Conductus Ensemble
Lekua: Arantzazuko santutegia (Oñati, Gipuzkoa). Eguna: abuztuaren 23a.
Urteak dira Musika Hamabostaldiak Arantzazuko santutegian emanaldi bereziak antolatzen dituela, Arantzazu Gaur fundazioaren eta Arantzazulab ikerketa zentroaren laguntzarekin. Sinbologia handiko tenplua da Gipuzkoan, eta abuztuan musika herrikoia zein erlijiosoa ekarri izan duten taldeak hartzen ditu. Asteazkenean, Conductus Ensemblek ahotserako idatzitako musika barroko erlijiosoa aurkeztu zuen, Johann Sebastian Bachen eta Antonio Vivaldiren obren interpretazio finduan.
Lehenik Ich lasse dich nicht motetea eskaini zuten (Ez zaitut utziko): bi abesbatzen papera tarteka bi laukotek hartzen zuten, giro arras barrenkoia sortuz. Ondoren interpretatu zuten Nach dir, verlanget mich kantatak ere (Zu zara nire irrika) kutsu bertsua hartu zuen, eta honek markoa ezarri zuen tuttiaren piano landuak zein bakarlarien zatien leuntasuna atzemateko.
Erlijio kristauan, Jainkoaren handitasuna goresteko eta hari laudorioa egiteko otoitzak dira Magnificat eta Gloria; bezperetako ofizioan egiten da lehena, eta bigarrena, aldiz, elizkizun ordinarioetan. Vivaldik ofizioetarako idatzi zituen horien hainbat bertsio, ziurrenik, Veneziako Ospedale della Pieta umezurztegian lanean zegoenean.
Santutegiak, bere handitasunean, akustika neketsua dauka barrokoan nonahi topatu daitekeen kontrapuntuaren zirrikituak behar bezala argitzeko; horregatik, ahotsen multzoa batzuetan pixka bat oretsua suertatzen zen, definiziorik gabea, eta ahoskera ere atzean geratzen zen harien zehaztasunarekin alderatuz. Hori agerikoa izan zen, esaterako, Gloria in excelsis Deo hasieran, abesbatzaren sarreran. Baina, hala ere, soinu ederra zuten ahots guztiek, eta oreka zen nagusi horien zein talde instrumentalaren artean, Sierrak beti erakusten dituen sen onaren eta arreta handiaren gidaritzari esker. Bakarlariek ere luzimendurako aukera izan zuten, eta nabarmenak izan ziren kontraltoaren zein sopranoaren —eta oboearen— parte-hartzeak Domine Deus zatietan. Sargori zen kalean, aintza barrokoa barnean.