Albistea entzun

LAUHAZKA

Hamar urtez

Antzerki tailerra, iaz, Aulestin antolatutako topaketan.
Antzerki tailerra, iaz, Aulestin antolatutako topaketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ander Lipus -

2015eko martxoak 22

Bai. Ez. Hori ez dut sartuko. Erritmoa falta zaio. Testua joaten zait. Espazio eszenikoa ez dago argi. Panpinaren estruktura ez da nahikoa, erori egiten da. Arropa horiek ez, beste hauek bai eta agian hobe zapiarekin. Oraindik errepikako argazkirik ezin dugu atera. Azkarra hitzak ez du esanahi berdina iparraldean edota hegoaldean. Argiaren bitartez irudikatuko dugu espazio aldaketa. Aktorearen dantza gehiago luzatu behar da. Musika horrek beste giro batetara eramaten gaitu, eta zerbait lurtarragoa behar da. Hustuta nago.

Sorkuntza batean murgilduta nagoenean nire inguruko dena ahaztu egiten dut. Egonaldi batean orduak eta orduak pasatzen dira, eta ia denbora existitzen ez den une horietan, bizitzaren eta artearen arteko dantzak bere bide ordenatu eta era berean, kaotikoa egiten du. Jerzy Grotowski antzerki zuzendari poloniarrak idatzi zuen bezala: «Bizimodu bakoitza bizitza ezagutzeko modu bat da».

Batzuk sorkuntzan buru-belarri egon garen bitartean, antzerki eta dantza talde ezberdinek beraien lanak plazaratzeko aukera izan dute Donostian antolatzen den dFeria azokan. Programatzaile eta kultur eragileei zuzendutako azoka hau, beste herri batzuetako eta bertoko dantza eta antzerki taldeentzako erakusleiho paregabea bilakatzen da urtez urte. Bestalde, batzuetan antzerki munduak bizi dituen prekaritate eta penak alde batera utzita (ezkortasunak inori ez baitio onik egiten), Gijonen ospatu zen Feten jaialdian (Umeentzako Europako Arte Eszenikoen Jaialdia), sarituak izan ziren euskal artista eta taldeak zoriondu nahi nituzke. Epaimahaiak, Pinocchio, figlio di Geppetto piezagatik Jokin Oregiren zuzendari lana, eta Asier Sotak Borobil Teatroarekin Ali Baba eta 40 lapurrak antzezlanean egiten duen aktore lana saritu zituen. Markeliñe, Zirika Zirkus eta Teatro Paraiso taldeek ere jaso zuten sari bana. Biba zuek!

Eguneroko ogia antzerkia dugunok eta nola ez, antzerkizaleok, datorren ostiralean, martxoaren 27an, Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko dugu. Eta euskarazko teatroaren hitzorduetako bat Viktoria Eugenian izango dugu. Bertan, arte eszenikoetako pertsonaia esanguratsu batek idatzitako antzerkiaren inguruko gogoeta edo gorazarrea irakurriko da. Aurten Krzysztof Warlikowski antzerki eta opera zuzendariak idatzi du testua. Ondoren, Donostia Antzerki Saria eraman duen Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak antzerki lan ederra eskainiko du.

Udaberrian sartzearekin batera ere, Pazko-astean, apirilaren 6tik 11ra, Lekeitio, Markina-Xemein eta Gernika artean dagoen Aulesti herriak antzerki topaketak hartuko ditu. Aulestiko Topaketek bi ezaugarri dituzte, bi zutabe nagusi. Alde batetik, kanpora begira, jaialdia. Herritarrei eskaintzen zaien sorkuntza ezberdinez gozatzeko parada. Eta bestetik, barrura begira, laborategia. Antzerki munduan gabiltzanon arteko topaketa eta euskarazko antzerki formakuntza, transmisio, esperimentazio eta ikerketa (g)unea.

Artedrama Euskal Laborategia, hutsune bat betetzeko asmoarekin sortu genuen duela hamar urte. Bertaratu diren ikasle askok eskertu izan dute topaketa hauen izpiritua eta hainbat irakasle eta arte eszenikoetako profesional pasa dira bertatik. Musikaren alorrean, Xabi Strubell, Aitor Agiriano, Xabi Erkizia; dantzaren alorrean, Natxo Montero, Idoia Zabaleta, Asier Zabaleta; eta antzerkiaren alorrean, Antton Luku, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Pierre Vissler, Pako Revueltas, Aritza Rodriguez, Miren Gaztañaga, Urko Redondo, Ainara Gurrutxaga, Maite Agirre, Igor de Cuadra, Iñaki Ziarrusta, Borja Ruiz, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Iñake Irastorza, Matxalen de Pedro, Eneritz Artetxe, Leire Ucha, Julia Marin, Margarita Altolagirre, Maite Arrese, Belen Cruz, Iosu Florentino eta Miren Alcala. Eta falta direnak! Nork esan du antzerkia euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela?

Duela 25 urte ez nuen horrelako aukerarik izan. Madrilgo Antzerki Eskolarako ikasi nuen lehen testua, Calderon de la Barcaren «Apurarrr cielos prrretendo, ya que me trrratais asi…» izan zen. Orain gutxienez, Xabi Payak egindako itzulpenari esker (Bizitza amets), Segismundoren hitz horiek euskaraz interpretatu ahal dira. Neurri batean hori da Aulestiko laborategiak ahalbidetzen duena. Nik, bere garaian, izan ez nuena. Antzerkia euskaraz ikasteko aukera. Euskaraz mintzatzeko, aritzeko eta adierazteko aukera. Eta oraindik ere lan handia dago egiteko! Badirudi, Eszenika Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola laster zabalduko dela. Ea euskarak hartzen duen tokia zein den. Eskolak ibilbide oparoa izan dezan espero dut. Hala ere, laborategien beharra ezinbestekoa dela sentitzen duen horietakoa naiz. Batek ez du bestea kentzen. Eta bai gehitzen.

Teatroa bizitzeko modu asko dago. Teatroa biziaraztea ere denon esku dago. Aulestiko antzerki esperientziak badu izaera herrikoi bat interesgarria iruditzen zaidana. Badu zerbait benetakoa. Bat-batean, antzerkia ez da kontsumoaren edo merkatuaren menpeko ez dakit zer bilakatzen. Pazko-asteko egun horiek zerbait gehiago dira. Antzerkia jazoera bilakatzen da, eta horrek ez dauka preziorik. Gauza txikien aldekoa ere banaiz, eta Aulestin, badakizu! Esaera zaharrak dioen bezala: herri txiki infernu handi. Beraz, segi dezagun suaren gainean dantzan. Mila esker Aulesti hamar urte hauengatik, eta etortzekoak diren topaketa guztiengatik, Topa!!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.