Noiz sortua: 2018-03-11 00:30:00

Lander Otaola. Aktorea

«Film surrealista bat zuzentzeko asmoa dut»

Grupo Ganga Producciones ekoizpen etxea eta TVE 'Fugitiva' telesaila grabatzen ari dira Benidormen. Familia batek 90 orduan muturreko egoera bat biziko du thriller horretan. Otaolak rol protagonistetako bat du.
TVE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko martxoak 11
Antzerkian Obabakoak eta Striptease antzezlanekin ari da azkenaldian Lander Otaola (Barakaldo, Bizkaia, 1989). Zineman, kamera aurrean eta atzean jartzeko gogoz dagoela azaldu du. TVEko telesailean gustura ari da orain, Benidormen (Herrialde Katalanak): «Hiri honetan edozer gerta daiteke, denetik».

Thriller generokoa da telesaila. Zer-nolako istorioa kontatzen du, eta zure pertsonaiak zer ezaugarri ditu?

Emakume ausart baten istorioa da. Bere bizitza aldatu nahi du; ez du gehiago indarkeria matxista jasango. Hortik aurrera, ezin dut gehiago kontatu... Nire pertsonaia emakume protagonistaren anaia da. Tipo alfer bat, beldurti hutsa, amaren menpean dagoena. Baina egoera berri batek bizitza aldatuko dio.

Zer moduz Paz Vega, Roberto Alamo, Charo Lopez, Mercedes Sampietro eta halako aktoreekin lanean?

Ohore bat da niretzat. Haien zalea izan naiz betidanik. Haien lanekin hazi nintzen. Ezin duzu imajinatu zer den niretzat haiekin lan egitea. Asko ikasten ari naiz haiengandik, eta gainera oso jatorrak dira guztiak. Giro alaia sortzen dute. Duela hamar urte telesail batean Paz Vegaren anaia eta Mercedes Sampietroren semea izango nintzela esan izan balidate, ez nuen sekula sinistuko. Amets bat da.

Zertan izaten ari da berezia telesailaren grabaketa telebistarako egin dituzun beste lan batzuekin alderatuta?

Nahiz eta telebista izan, zinema izango balitz bezala grabatzen ari gara. Lasaitasunez, planoak eta interpretazioa zaintzen. Oso pozik nago, eta asko ikasten ari naiz. Hamar atal egiteko, sei hilabete daramatzagu.

Telesaileko trametan zer garrantzia du Benidormek berak?

Benidorm beste pertsonaia bat da. Oso leku berezia da: Cancun, Las Vegas, Miami eta Salou arteko hiri bat. Eklektikoa, koloretsua eta kontraste askotako lekua; kameran zoragarri gelditzen da. Benidormeko pertsonaiak eta ekosistema islatuko ditugu telesailean.

TVEko fikzio arduradun Fernando Lopez Puigek esan du estetikan eta grabatzeko moduan ezberdina dela Fugitiva.

AEBetako telesailen kutsua du, erritmoaren eta argazkiaren aldetik: Breaking Bad, Ozark... Gainera, aktoreen artean aniztasun handia dago. Aktoreen erdiak Mexikotik etorri dira; ahoskera desberdinak egotea eta fisiko eta profil hain desberdinak azaltzeak handitasuna ematen dio ekoizpenari. Espainiako kateetan ez dira thriller edo akziozko zinta askorik egiten. Produkzio honetan dena eman dute ekoizleek, gidoilariek, zuzendariek... eta hori nabarituko dela iruditzen zait.

ITV kate britaniarrarentzat urtero saio bat grabatzen dute Benidormen. Ezagutzen duzu saioa?

Benidorm izeneko sitcom-a oso ospetsua da. Kasualitatez, egunotan grabatzen ari dira, gu bezala, aldi berean, eta aktoreak gurekin batera daude hotelean.

Lehendik aritu al zara TVEko beste lanen batean?

Bai. El precio de la libertad telefilmean parte hartu nuen. Eta, iaz, Mi princesa Paca telefilmean, Pio Baroja gazte baten rola jokatu nuen. TVEn oso ondo lan egiten da fikzioan. Lasai gabiltza, eta ondo zainduta.

ETBn, ordea, Go!azen telesaila baino ez dago. Zer sentitu duzu 2019an euskarazko telesail berri bat egongo dela jakitean?

Oso albiste ona da. Lana sortu behar du gure telebistak. Aktore oso onak daude beren etxean zain, langabezian. Euskal industria sortu behar dugu. Eta, nire ustez, Euskal Zinemaren Akademia bat ere bai.

Zer garrantzi du fikzioak telebista batean?

Fikzioa kate baten aurpegia da. Vaya Semanita ezaguna da Espainian eta Hego Amerikan, eta, saioarekin batera, gure kultura eta herria ere bai. Horregatik, beharrezkoa da.

Kamera atzean jarri izan zara, hiru film labur zuzenduz. Bide horretatik jarraituko duzu?

Nire azken ametsa pelikula bat zuzentzea da. Proiektu bat daukat beste hiru euskal aktorerekin film luze bat egiteko. Euskaraz eta gaztelaniaz litzateke, aldi berean, bi hizkuntzetan. Pelikula surrealista bat da. Ea ametsa errealitate bihurtzen dugun.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona bat zebrabidea gurutzatzen, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Alokairu turistikoak, debekatuta Lapurdiko kostaldean

Berria

Munduan 70.000 lagun inguru hil dira COVID-19 eritasunaren eraginez, eta atzemandako kasuak ia 1,3 milioi dira; joan den ostegunean, milioi bat ziren. AEBak eta, bereziki, New York dira pandemiaren epizentro berria. AEBetan, 337.000 positibo baino gehiago baieztatu dira, eta 9.600 lagun hil.. 

EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probak. ©Andoni Canellada / Foku

Jaurlaritzak udazkenera arte atzeratuko ditu hizkuntza maila egiaztatzeko probak

Jon O. Urain

Indarrik gabe utzi du maiatzaren 9rako aurreikusitako proba idatzia, eta urrian egingo du. Onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren deialdi horretarako.

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna