Telesailak sortzeko hiru proiektu lagunduko ditu 2deo laborategiak

Zabalik da '2deo serieak' programa berrirako deialdia. Sortzaileek tutoreen babesa izango dute

Aitor Gabilondo, Xabier Berzosa, Clara Montero, Edurne Ormazabal, Jabier Larrañaga eta Maialen Beloki, atzo, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Telesailak sortzen laguntzeko nazioarteko programa berri bat jarri du martxan Donostiako Tabakalerako 2deo laborategiak: 2deo serieak jarri diote izena, eta deialdia ireki dute dagoeneko. Aurkeztutako proiektu guztien artetik hiru hautatuko dituzte, euskarazkoa bat gutxienez. Eta horiek garatzeko hiru tutoreren mentoretza eta 6.000 euroko laguntza jasoko dituzte egileek. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Zinemaldiak lagundu dute programa.

2deo laborategiaren xede nagusia ikus-entzunezkoen arloan euskarazko ekoizpenak sustatzea dela azaldu du Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek, eta helburu horri erantzuten diola programa berriak ere. Bide horretan, Clara Montero kultur zuzendariak gogorarazi dumartxan dituztela beste hainbat egitasmo, hala nola Ikusmira Berriak zein Noka Mentoring. Horiei batuko zaie orain 2deo serieak, telesailen sortzaileentzakoa.

Deialdiaren bidez, Monterok esan duenez, esku artean telesail baterako proiektu bat duten sortzaileak huraxe aurkeztera gonbidatu nahi dituzte. Martxoaren 8ra arteko epea izango dute, eta denen artetik hiru hautatuko dituzte; horietako bat, gutxienez, euskarazkoa izango da. «Programak euskarazko proiektuei emango die lehentasuna, eta haien presentzia bermatuko da. Baina, halere, programa nazioartekoa izango da, pentsatzen baitugu hemengo sortzaileentzat onuragarria dela kanpoko sortzaileekin elkarlanean aritzea», azaldu du Monterok. «Programa nazioarteko anbizioarekin dator, pentsatzen dugulako Euskal Herriko proiektu batek gure mugetatik at doan oihartzuna lor dezakeela».

Apirilean emango dute jakitera zein diren aukeratutako proiektuak. Ondoren, egileek hiru mentoreren babesa eta laguntza izango dute, haiek garatzeko eta telesailen eta «batez ere plataformen munduaren egiturak hobeto ezagutzeko», zehaztu du Monterok. Aitor Gabilondo hainbat telesailen sortzailea —El Príncipe, Allí abajo, Madres, Patria...—, Xabier Berzosa Irusoin eta Moriarti Produkzioak-eko ekoizlea —Loreak, Handia, La Trinchera infinita...— eta Christine Vachon AEBetako Killer Films ekoiztetxeko kidea—60 filmetik gora eta hainbat plataformatarako telesailak sortu dituena— ariko dira tutoretza lanetan. Prozesuak «aberatsagoak» izate aldera, hirurek hiru egitasmoen jarraipena egingo dute.

Parte hartzeko aukerarekin pozik agertu da Berzosa. «Guretzat ere aukera bat da sortzaileek buruan zein ideia eta ikuspegi dituzten ikusteko, eta guk ere ikasteko». Gabilondok azaldu du duela urte asko halako ikastaro bat egiteak «bizitza aldatu» ziola, aukera eman ziolako ikus-entzunezkoen munduan sartzeko. «Mundu nahiko itxia da hau, eta, normalean, barrutik atea irekitzen ez badizute, zaila izaten da sartzea, talentu handia izan arren».

Haien laguntzaz gain, 6.000 euro ere jasoko ditu sortzaile bakoitzak, «sorkuntza prozesuari denbora dedikatu ahal izateko», Monteroren hitzetan.

Irailean, topaketa

Sortze prozesuen helmuga zein izango litzatekeen ere zehaztu du Monterok: «Irailera iristea ahalik eta kalitaterik handieneko proiektuekin, proiektu sendoekin». Izan ere, irailean, Zinemaldiarekin lankidetzan, sektoreko profesionalei proiektuok aurkezteko topaketa bat egingo dute. «Talentu berrien garapenean laguntzea» jaialdiaren helburu estrategikoetako bat dela gogorarazi du Maialen Beloki zuzendariordeak.

Halaber, ikus-entzunezkoen merkatuan euskarazko eskaintza bat egotearen garrantzia nabarmendu du Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak, baita horretarako prestakuntza bultzatzearena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.