Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

«Trikutu» ditu azalak

Sustrai Colinak irabazi du Irungo finalaurrekoa, 710 puntu eskuratuta. Baionan kantatuko du azaroaren 26an. Nerea Ibarzabal izan da bigarren, 673 punturekin
Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina kantuan, atzo, Irunen jokatutako hirugarren finalaurrekoan.
Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina kantuan, atzo, Irunen jokatutako hirugarren finalaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko azaroak 6 - Irun

Bere zigilua jarri zion Sustrai Colinak atzo Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) jokatu zen saioari. Bere estiloan aritu zen ariketa denetan; aldiro ale bikainak utziz. 710 punturekin nagusitu zen sei bertsolarien artean. Horrenbestez, emandako erakustaldiaren ordainetan, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen hurrengo itzulira. Baionako saioan kantatuko du azaroaren 26an.

Koska batera, atzetik izan zuen Nerea Ibarzabal, 673 puntu bilduta. 660,5 puntu izan ziren hirugarrenarentzat, Jone Uriarentzat. Tartea atera zion hurrengoari, 644 punturekin egin baitzuen laugarren Miren Artetxek. Bederatzi punturen aldea atera zion azken-aurrenari, Maddalen Arzallusi (635), eta Ane Labakak egin zuen azken, 631 puntu eskuratuta. Puntuazio aldetik, aurreko saioek baino beheragotik jo zuen atzokoak, eta, hain justu, izan zen publiko artean horrekiko desadostasunik.

Zortziko handiko ariketarekin ekin zioten sei bertsolariek saio puntuagarriari. Lan horretan nabarmentzekoa izan zen Ibarzabalek eta Colinak osatu zuten ariketa. Maialen Belarra gai emaileak jarritako gaiaren arabera, duela zenbait aste euren auzoko etxe batean lapurrak sartu ziren, eta, geroztik, zaintza kameren eta alarma sistemen iragarkiak heldu zaizkie gutunontzira. Hala bota zuen Colinak: «Pobrearentzat ezta ogia/ aberatsen kutixia/ zainetan dugu eskuinaren/ gizarte analisia/ eta horrela bihurtzen gara/ norberaren polizia». Eta hau erantzun Ibarzabalek: «Bata bestearen kontrolatzaile/ ta zelatari finenak/ kamera kale ertzetan eta/ poliziaren sirenak/ hor kontrolatzen dira lapurrak/ ta lapurrak ez direnak». Colinak eman zion amaiera bertsoaldiari: «Nahiago dugu gure oskolan/ barneratu ta zahartu/ ordea, dudan baldin bagaude/ alarma hartu, ez hartu/ jada zeozer ostu digute/ nahiz ta etxean ez sartu».

Zortziko txikian ere fin aritu zen irabazlea. Artetxerekin jardun zuen orduan, eta, ariketa horretan ohikoa den legez, umorez busti zuen nork bere pintzela. Gaiak zioen elkarren lagun zirela: Colinak etxean lanak abiatu nahi dituela-eta, Artetxe aurkeztu zaio hari laguntzeko boluntario gisa. Ordea, behar ez zuen horma bat bota du Artetxek. Metafora batez ilustratu zuen lehen bertsoa Colinak: «Beti baitzaude gertu/ gainera debalde/ baina utziko duzu/ halaxe bazaude/ gure laguntasuna/ zutaberik gabe». Mazoa hartu, eta hasi zen lanean Artetxe. «Utzi dizut moderno/ utzi dizut apain/ minimalist style-a/ uztazu nere gain/ Open Concept/ deitzen zaio orain». Barrez lehertu zen oholtzapea, eta hori lortu zuen Colinaren erantzunak ere. «Aizu Miren, ni enaiz/ Urkulluren banda/ enauzu engainatzen/ inglesez esanda». Hala borobildu zuen Artetxek bertsoaldia: «Baina lagunak gara/ eta Sustrai benga/ Euskadi Auzolana/atera merienda».

Binaka, puntuka osatu behar izan zuten ariketan, Labakak eta Arzallusek zein Ibarzabalek eta Artetxek utzi zituzten alerik politenak, eta Bertsozale Elkarteak zabaldutako puntuazio taula da horren erakusle.

Sei puntu motzeko lana izan zen segidan, eta ateraldi onak utzi zituzten ariketa horrek ere. Ibarzabal eta Arzallus, esaterako, orain gutxi etxalde batean bizitzen jarritako bikote baten larruan jarri behar izan ziren; euren kontsumorako abere batzuk haztea erabakia zuten, baina, unea iristean, Arzallusek Ibarzabali aberak ez hiltzea proposatu behar zion. Arkumearen triste begirada jasanezina zitzaiola kantatu zuen Arzallusek, eta honakoa erantzun zion Ibarzabalek: «Leku honetan erein ditugu/ esperantza pila/ gure arkumetxo umila/ etxean gera dadila/ ta gero dendan erosi beste/ baten txuletila». Animalien eskubideen alde agertu zen ondotik Arzallus. «Zu horren zara ilustre/ jakintsu ta handiuste/ animaliek eskubideak/ izango dituzte». Ibarzabalek asmatu zuen horri ere erantzuna ematen: «Pasata urteen langa/ gera daitezen etzanda/ biziko gara bildotsan partez/ ardi zaharra janda».

Ganbara izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa. Ondorengo gaiaren gainean kantatu behar izan zituzten hiruna bertso: «Kalean zoazela haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara». Hartu beharreko bidea ez zuten zabalegia izan bertsolariek, baina ahots hori zeinena zen bai zehaztu behar izan zuten.

Denek osatu zituzten bertso gozagarriak, baina Colinak bildu zituen, nabarmen, puntu gehien (149) ariketa horretan. Kalean paseatzen zebilela, klasekide izandako bat kale ertzean eskale gisa irudikatu zuen, eta irudia jarri zuen oholtza gainean.Hala abiatu zuen bertsoaldia: «Klasekideak ginenak lehen/ orain hor zaude eta ni hemen/ zu zurean ni nerean/ baina ez klase berean». Klasekide ohiak besarkada eman, eta hari zer esan jakin ez duela kantatu zuen segidan. Hurrengo bertsoarekin amaitu zuen ariketa:

Azala oskol bilakatu zait
ta trikutu zait sabela
nere barnean pentsatzeraino
hustu behar nuke sakela
ezin direnak inolaz bete
zoritxarrean ez al zarete
zu eta zure kapela
igual pintxo bat ordain nezaken
edo ordaindu hotela
zure ahotsa gogoratzean
ume garaian bezela
hurbildu ondoren zure ertzera
burumakurka joan naiz etxera
gaur badakit dena dela
ni ere izan nintekeela.

Hurrengoa Durangon

Datorren larunbatean Durangon (Bizkaia) jokatuko den finalaurrekoaren zain egon beharko dute atzo kantatu zuten bertsolariek hurrengo itzulira pasatuko diren edo ez jakiteko. Aitor Bizkarra, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza ariko dira kantuan Landako gunean, eta, horren ostean, sailkapen orokorrean puntuaziorik baxuena duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Aurrera egiten dutenak, berriz, ez dira hutsetik hasiko: lehen faseko eta bigarren faseko puntuak batuta erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren final handirako.

Durangoren ostean eta Iruñera heldu bitartean, ondorengo hiru hitzorduek osatuko dute txapelketaren azken fasea: azaroaren 19an Amurrion (Araba), azaroaren 26an Baionan eta abenduaren 3an Bilbon.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Miren Mujika Telleria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.