Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Zeru urdina

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Eman ezazue taberna bat hondartza ondoan, egun zoragarri ederra gure kostaldean, zerua urdin eta mendi magal berde bortitzak. Dena ondo. Baina oso mizkin nabil aspaldi honetan, eta taberna bereko terrazara hirugarren egunez hurbiltzen ginela, eta hiru egunetan musika-errepertorio berbera zegoela entzungai, nik, inozo honek, komentatu nuen, ez oso fermuki nire iritzian, igual bazela garaia bestelako musika jartzeko. Komentatu nuen, itsasoaren urdin aratzak begietan min egiten didala komenta nezakeen axolagabetasun puntu burges berarekin. Eta erantzuna ez zen berandutu: «klaro, udan gaude (?) eta zer nahi duzu jartzea, Txuma Murugarren?» Uffaa, e, txo, kieto eta tentuz! Jakin ezazue hiru egun horietan errepika eta errepika zebilen musika, bi bakarlari espainol oso ezagunen musika zela, ez bereziki dantzagarria, esan dezagun bakarlari hauek mezua duten horien artean kokatzen dituela jendeak, hori zer den lauso samarra bada ere. Ez dira, nola esango nuke, bozkarioaren gailurra, edo diskofestetako bonbo-orgasmoetan sar daitekeen zerbait. Ez. Dena dela ere, jakin nahi nuke udak zer lotura duen honekin. Esan daiteke udako gauetan festa ugari egoten direla, dantzatzeko gogoz dagoela jendea, herriko festak orduan izaten direla, eta abar. Eta horrek dantzatzera gonbidatzen duen musika eskatzen du. Ados. Baina eguerdiko hamabietan, terraza batean eserita zaudela, bizitza lurrin garesti bat bezala poliki nola doan higatzen ikusten duzun bitartean, ez dakit zer ikusia duen udak musikarekin. Nire izena ere horrela paratzea konparazioan, iraingarri iruditu zitzaidan, baina lehenago esan dudan bezala, izan daiteke azken bolada honetan sentsible arraio nabilela, zeren iruditu baitzitzaidan egiten dudanarekiko errespetu falta nabarmena zela (zer burutazioak ez?). Are gehiago, horri lotzen badiogu nire ondoko horrek segidan esan zuena: gustatuko litzaizuke zuri horiek beste saltzea! Eskerrak bermutaren olibak hezurrik ez zuena eta kontrako eztarrira joan zitzaidan bakarra musika kritikari fin horren komentarioa izan zela. Ez naiz sartuko gai horretan, alegia, horiek beste saltzeko zer egin behar den galdetzen; modu berean, ez dut nire duintasuna jarriko parapeto gisa esanez libre naizela nahi beste aldiz eta nahi dudan bezala hanka sartzeko. Ez dut esango musika ez dela soilik merkantzia bat. Nik bakarrik jakinarazi nahi nien aspertuxea nenbilela hiru egunez, segidan, musika bera entzuten. Zer delitu dago horretan?

Ez dakit, baina ez dio ardura. Benetan kezkatzen nauena da euskal produkzio kulturala iraintzeko dagoen erraztasuna; negargarria da zein estimu txikia duen oro har, eta errota berari eragiten ari natzaiola esango zidan nire ondoko epaile zuzen horrek, eta mesedez negar egiteari uzteko. Beraz, ez nion erantzunik eman. Baina pentsatzen jarri nintzen zein izan daitekeen jarrera horretarako arrazoia. Eta batzuk topatu ditut: lehenengoa, ezagutzarik eza, nire ondoko horrek ez du entzun egiten dudana, ez bada irratian halako batean nire ahotsa entzun zuela iruditu zitzaionean, «Ruper, mesuena» batez bentilatzen du; Mikel Laboa muermo bat iruditzen zaio, eta euskal musikan dagoen talde onena La Oreja de Van Gogh dela esan zezakeen. Bigarren arrazoia, hizkuntza; euskaraz ozta-ozta ikasi zuen titulua behar zuelako garai batean, baina oraingo bere lanean ez du euskararen beharrik jada, eta aspaldi ez du erabili; edo demagun ondoan dudan hau euskaldun petoa dela, baina liburuak beti irakurri dituela gazteleraz hobeto moldatzen delako, eta pixkanaka bere hizkuntza sentimentala horixe bihurtu zaiolako, eta jada ez du berdin ulertzen, ez intentsitate berberarekin bederen euskaraz egiten dena; eta penagarriena da ez zaiola axola. Eta arrazoi gehiago topa nitzakeen, seguru; baina nekatu egin nintzen horri buruz pentsatzeaz, eta nahiago izan nuen eguraldiaren ederrari begiratzea, nahiz ordurako hodei itsusi batzuek jada izorratzen zuten zeruaren urdintasun xalo eta perfektua gure kostalde txiki honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.