Asko dago zehazteko

Altuna II.a sailkatu egin da lau eta erdiko finalerdietarako, eta Victorrek jada ez du aukerarik. Sei pilotari ariko dira hiru toki lortu nahian

Altuna III.a, pilota jotzear, Jaka begira duela, herenegun, Eibarren. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian zehaztuta geratu dira zenbait kontu. Nagusia, Jokin Altuna jada sailkatu egin dela finalerdietarako. Amezketako (Gipuzkoa) aurrelariak 22-18 irabazi zion herenegun Erik Jakari, Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan, eta, horri esker, tokia lortu du dagoeneko finalaren atarikoan. A multzoan ari da Altuna III.a, eta bera da multzo horretan bi partidak irabazi dituen bakarra. Jakak eta Peio Etxeberriak garaipen bana dute, eta Victor Estebanek, bat bera ere ez. Jaka eta Peio Etxeberria elkarren aurka ariko dira igande honetan, Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren, eta, beraz, neurketa hori irabazten duenak egingo du aurrera Altuna III.arekin batera. Amezketarrak eta Victorrek jokatuko dute A multzoko beste norgehiagoka, ostiral honetan, Irunen (Gipuzkoa), Urantzun, baina ezer gutxi dago jokoan, bata sailkatuta baitago eta besteak jadanik ez baitu aukerarik.

Askoz estuago daude kontuak B multzoan, aurreneko bi jardunaldiak jokatuta inor ez baita sailkatu eta inor ez baitago aukerarik gabe. Hala ere, aldea dago batzuek eta besteek dituzten aukeren artean. Hala, Joseba Ezkurdiak eskura du sailkatzea, jokatu dituen bi partidak irabazi baititu. Unai Lasok eta Iñaki Artolak, berriz, garaipen bat dute, eta Oinatz Bengoetxeak, bat bera ere ez.

Ezkurdiak eta Artolak ostiral gauean jokatuko dute Balmasedan (Bizkaia). Arbizuarrak nahikoa du hamabost tanto egitea edo egun bat geroago Lasok Bengoetxea VI.aren aurka galtzea. Artolak, berriz, nahi eta nahi ez irabazi behar du. Galduko balu, ez luke aukerarik izango, eta Laso eta Bengoetxea VI.a lehiatuko lirateke larunbatean Iruñean azken tokia lortzeko. Lasok, hala ere, eskura luke helburua, nahikoa izango bailuke hamalau tanto egitea. Gutxiago egingo balitu, Bengoetxea VI.a pasatuko litzateke. Aldiz, Artolak Ezkurdia hamabost tanto baino gutxiagoan utziz gero, bera sailkatuko litzateke, baita irabazi eta Bengoetxea VI.a nagusituko balitz ere.

Hori guztia, larunbateko lehia jokatuko balitz. Leitzarrak mina du ipurmasailean, eta bihar erabakiko du jokatuko duen edo ez. Uko egingo balio, Lasok 22-0 irabaziko luke, eta sailkatuta legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.