Emakumeen Nazioarteko Eguna. FATMA GALIA

Eman nahi eta ezin

Sahararra da Galia, eta, beste migratzaile askoren moduan, zaintzan aritu da batez ere. Dioenez, etorkinek ekarpen handia egin dezakete; gizarteak nahi ote duen da galdera.

BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Fatma Galia Aaiunen jaio zen (Mendebaldeko Sahara), eta Euskal Herrian bizi da 2000. urtetik. Kazetaritza ikasi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta idazlea ere bada: bost poesia liburu argitaratu ditu orain arte. Bere literatur lana dela-eta, batzar, jardunaldi eta aurkezpen ugaritan parte hartu behar izaten du. Aste honetan, esaterako, Bartzelonan (Katalunia) izan da, azken liburua aurkezten.

Eta, hala ere, langabezian dago Galia 2010etik, eta beharrean jardun duenetan etxeko langile aritu da, adinekoak zein adin txikikoak zaintzen, eta etxeko bestelako lanak egiten. Lan «duina eta sozialki oso garrantzitsua» da, haren esanetan, baina askotan gaitzetsia eta oso gaizki ordaindua.

«Zaintza oso garrantzitsua da gizartean. Horri esker lortzen dute beste pertsona batzuek etxetik kanpo jardun ahal izatea. Lan duina da, baina esker txarrekoa. Ez dago beste lan batzuk bezain aitortua», dio Galiak.

Lan baldintzak

Onespen falta horren erakusgarririk behinena lan baldintzak dira. «Ez du langabezia saria jasotzeko eskubiderik ematen, ezta gaixoaldi luzeetan kobratzeko ere. Oso gutxi irabazten da, lau euro orduko. Zortzi orduz lan eginda, langile batek 32 euro baino ez du kobratzen egunean. Kotizatu egiten da, baina soilki erretirorako; kotizazio horrek ez du langabezia saria kobratzeko aukerarik ematen».

Duela gutxira arte, ugazaba askok ez zieten etxeko langileei kontraturik egiten. Hori aldatu da neurri batean, baina, hala ere, kontratuak oso epe laburrekoak izaten dira, ordezkapenak-eta. «Gainera, ez dizute beste lanik bilatzeko aukerarik ematen. Egun batetik bestera esaten dizute biharamunean lanera ez etortzeko, eta kito. Eta zereginen zerrenda oso lausoa da».

Munduko Emakumeak elkarteko kidea da Galia. Dioenez, bera bezalako emakume asko ezagutu ditu han: munduko hainbat lekutatik etorriak, unibertsitate ikasketak dituztenak, independenteak. «Emakume etorkinok ekarpen handia egin ahal diogu euskal gizarteari. Baina badirudi euskal gizarteak zaintzaile gisa baino ez gaituela nahi».

Ezinegon handia sortzen dio horrek, batez ere, belaunaldi berriei erreparatuta: «Gure seme-alabak hemen jaio dira. Nire alabek D ereduan ikasi dute. Baina askok ez dute ikasketekin jarraitu nahi, ikusten dutelako ez duela merezi, ahalduntze prozesu hori alferrikakoa dela. Frantzian dagoen eredua hemen ere errepikatzeko arriskua dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.