elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ezkortasunak jota

2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Igande iluntzea, autoa uzteko garajera bidean, hara eraman behar nauen kalea itxita topatu dut; han, barrenean, kalearen erdian, anbulantzia bat dago argi urdinak piztuta. Autoa, kostata, aldirietan aparkatu, eta itzuli naiz oinez itxita jarraitzen duen kalera. Zer gertatu da ba? «Suizidio ahalegin bat», esan didate, ahotsa beheratuz, misterio puntuarekin, nahigabea estali ezinik.

Igande arratsaldeetako tristura sobera ezagun eta partekatua da. Nik uste nuen erretiroa hartzean sindrome hori desagertu egingo zela, astelehen goizean lanera joateko premiarik ezean. Ba ez, igande arratsaldeak lehen bezalakoak izaten jarraitzen dute, tristuraren putzuan erortzeko apartak.

Gero, gainera, boladak daude, eta azken bi urte luzeetako hau bereziki aldrebesa eta astuna ari da gertatzen. Pandemiak atzera egin ahala, gerra kontuek hartu zioten txanda; Errusia-Ukrainakoaren arrimuan, misil dantza hasi dute: Ipar Koreak Japoniarantz jaurtitakoa; Hego Koreak eta Estatu Batuek lau misil balistikorekin eman zuten erantzuna. Gerra Hotza deitzen diote jokoari. Pedro Sanchez presidente espainiarra eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Coruñan akordioa sinatzen defentsako aurrekontuak emendatu eta armagintzaren industria bultzatzeko prest, Europako Batasunaren etaNATOren esparru osoan. Nord Stream gasbidearen afera iluna. Misil hiltzaileak Kieven herritarren kontra...

Politika horien ondorioz (edota aitzakian) inflazioa puzten: elektrizitatea eta erregaiak etengabe gora, bizimoduaren garestitze geraezina... herritarrok lepo bueltan soka geroz eta estuago, itolarria sentitzeraino, baina otzan aldi berean. Botereak pandemiarekin frogatu zuen mundua gelditu zezakeela, maneiatu zezakeela nahierara, herritarrak desaktibatuz. Eta horretan gaude. Udazkenak aurrera egin ahala, arboletako hosto zimelduekin batera, berri geroz eta oker eta nahasiagoak datozkigu gainera, ezarian-ezarian egoera apokaliptikora apuntatzen dutenak.

Eta horrela, azkenaldian jasaten ari garen sekuentzia horren ondorioetako bat albiste ernegagarriei muzin egiteko tentazioa da, ezta? Egunkaria arineketan pasa eta irrati-telebistetako albistegiei ez-entzuna eta ezikusia egiteko joera. Joera unibertsala, nonbait: «Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek». (BERRIA, 2022-09-28, Iker Tubia). Mundu osoko 93.000 laguni egindako inkestatik atera omen ditu ondorio horiek Reuters institutuaren txostenak.

Egungo albisteek hartzaileei dakarzkieten ondorioak —«eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa»— azpimarratzekoak dira guztiak ere. Nor ez dute zamatu azkenaldian? Zamatu eta psikologikoki ukitu. Ondorioetako bati bigarren azpimarra jarri nahi diot: konfiantza faltari. Ez da zehazten konfiantzak huts egite horizerekiko edo nortzuekiko den, baina uler daiteke —hala ulertzen dut nik— agintearekiko dela. Maila guztietako agintari eta erakunde politikoekiko eta, azken batean, sistemarekiko. Erantzuteko gai izango ote garen? Hori beste kontu bat da.

Anjel Lertxundik Ukrainako gerraren harira: «Sinesgaitza egiten da gizaki kontsideratzen den inork nola abiarazi dezakeen gerra bat, noiz, eta humanitatea gainditzen-edo ari zenean historiak ezagutu duen lehen peste globala. Tragedia bati beste tragedia bat. Minari mina. Pandemia naturak eragina zen, ordea. Gerra gizakiak». (BERRIA, 2022-10-02). Tunel beltzean, gu izenburua ipini dio Lertxundik idatziari. Ezkortasunak jota gaude; hori aitortzea bada zerbait.

P.D. Atzo —asteazken goiza— kalea itxita zegoen berriro, anbulantzia eta suhiltzaileen kamioiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.