SOSLAIA. Ursula von der Leyen

Krisiak saihestuta, Bruselara doa

JENS SCHLUETER / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak alderdikideen haserrea eragin, eta ezezko borobila jaso zuen Europako Batzordeko presidente kargurako Frans Timmermans sozialdemokrataren hautagaitza onartuko zuela jakinarazi zienean. Finean, matxinada horrek blokeatu zuen zerrendaburuen artean babes handiena lortzear zegoen hautagaitza, eta, egoera horren aurrean, Merkelek inor gutxik espero zuen erabakia hartu zuen atzo: Ursula von der Leyen (Ixelles, Belgika, 1958) Alemaniako Defentsa ministroaren hautagaitza proposatzea.

Herrialde horretako indar armatuen bilera informal batean zegoela esan zioten Von der Leyeni haren izen-abizenak jarri zituztela mahai gainean Europako Batzordeko presidente kargurako. Alemaniako Defentsa ministroaren kargua hartu zuen lehen emakumea izan zen, eta gauza bera egin lezake batzordeko presidentetzan, Europako Parlamentuaren babesa jasotzen badu.

Europako kargu garrantzitsuenen negoziazioetan, estatu kideen arteko adostasunak ganberako bozketetan islatzen dira, hautagaitzei ezezkorik ez emateko. Ordea, sozialdemokraten diputatu taldea akordioaren aurka agertu da, eta ikusteko dago konta bozkatzera ausartuko diren. Europako Alderdi Berdearen ordezkariek ere planaren kontra egin dute, eta gainontzeko talde politikoentzat bide bera hartzeko argudio bilaka daitezke Von der Leyenek izan dituen krisi politikoak.

Alemaniako Defentsa ministroa Bruselara bidean da etxean hainbat krisi saihestu ostean. Aholkularien afera deiturikoa izan zen azkena: Defentsa ministerioak milioika euro ordaindu zizkien nazioarteko hainbat enpresari, ministerioaren egitura zaharkitua modernizatzeko; hori bai, kontratuak harreman pertsonalen arabera adostu zituzten. 2015ean, gainera, Alemaniako Defentsa ministroari egotzi zioten doktorego tesia plagiatu izana, eta urteotan aurre egin behar izan dio armadan izandako eskandalu bati; eskuin muturreko ideologia duten soldadu batzuek talde bat osatu zuten, eta herrialdean erasoak egiteko prestatzen ari ziren.

Krisi horietatik bizirik atera zen, eta, azken uneko ezustekorik ezean, Merkelek aliatu bat izango du Europako Batzordeko kargu garrantzitsuenetako batean. Europako Batasunean begi onez ikusi dute haren hautagaitza, europazale amorratua izateaz gain, europar integrazioan sakontzearen aldekoa baita; Von der Leyenentzat, helburua da sistema federal bat osatzea.

Alemanian izan duen esperientzia politikoak eta haren soslaiak sinesgarritasuna eman dio Europako Batzordeko presidente kargua hartzeko; 2005az geroztik egon da kantzilerraren gobernuetan, aurrez Saxonia landerrean ibilbide oparoa izan zuen eta hiru hizkuntza dakizki: alemana, frantsesa eta ingelesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.