euskal mundu txikiaz kanpo, demagun ETB2, Radio Euskadi, El Correo, El Diario Vasco, auzoko irakurle gazteleradun elebakarrarendako Atxaga beste exotiko hori da, exotiko euskal mundu tradizionala delako haren lehengaia (esan bezala beste zerbait kontatzeko), exotiko mundu hori iragana delako jada.

Saizarbitoria, aldiz, zailagoa da bestetasunera mugatzea; Martutene-n, esaterako, ez dago bestetasunik, lehengaia mundu modernoa, goian aipatu ditugun hedabide eta irakurle horien mundu berbera da. Nola irakurtzen dute, ordea? Atxaga irakurtzen duten moduan? Eta, hala bada, nola ihes egin exotismo horri?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.