HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Osaba Petros eta Goldbachen aierua'

Motibazio bila

Idazlea: Apostolos Doxiadis. Itzultzaileak: Ane Oliveros, Gaizka Zabarte. Argitaletxea: Denonartean.

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Mundu osoan eragina izan duen eleberria da, 1992an argitaratu zenetik, Grezieraz lehenik, ingelesez ondoren. Publizitateak dioenez,40 hizkuntzatara baino gehiagotara dago itzulia, eta, 2000. urteko ingeles argitalpenaren harira, argitaratzaileek milioi bat dolar eskaini zituzten azalean izendatzen den aieru matematikoa askatzeko gai zenarentzat. Ez zuen inork irabazi.

Izan ere, matematika erdigunean jarrita garatzen den eleberria da Osaba Petros eta Goldbachen aierua, profanoentzako harrigarriki irisgarria dena, nire haragitan frogatu ahal izan dudanez.

Proposatzen zaigun istorioa gazte baten begietatik garatzen da, Papachristos familiako hiru anaietako baten semearen begietatik. Familia eredu tradizionala osatzen dute papachristostarrek, negozioak eta bizitza elkarrekin kudeatzen dituzten horietakoa, ziurrenik aitonak hiru anaiei utzi zien fabrikak elkarrenganako indar zentripetu gisa funtzionatzen zuelako. Petrosek txikitatik matematikarako gaitasun aparta erakutsi zuen, eta, horregatik, aitonak jesuiten eskolara bidali zuen, haiek baitzuten ospe handiena matematikari zegokionez. Hazi ahala, matematikarako zuen dohaina mugagabea zela ematen zuen, eta 15 urte zituenerako jada Berlingo unibertsitatean ikasten ari zen, matematikari bikainen artean. Hargatik, gaztaroa aurrera zihoala zerbait gertatu zen, haustura erabateko bat, Petros erabateko erretirora eramango zuena.

Narratzailea den ilobak ez du honen guztiaren berri jakingo kontakizunaren hasieran. Berak dakien bakarra da aitak eta osaba Anargyrosek ezin dutela parean ikusi. Hari buruz hitz itsusiak besterik ez dute esaten. Soilik urtean behin elkartzen dira Petrosekin, San Joan egunean, aitonak markatutako tradizioari segika, Petrosen bizileku den familiako landetxean. Gainerakoa ikuskizun da, deskubritu beharrekoa, zeren osabak badu zerbait mutikoa indarrez erakartzen duena.

Narrazio honek bi ardatz ditu, bere diskurtsoari mamia ematen diotenak. Agerikoa da, batetik, matematikari buruzko informazio askotxo jasotzen dugula, gehienbat XX. mendearen lehen erdikoa, (egiazko) matematikari ospetsuen bizipenak eta ikerketak tarteko. Ahalegin handiena alderdi horrek eskatu dit niri, eskolako matematika oinarrizkoenaren jabe naizenez. Askoz erosoago sentitu naiz liburu honek duen beste alderdi horretan, bizitzaren ezinbesteko erabakiei buruzko galderak eragiten dituzten hainbat eta hainbat egoeratan. Zer esango dut, irakurraldia asko samurtu dit, adibidez, pentsatzen aritzeak ea eskuragarriak diren helburuak ezartzea ote den bizitzaren sekretua, ea ez al den ederragoa ezinezkoa dirudiena lortzearekin amestea, eta abar.

Azken ohar bat. Testua narrazioa bezain zorrotza da, idazkera kultua erabiltzen du, eta, sarri, matematikaren lege eta aieruak agertzen dira, Goldbachen aierua tarteko: «Bi baino handiagoa den zenbaki bikoiti oro bi zenbaki lehenen batura da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.