Albistea entzun

Denaren eta izan zitekeenaren linboan

Pandemiaren txinparta piztu izan ez balitz, bestelako txinparta piztuko zen Iruñean. Jaien egun handian, prozesioan parte hartu beharko lukete Aritz Ibañez dantzariak eta Zuriñe Mayo musikariak. Lehengo zein oraingo bizipenak kontatu dituzte.
IÑIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko uztailak 8

Pandemiaren txinparta piztu izan ez balitz, bestelako txinparta piztuko zen Iruñean. Zortzi egun luzeri aurre egiteko gertu legoke hiria uztailaren 7ko egun handian. Lehen dianak, lehen entzierroa eta ezkila hotsak hastear behar lukeen prozesiora deituz. Han egon behar lukete Zuriñe Mayok eta Aritz Ibañezek. Lehenak, Pamplonesako kideekin, klarinetea jotzen; bigarrenak, Dugunako dantzarien jantzi dotorea soinean duela. Ez dago halakorik. Denaren eta izan zitekeenaren linboan harrapaturik da Iruñea.

Halakoxea da errealitatea. Guztiei bezala, pandemiak eta alarma egoerak goitik behera baldintzatu die euren jardun maitatua, hala musika nola dantza. Biek etxetik entseatu dute. «Hasieran, uste genuen Aste Santura arte izango zela, baina luzatzen joan da», dio Zuriñe Mayok. Udalarekin etengabeko harremana izan du Pamplonesak; baina konfinamenduaren ondorioz, kontzertu zikloak bertan behera geratu ziren.

Itzulera baldintza berezietan egin dute Pamplonesak zein Dugunak. «Entseguetan, bi metroko distantzia gordetzen dugu, eta metakrilatoko pantailak gure artean ditugu. Lehen, ohituta geunden musikariak binaka egotera, eta, orain, geurea soilik entzuten dugu, etxean bageunde bezala», azaldu du Mayok. Ibañezen kasuan, beroketan distantzia gorde dezakete; baina dantzatzeko, maskara jartzen dute: «Bitxia da egoera. Erabili aurretik eta ondoren, materiala garbitzen dugu, eskuak garbitu, baina inork ez digu protokolorik eman, eta, batzuetan, ohartzen zara zerbait gaizki egitean ari zarela».

Sanferminik ez

Konfinamenduaren gordinean, apirilaren 21ean, iragarri zuen Iruñeko Udalak sanferminik ez zela izango. Ibañezek ikusten zuen festarik ezin zela egin: «Hemen egoten gara kasik bata bestearen besapean, eta hori ez da bateragarria egungo egoerarekin. Nire dolua egin dut, neure lanketa prozesua, eta, orain, ez naiz gehiegi sufritzen ari». Mayo, aldiz, harritu zuen udalaren apirileko iragarpenak. «Nik ez dut dolurik egin behar izan, baina ez nuen imajinatzen halakorik. 'Seguru ez direla egingo?', nion nire baitan».

Ateak ireki dira, kaleak bete, eta uda giroak festarako irrika piztu du. Sanferminik gabe, jairik bai? Inor epaitu nahi gabe, bere gogoeta egin du Ibañezek: «Urteak daramatzagu esaten sanferminak neurrigabeko parranda baino askoz gehiago direla, eta ematen du orain jendeak hori nahi duela. Pamplonesarik gabe, Jarauta 69 gabe, erraldoirik gabe, dantza egin gabe... niretzat ez dira sanferminak». Ez du ulertzen udalaren jarrera anbiguoa ere. «Iruditzen zait ikaragarria. Eskatzen dio jendeari ez biltzeko, baina gero dabil auzoei eskatuz antolatzeko, alkatea mezatara joaten. Ez badago ezer, nolatan?». Egunotan bizikleta hartu eta Iruñetik alde egin du, ihesi.

Udalak bost kontzertu jarri dizkio Pamplonesari ez-sanferminen garaian; bata, uztailaren 7koa. «Argi dugu ez dugula sanferminekin zerikusia duen gairik joko», azaldu du Mayok. Hortik aurrera, urteko kontzertu guztiak bertan behera geratu dira, Serafin Zubirirekin hitzartuta zegoen bat izan ezik. Ibañezek, berriz, urtea «galdutzat» ematen du.

Errealitatetik ihesi, izan zitekeenaren eremuan, biek prozesioan egon beharko lukete. Sentipen kontrajarriak dituzte. «Lehen urteetan esaten zidaten, bai, kontuz ibiltzeko uztailaren seiarekin, gero zazpia etortzen delako eta nahiko gogorra delako. Guk dianak ditugu goizean goiz. Egin, arropa aldatu, eta, gero, bost ordu; baina egun polita da». San Lorentzo elizatik aurrera, santuaren irudia hartzen denean, prozesio martxak jo ohi ditu Pamplonesak: «Joaten gara erritmoa gordetzen, ia-ia dantzan. Beroa egiten duenean, gure arropekin, nekagarri egiten da», azaldu du, nahiz eta zehaztu gogoko dituela doinuok.

Dugunako udal dantzariei beste funtzio bat dagokie: «Gure rola da udalbatza laguntzea, paseatzea. Amaieran baizik ez dugu dantza egiten, baina prozesioa berandu bukatzen da, eta desegin. Erraldoiek ospa egiten dute, eta jende asko atzetik doa». Ibañezek une hori du gustukoena. Aldiz, luze egiten zaizkio santuaren irudia Alde Zaharreko kaleetan barna doanean egiten diren geldialdiak. «Hartu du halako lehiaketa kutsu bat, zeinek botako jota gehiago. Bakoitzak nahi du bere burua erakutsi. Antzezpen kutsu bat du».

«Bai, gero eta luzeago egiten da. Nik gogoko dut bukatzen denean», dio barrez Mayok. Bost ordu horietan, prozesioaren atzealdean doa Pamplonesa, baina han, kolore politiko bateko eta besteko herritarrek txalo egiten diete gogoz. «Gurekin ongi portatzen dira. Maite du jendeak Pamplonesa». Aldiz, ez zaie gauza bera gertatzen politikariei. Adibidez, Curia kalean. Ibañezek uste du prozesioaren parte dela egun, eta, bere garaian Riau-riauean bezala, une hori izaten dela «politikariak herri xehearen mailan jarri eta herritarrek diotena entzuteko».

Aurten ez da halakorik izan. Denaren eta izan zitekeenaren linboan, errealitateak bere nagusitasuna inposatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iñaki Jauregialtzo erakusketaren egilea, atzo, Gasteizko Ignazio Aldekoa kultur etxean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Poesia zabaltzeko moldeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Iñaki Jauregialtzok buztina eta olerkia bildu ditu 'Lur bustian idatziak' erakusketan, Poetak Maiatzean nazioarteko poesia jaialdian, Gasteizen. Egitasmoaren asmoetako bat poesia gizarteratzea da.
Irrintzilari bat, mendian, <em>Erraiak</em> dokumentaleko irudi batean. ©ERRAIAK

Irrintzi bat kontsultan

Iker Tubia

Ana Martinez mediku foniatrak irrintzia ikertu du bere doktoretza tesian. Oihua deskribatzeko aukera izan du, eta haren espektro harmonikoaren morfologia ezohikoa dela ikusi du. Irrintziaren teknika batzuk ahotseko gaitzak sendatzeko eta zintzurra ez mintzeko baliagarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu du.

Mikel Aingeru eta Arantza Arpon Melero gozogileak, Iruñeko Miravallesen lanean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Begetalak eta tradizionalak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko Miravalles gozotegiak 30 urte daramatza opilak modu tradizionalean egiten. Belaunaldi aldaketarekin batera, errezeta berriak iritsi dira, jatorri begetala duten gozoak egiten hasi baitira.
Hainbat diziplinak bat egin dute <em>DAU</em> ikus-entzunezko proiektuan. ©. BERRIA

Iraultzaileek neurrira eraikitako kartzela

Mikel Yarza Artola

Filminek 'DAU' proiektuaren lehen bi zatiak estreinatu ditu. Hamabi urtez, 700 ordutik gora filmatu ditu lantalde errusiar batek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.