Zientzia. ARGI ALDIAN

Edan barik mozkor?

Nerea Osinalde - EHUko Biokimika Saileko irakaslea

2019ko urriak 18
Lagunekin elkartu zara afaltzeko. Hasteko, hanburgesa bikoitza, patatekin eta kola freskagarriarekin. Amaitzeko, garaiko sagar-tarta ederra. Bapo afaldu ostean, autoa hartu duzu etxera bueltatzeko, eta alkoholemia-kontrol batekin egin duzu topo. «Positibo», esan du agenteak. «Nola? Ez dut alkoholik edan eta!», erantzun diozu harrituta. Txantxetako egoera dirudien hori, autodestilazio sindromea pairatzen dutenei gerta dakiekeen errealitate gordina da.

Gure digestio aparatuan milioika mikroorganismo ditugu, bakterioak, onddoak eta legamiak, besteak beste. Batez ere legamiak dira hartzidura egiteko, hots, azukreak alkohol bilakatzeko ahalmena dutenak. Guztion hesteetan daude legamiak, baina sortzen duten alkohol kantitatea oso txikia denez, gibelak deuseztatzen du gugan inolako ondoriorik eragin gabe. Arazoa sortzen da legamia gehiegi izateagatik, organismoak jakietako azukreak eraldatu, eta alkohol gehiegi ekoizten duenean. Izan ere, intoxikazio etiliko horren ondorioz, edozein mozkorralditan ohikoak diren sintomak agertzen dira.

Alkohol tantarik dastatu ez dutenen mozkorra saihesteko, bi aukera nagusi daude. Batetik, azukre urriko dieta jarraitzea, azukrerik gabe legamiek ezin baitute alkoholik ekoitzi. Eta bestetik, legamiak erasotzen dituzten farmako antifungikoak hartzea. Baina betiko legez, salbuespenak daude.

2014an autodestilazio sindromea diagnostikatua zuen 27 urteko gizon txinatar bat Pekingo ospitalean artatu zuten. Farmako antifungikoek ez zioten inolako hobekuntzarik eragiten, beraz, legamiak ez ziren bere gaitzaren eragileak. Haren odoleko alkohol-maila altua zen, alkoholik edan gabe ere, eta kola freskagarriak edaten zituenean, are altuagoa. Azukretan aberatsa zen dieta janez gero ere, haren odoleko alkohol-mailak erruz egiten zuen gora, odol dezilitroko 400 miligramoraino. Hau da, 40 gradu dituen whiski baten hamabost tragoxka edan ostean neurtu daitekeen alkohol-mailaren pareko balioetaraino.

Intoxikazio etilikoaren jatorria aurkitzeko asmoz, gizonezko txinatarraren gorotzak aztertu zituzten, eta han Klebsiella pneumoniae bakterioaren andui berri bat antzeman zuten, alkohol-maila altuak ekoizteko gai dena. Ez hori bakarrik. Intoxikazio maila goreneko egoeran, bakterio berezi horren maila, egoera normalean baino 900 aldiz ugariagoa zen.

Hortaz, noizbait alkoholemia-kontrol bat egiten badizute, eta positibo ematen baduzu, baduzu pisuzko aitzakia. Esan agenteari zure hesteetako bakterio eta legamiak jo eta ke dabiltzala jandako azukreak alkohol bihurtzen! Ez dakit agenteak sinetsiko dizun ala ez. Izan ere, estimatzen da munduan ehunka gutxi direla autodestilazioaren sindrome arraroa pairatzen dutenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna