Albistea entzun

Euskal Elkargoa. Mahai ingurua

ERAIKUNTZA BATEN HASIERA

Urteetako borrokaren ondoren, urtarriletik aitzina berezko lehen instituzioa izanen dute Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak. Helmuga da batzuentzat, abiapuntua besteentzat, eta aukera emanen du Ipar Euskal Herri mailako politika publikoak egiteko. Euskal Elkargoa arloz arlo aztertu du BERRIAk.
- / EZEZAGUNA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2016ko azaroak 20 - Baiona

Heldu den urtarrilaren 1ean sortuko da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batuko dituen lehen instituzioa. Urteetako aldarrikapenari Frantziako Gobernuak eman dion erantzunak eztabaida sortu du Ipar Euskal Herrian, aldekoen eta kontrakoen gatazkaren bidez plazaratu dena. Mugimendu abertzalean ere ahots ezberdinak entzun dira: batzuentzat, herri elkargoen baturatik elkargo bakarra sortzea abiapuntu bat izan daiteke; beste batzuek, berriz, garapenerako aukerarik emanen ez duen egitura batean itotzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Herriko etxeen bi herenek elkargo bakarra sortzearen alde egin ondoren, Pirinio Atlantikoetako prefetak egituraren sorrera aktatu eta hura prestatzeko gidaritza batzordea osatu zuten joan den ekainean. Elkargoaren kontrakoek jarritako helegiteak atzera bota zituzten Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak eta Paueko Administrazio Auzitegiak. Helegite gehiago egon badaiteke ere, elkargo bakarraren sorrera baldintzatuko ez duelakoan, egituraren koadro orokorra marrazteko mahai ingurua antolatu du BERRIAk.

Itxaro Bethart EAJko Ipar Buru Batzarreko kideak, Jean Claude Iriart Baionako hautetsi eta EH Baiko kideak, eta Luzien Betbeder Lekorneko auzapez eta Auzapezen Biltzarreko presidenteak erantzun diete galderei.

EGITURA

Etapa «historikoa» dela argi dute guziek, Ipar Euskal Herrian urteetan eraman den aldarrikapenak emaitza baikorra izanen duelako lehen aldiz. Helegiteek oraindik traba dezaketela uste badute ere, beren iritziz kontrakoak ere «jokoan sartzen» hasiak dira. Iriartentzat, garrantzitsuena onarpen politikoa da. «Horregatik dugu defendatu ideia hori hastapenetik, engaiatu gara eramanak izan diren gogoeta eta mobilizazio guzietan, eta, bistan dena, kontent gara». Haren ustez, herriko etxeen bozketetan izan zen gakoa, babes zabala lortu baitzuen proiektuak. Ildo beretik doa Betbeder: «Elkarrekin lanean aritzeko aukera da, estatuaren aitzinean aho batez mintzatzeko aukera». EAJrentzat ere baikorra da hiru lurralde historikoek ezagupena lortzea, baina Bethart eskumenei so dago: «Nahiz eta oraingoz mugatua izanen den, gerora eskumen gehiago hartu beharko dira».

FUNTZIONAMENDUA

Prozeduraren gorabeherek harrapatu dituzte hautetsiak, eta «onartua» dute gauza anitz Euskal Elkargoa sortu ondoren finkatuko dituztela; horien artean, funtzionamendua. Oraingoz, hiru mailatako antolaketa ikusten dute. Asanblea: 233 hautetsik osatuko dute, eta urtean lau edo bost aldiz bilduko da, erabaki estrategikoak eta aurrekontuari lotutakoak hartzeko. Halako asanblea batek ez du instituzio baten egunerokoa kudeatzeko gaitasunik; horregatik, hasieratik pentsatua izan zen ezohiko maila bat finkatzea: 60 bat hautetsiz ostatutako batzorde iraunkor bat. Geografia eta biztanle kopuruaren heinaren araberako proportzio bat eginez, asanbleak bozkatuko lituzke ordezkari horiek. Asanbleak talde horri delegatuko dio deliberoak hartzeko boterea. Horiek erregularki bilduko dira, eta aurrekontuaren araberako erabakiak hartu beharko dituzte. Azkenik, bulegoa izanen da, gaur egungo herri elkargo guzietan bezala, presidenteak eta presidenteordeek osatuko dutena.

Betharten iritziz, garrantzitsua da lurralde historikoek beren lekua izan dezaten eta kontuan hartuak izan daitezen; hartara, hautetsien profil ezberdintasuna kudeatzeko modu bat ikusten du. «Gu hautetsiak gara; lehen lana edo gogoa herria kudeatzeko lan egitea da, eta, hor, herri «handi» baten kudeatzen ari gara», dio Betbederrek. Ez du uste hautetsien profil desberdintasuna traba denik, eta hala ikustea deitoratzen du: «Herri handi bateko auzapezak ez du herri txiki batekoa baino inteligentzia handiagoa; badu beste praktika bat, beste ikuspegi bat, baina horretan da aberastasuna, nire ustez». Gogoan du 2015eko udan Hazparnen egin zituzten tailerretan elkar ezagutuz hasi zirela. Iritzi berekoa da Iriart: «Bada jadanik 20 urte hautetsi horiek elkarrekin lanean ari direla, Hautetsien Kontseiluan adibidez». Harentzat, desberdintasun nagusia da hautetsi horiek ikuspegia zabaldu beharko dutela. «Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartu beharko dute kontuan; ez gara ohartzen horrek zer eragin duen. Beren burua Ipar Euskal Herrian kokatu beharko dute; psikologikoki sekulakoa da».

Horrez gain, «osagai politikoa» indarra hartuz joanen dela dio Iriartek, eta pixkanaka alderdiek leku gehiago hartuko dutela. Hori da, hain zuzen, Betbederren beldurra —bera ez da alderdi bateko kide—. «Sufragio unibertsala aipatzean, hori da lanjera, alderdiek eskua sartzea eta hauteskunde horiek politikoago bilakatzea. Ez dut nahi herriek elkargoekin duten lotura gal dezaten». EH Baik sufragio unibertsala defendatzen du, «demokratikoagoa» delakoan. Politikaren «beldurra» ez da zentzuzkoa, Iriarten ustez. «Politikak finkatzen direnean, helburu bat lortzeko finkatzen dira, eta hori behar da politikoki eztabaidatu, ikusteko zeri buruz nahi dugu joan». Era berean, alderdietako kide izan gabe bakoitzak etiketa politiko bat duela dio Bethartek. «Nik ezagutzen dut hautetsi andana sekula ez duena publikoki etiketarik hartu, eta alta denek ematen ziotena bat. Denek dute beren sentsibilitatea».

AURREKONTUA

Legeak finkatzen du aurrekontua: hasieran, oraingo hamar elkargoen aurrekontuen batura izanen da Euskal Elkargoaren aurrekontua, emendatze txiki batekin. Proiektu guziak aitzina eramateko diru aski izanen ote den galdera egin du batek baino gehiagok. Hori ez da traba, Iriarten ustez, eskumenak transferitzen direnean birfinantzaketak ere transferituko direlako. «Eskumena herriek kudeatzen badute, elkargoak du herria finantzatzen; eskumena elkargoak badu, herriek finantzatzen dute elkargoa». Beste instituzioen eskumenak transferitzean hala gertatuko dela erran du. Hala ere, hautu politikoen araberakoa izanen dela dio. «Tresnak koadroa finkatzen du; gero, erabaki politikoak behar dira: hautetsiek erabakiko dute zer lehentasun emanen duten».

ESKUMENAK

Oraingo hamar herri elkargoek kudeatzen dituzten eskumenekin hasiko da Euskal Elkargoa. Denbora gehiago izan bazen eskumen gehiago hartzen ahalko ziren, baina eraman den erritmoan «ezinezkoa» zen, Iriarten arabera. Haren ustez, lehen bi urteak egokitzapenerako izanen dira. «Herri elkargo batek dituen konpetentziak herriek dizkiote ematen. Hori da sistema. Herriek badute, ezin dute herri elkargoek ukan, eta alderantziz». Bi urteren buruan, zer konpetentzia atxikitzen duen eta herriei zein itzultzen dien erabaki beharko du elkargoak.

EH Bai ahalik eta eskumen gehien Ipar Euskal Herrian kudeatzearen aldekoa da. Gerora, departamenduarekin, eskualdearekin eta estatuarekin negoziatzeko parada izanen du, gaur egun berek dituzten eskumen batzuk Euskal Elkargoak bere gain har ditzan. Betharten ustez, hor dago «gakoa»; luze gabe beste instituzioetatik eskumen gehiago hartu beharko direla: «Guk lehenbiziko urrats ezinbesteko gisa ikusten dugu, biharamunean berriz ere negoziatu ahal izateko beste ahalmen batzuk». Alde horretatik, Euskal Elkargoak «pisu handiagoa» izanen du negoziaziorako; hala uste du Betbederrek.

EKONOMIA

Hiru sail nagusi sartzen dira ekonomia arloko eskumenean: industria, turismoa eta laborantza. Industria arloan, lan eremuak sortu eta kudeatu, eta enpresa bat altzairuetan inbertitzen laguntzeko eskumena izanen du Euskal Elkargoak. Iriarten arabera, eragina izanen du «enpleguen lokalizazioan», eta lurraldearen oreka lantzeko modu bat izan daiteke, etxebizitza eta garraioan ere eskumenak izanen direlako. Betharten ustez, lurralde historikoak kontuan hartu beharko dira hor ere. «Nafarroa Beherea laborantzari lotua da; Zuberoan, enpresa txiki anitz bada: probintzia bakoitzak du bere berezitasuna». Lurraldearen oreka segurtatzeko ezinbestekoa da, Betbederren iritziz, eta biztanlerian ere eragina izanen du. «Enpresen %80 kostaldean dira. Zuberoan ez badute lantegirik beren eremuetan, biztanleriak joaten segituko du».

Laborantza arloan, lurrak atxikitzea da erronka nagusia hiruren ustez, eta proiektu batzuk laguntzeko aukera ere izanen da. Ipar Euskal Herrira hedatzea onura izanen dela uste dute: orain arte, barnealdeko herri elkargoak txikiegiak ziren behar beste diru atera ahal izateko; kostaldeko herriek bazuten dirua, baina, ez zenez laborantza eremu bat, ez zen beren lehentasuna. Euskal Elkargoaren bidez ekimen politikoa hartzeko parada dagoela diote.

Turismoaren eskumena sustapenari lotua da, bereziki. Turismo bulegoak kudeatzea Euskal Elkargoaren eskumena bilakatuko da. Betbederrek bi maila ikusten ditu: nazioartera begirakoa —Biarritz, Pays Basque markarekin egiten dena—, eta Ipar Euskal Herrikoa. Haren ustez, onuragarria litzateke «Euskal Herria» marka bat sortzea. «Bada lan oso bat eramatekoa, baina ahalak ere beharko dira kontrolatzeko. Hainbeste baliatua da Pays Basque, gogoetatu beharko da zer neurritan beharko den maila horretako marka bat sortu». Iriarten iritziz, orain arte marka sortu ez bada adostasun politikorik lortu ez delako da, eta hori ez du elkargoak aldatuko. «Nola egin oreka turismoa prostituzioa izan ez dadin?», hori da Betharten galdera. Turismoak lurraren espekulazioan eragina duela dio, eta araberan neurtu beharko direla egiten diren hautuak. «Frantziako Estatuari begira bideratua bada, Parisko jendea etorriko da, eta, beharbada, aberatsak. EAEri begira egokitzen bada, beharbada ez dira hain aberatsak izanen, eta euskal herritarrei lotua izanen da».

GARRAIOA

Euskal Elkargoak herrien arteko garraio sarea kudeatuko du, eta orain arte departamenduak kudeatzen zituenak ere bere gain hartuko ditu. Orain arte bakoitza «bere txokoan» aritu izana deitoratu du Iriartek. Haren ustez, Ipar Euskal Herri osoa ukituko duen garraio sare publikoa antolatzeko baliatu behar da elkargo berria. Araberan, tren sarearen zati bat kudeatu ahal izatea ez du «amets» gisa ikusten. «Baiona-Garazi trenbidea Akitania Berriak du kudeatzen, baina arras errealista da eskualdearekin eskumen horren transferentzia negoziatzea. Ez lehen urteetan, baina aski fite egiten ahalko dugun galdea da». Era berean, eskumena eskuratu gabe, beste instituzioen politiketan eragiteko aukera ere ikusten du. «Boz politiko handiagoa izanen du, baina bozeramaileak ere beharko ditu: elkargoko arduradun politikoek ere beren gain hartu beharko dute eragina izaten saiatzea. Eskumenetatik kanpo da hori, zer nahikari politiko baden beste instituzioek egiten dutenean muturra sartzeko, proposamenak egiteko», adierazi du. Eskumenarekin finantzaketa transferituko bada ere, Betharten ustez kasu egin behar da: «Errealki mintzatu behar da: ez dugu erranen ere ez dakit zenbat tren izanen dela Garazi-Baigorri lotzeko». Beste biak bezala, Betbeder ere garraio sare publikoaren aldekoa da, baina aldagai bat gehitzen dio: garraioa apaltzea. «Denborarekin egin beharko da, baina ekonomia birlokalizatuz garraio gutxiagoren beharra izanen da». Betharten ustez, sare «nazional» bat irudikatu behar da. «Hiru probintziekin lotzen dut: ditugun loturak nola erabili, eta zer mugikortasun eman zuberotar bati Nafarroa Beherera mugitzeko, edo alderantziz. Baxenabartar batek badu lotura Nafarroarekin ere, hori ere kontuan hartu beharko da. Ikuspegi horretan kokatuko nuke».

LURRALDE ANTOLAKETA

Etxebizitza sozialak kudeatzeaz gain, lurralde antolaketa eskemak (SCOT) eta hirigintza planak adosteko aukera izanen du Euskal Elkargoak. Biztanleria emendatzen ari den heinean, guziei etxebizitza eskaini ahal izatea da erronka bat Betbederrentzat. «SCOT eskema Iparralde guzira hedatuko da. Hori baliatu beharko da laborantza lurrak atxikitzeko eta etxebizitza ahal bezainbat kontzentratzeko». Euskal Elkargora zabaltzeak erabakitzaile bakarra izatea dakarrela azpimarratu du Iriartek: «Abiatuak diren hirigintza planak atxikiko dira, baina elkargoak kudeatuko ditu: erabakitzaile bakarra izanen da guzientzat. Orain arteko sisteman, hamar erabakitzaile ziren, elkarrekin ez zirenak mintzo». Eskumena izanik ere, eginen denaz ez da fio Bethart. «Betiko afera da, zeri ematen zaion lehentasuna eta zer jokabide hartzen den».

INGURUMENA

Ingurumen arloko eskumenak hondakinak eta ura kudeatzeko aukera ematen du. Hondakinen arloan, Bil ta Garbik segituko du, baina herri elkargoaren tresna bat bilakatuko da; bertan erabakiko da zer eta nola eginen duen. Sindikatua hondakinen tratamenduaz arduratzen da, baina Euskal Elkargoak bilketa sistema ere erabaki beharko du. Gaur egun, elkargo bakoitzean desberdina da. Hiruren ustez, «egokiena» litzateke «aitzinatuena» denaren eredua hartzea elkargo bakarrak.

Uraren kudeaketa da eztabaida handiena sortzen duena. Elkargo batzuek kudeaketa publikoa dute; besteek, pribatua. Betharten iritziz, «ahal den arlo guztietan» kudeaketa publikoa izan behar da. Alde horretatik, publikoak funtzionatzen duen lekuetan «ongi» badabil, horrek konfiantza eman dezakeela uste du Iriartek. «Enpresek badute jakintza teknikoa, baina kudeaketa publikoa izan behar da. Heldu den urtea baliatu beharko da, uraren kudeaketa nola antolatzen dugun erabakitzeko», dio Betbederrek.

ZERBITZUAK

Gaur egun herriek kudeatzen dituzten zerbitzu sozialak bere esku hartuko ditu Euskal Elkargoak. Gai «minbera» izanen dela aurreikusten du Iriartek, «hurbileko» zerbitzuak diren heinean herri anitzek beren esku gelditzea nahiko dutelako. Barnealdeko zerbitzu anitz eskualde mailakoak diren heinean, «erdibide bat» aurkitu beharko dela uste du Betbederrek, hiri handiek berena kudeatzen segituz eta barnealdekoa Euskal Elkargo mailan atxikiz; legeak baimenduko duela espero du. «Barnealdean zerbitzu guziak atxikitzea desafio bat da; gaur egun ez da hala», Betharten hitzetan.

HIZKUNTZA ETA KULTURA

Hizkuntza, euskal kultura eta kultura eskumena hartzeko aukera izanen du Euskal Elkargoak. «Garrantzitsuena eskumena hartzea da, eta hizkuntza biziaraztea EEPrekin partaidetzan. Partaide baino gehiago, EEPn motor izatea. Euskal Elkargoak horretan kapazitatea izanen du», dio Iriartek. Halaber, elkargoak kudeatuko dituen zerbitzu guzietan biztanleekin kontaktua bi hizkuntzetan egin ahal izatea da haren ustez «minimoa». Ekonomiarekin lotzen du Bethartek: «Errealista izan behar da; ekonomiarik ez bada, dirurik ez da». Haren ustez, hizkuntza politikarako diru gehiago izaten ahalko da, arlo guzietan. «Bai hedabideentzat, baina baita gure hezkuntza proiektu propioa garatzeko ere. Arlo guzietan giltza da nondik dirua atera. Gaur egun egiten den hizkuntza politika biziki apala da. Unescok euskara arriskuan dela dio; beraz, hor indar berezi bat ezinbestekoa da, euskara salbatzeko, baita politikarekin duen lotura kendu eta normalizatzeko ere». Ikastolen egoera azpimarratu du Betbederrek. «Ikastolek dituzte elebidunak formatzen; Euskal Elkargoak azkarki lagundu beharko du. Besteen beha egon ordez, gure gain har dezakegu».

MUGAZ GAINDIKOA

Mugaz gaindiko harremanena ez da berez eskumen bat, «hautu politiko bat da». Hala dio Iriartek. «Instituzio bakoitzak egin ditzake loturak mugaz gaindi, eta jadanik badira». Lehen aldiz hiru probintzien izenean mintzatuko den solaskide bakarra izatea baliatu behar dela uste du, baina, Akitania-Euskadiren gisako egiturak ez bezala, proiektuen finantzaketatik harago joan behar dela dio. «Guk ahalik eta harreman gehien izatea nahi dugu; Euskal Elkargoak kudeatuko dituen eskumen guzietan xerkatzea partaideak Hego Euskal Herriko instituzioetan. Kooperazio mailan, proiektu batzuk finantzatzea baino askoz ere urrunago doa». Ildo beretik, Euskal Herria «nazio mailan» kudeatzeko ahalegina egin behar dela uste du Bethartek, hiru errealitateak kontuan hartuta, eta beti «asistentzia» logikari segitu gabe. Partaidetzak bilatzearekin ados, eskrupulu gutxiago du Betbederrek: «Ni ez naiz diru laguntzak izatearen kontra; dirua baldin bada, hartuko dugu». Ez du dudan ematen Euskal Elkargoak harremanak indartuko dituela.

BILAKAERA

Urtarrilaren lehenetik aitzina, zerbitzuetan etenik ez izatea da garrantzitsuena hirurentzat, hasieratik «konfiantza» emateko. Hasieran, aurrekontua eta funtzionamendua adostu beharko dituzte, eta ondoren hasiko da egiazko eztabaida. «Lehentasun politikoak ezarri beharko dira, ahal bezain iraunkorrak izateko, eta hortik aitzina politiken definizioan sartu», dio Bethartek. Eraikuntzan «denek» parte hartzea nahi du Iriartek, sentsibilitate politiko guziek beren lekua izatea.

Geroari begira ez du pentsatzen hasi nahi Betbederrek. «Lehen urratsa eman dugu, eta denbora behar da gauzak ongi egiteko. Euskal Elkargoan kudea dezakegunetik has gaitezen, eta, gero, ikusiko dugu». Iriarten ustez, garrantzitsuena da eskumen guziak hartu eta elkargoa hasieratik «gorenera» eramatea. «Eskumenetan erdibidean egoten gara, ala sabaia ukitzen saiatzen gara? Guk muturreraino joatea defendituko dugu». Gerora Euskal Herria eraikitzeko proiektu batean «urrunago» joateko bideak aztertu beharko direla dio. Bethartek ere ez du Euskal Elkargora mugatzeko asmorik. «Soka gure aldera bada, tiratu».

EH Baik eta EAJk autodeterminazio prozesu baten barnean kokatzen dute heldu den urtarrilean Euskal Elkargoaren sortzea; Betbederrek, ez; ez behintzat momentuko. «Nik ere egin dut bidea egun arte, eta pentsatzen dut jendeak ere hala direla, emeki-emeki aitzinatzen dira; batzuk fiteago, besteak emekiago. Baina lehentasuna da elkartasun hori lortzea, eta elkarrekin lanean aritzea. Ez dugu aipatu gure historia, ez dugu aipatu bake prozesua, baina Auzapezen Biltzarrean aipatuko dugu hori, eta pentsatzen dut gure baitan dela, noizbait aipatu beharko dela. Aipatu gabe ez gara urrunago joaten ahal, edo, behintzat, Euskal Elkargoaren osagarriarentzako, aipatu beharko da».

Itxaro Bethart EAJko Ipar Buru Batzarreko kidea

Ipar Euskal Herrian EAJren buruzagitzara iritsi den belaunaldi berriaren ordezkaria da Itxaro Bethart (Baigorri, 1980). Kudeaketa ikasketak egindakoa da, eta zurgintza enpresa txiki bateko buru da. 2015eko departamendurako bozetan, EAJko hautagai izan zen barnealdean. Gaur egun, Ipar Buru Batzarreko bozeramailea da.

Luzien Betbeder Auzapezen Biltzarreko presidentea

Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea da Luzien Betbeder (Donamartiri, 1959). Luzaz hargintzan lanean aritu ondoren, arlo sozialeko teknikari gisa dabil lanean azken urteetan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren berezko instituzioaren alde jardun izan du Betbederrek aspalditik. 2008. urtetik Lekorneko auzapeza da.

Jean Claude Iriart Baionako hautetsia eta EH Baiko kidea

Urteetan funtzio publikoko teknikaria izan ondoren —EEPko eta departamenduko Baionako egoitzako zuzendari postuak atxiki ditu, besteak beste—, politikara salto egin zuen 2014. urtean Jean Claude Iriartek (Baiona, 1962). Baionako hautetsia eta EH Baiko kidea izateaz gain, Euskal Kulturaren Aldeko Herri Arteko Sindikatuko presidentea ere bada.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan. ©JUANCARLOS HIDALGO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ez blokeatzeko eskatu die PSOEk bazkideei

Xabier Martin

EAJko Aitor Estebanek uste du orain arte adostutako zuzenketak egun indarrean dagoen legea hobetzen dutela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak «hitzemandakoa» bete beharko duela koalizioaren babesa jaso nahi badu Herritarren Segurtasun Legearen erreformarako.

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Berria

Etzi bozkatuko dute proposamena parlamentuan. Alzorrizek esan du ez dela gaiaz «hitz egiteko garaia»
Odon Elorza, 2021eko urtarrilaren 22an egindako agerraldi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Odon Elorzak dimisioa eman du diputatu gisa

Jon O. Urain

Donostiako alkate ohiak aitortu du PSOEko zuzendaritzarekin «desadostasunak» saihesteko hartu duela erabakia. 11 urte egin ditu Espainiako Kongresuan.

Onintze Oleaga eta Unai Urruzuno, otsailaren 11ko topaketa aurkezten. ©/ EH Bildu

EH Bilduk jardunaldi munizipalistak egingo ditu otsailaren 11n

Jon O. Urain

Bost erronkaren inguruan ariko dira, eta indar subiranistak saio horrekin abiatuko du udal hauteskundeetako kanpaina.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.