Euskal presoak

Erkorekak gogorarazi du eri handi diren presoak libre gera daitezkeela

104. artikulua aipatu du, gaixo diren presoak hirugarren gradura pasatzea aurreikusten duena

gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gogora ekarri du, presoak sorterritik gertu egotea ahalbidetzen duen arauaz gain, espetxe legedian badagoela gaixo handi diren presoei buruzkoa ere, 104. artikulua alegia, eta, horren arabera, «gaixotasun larriak edo oinaze sendaezinak dituzten pertsonek» aukera dutela hirugarren gradua lortzeko «gizatasun eta duintasun arrazoiengatik».

Hirugarren graduak erregimen irekia dakar, eta horretan egotea lehenengo urratsa da baldintzapeko askatasuna lortu ahal izateko.

«Beraz», erantsi du Erkorekak, «badaude agindu bereziak, hirugarren gradua ahalbidetzen edo aholkatzen dutenak» gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan.

Egun, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten 24 preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko kartzeletan. Horietatik bost bigarren graduan daude, eta gainerakoak lehenengo graduan.

Presoen urruntzea ere hizpide hartu du Erkorekak. Gogorarazi du legeak «agindu argi eta agerikoa» ezartzen duela horren inguruan, hots, zigorra betetzean saihetsi behar dela presoaren deserrotzea ekar dezakeen edozein neurri, arau hori aplikatzeko salbuespeneko arrazoiren bat ez badago.

«Guk ez dugu horrelako salbuespeneko arrazoirik ikusten», esan du Erkorekak, «eta, beraz legea besterik gabe aplikatu beharko lukete». Presoak «albait arinen» gerturatu beharko liratekeela uste du, «luzamendutan ibiltzeko arrazoirik» ez duelako ikusten.

Beste aldetik, Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoalibre geldituko da bihar, zigorra bete ostean. Lopez de Abetxuko gasteiztarra 1949an jaioa da, 27 urte eman ditu espetxean, eta bihotzeko zenbait gaixotasun ditu: eritasun larriak dituzten presoen zerrendan dago. Azkenaldion Villabonako kartzelan (Espainia) egon da, bigarren graduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.