Agus Perez.
KRITIKA. Dantza

Denboraren iragatea

2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun

'60'

Konpainia: Off Projects. Koreografia, musika eta poemak: Amos Ben-Tal. Begirada artistikoa: Yvan Dubreuil. Dantzariak: Milena Twiehaus, Genevieve Osborne, Aurelie Cayla, Luca Cacitti, Amos Ben-Tal. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 8.

Herbehereetako Korzo Productions dantza-faktoriatik datozkigun ekoizpenek erabateko kalitatearen bermea dakarte berekin, eta horietako bat izan da aurtengo Dantza Maitaldian ikusi dudan lehen lana. Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago Off Projects delako taldean Nederlands Dans Theater eta Batsheva konpainietako dantzari ohi batzuk elkartu direla, eta horrek dentsitate berezia ematen diola gorputz helduen mugimendu-kalitateari.

60 izena hartu du Amos Ben-Talek ekarritako proposamenak, hirurogei direlako ordubetean dauden minutuak, eta erloju numeriko batek presiditu du, fokuen artean, denboraren iragate hori. Ordea, minutuak eta segundoak ez dira era linealean igaro, erlojuko pantaila hiru alditan bakarrik piztu delako, eta tarte horietan Amos Ben-Talen beraren olerki hotz bezain hermetikoak entzun dira, metronomo baten erritmoan.

Bost dantzariak, anartean, saskibaloi jokalarien janzkera subliminalki gogoratzen zigun arropa urdinarekin agertu dira, oinetan galtzerdi grisak jantzita, eta neure baitan espero izan dut emanaldian zehar aldatzen joango zela estetika desitxuroso hura, baina nire desioak ez dira bete. Hortaz, Ben-Talen soinu-banda interesgarriarekin konformatu behar izan naiz hiru emakumeek eta bi gizonek eboluzio deskonpasatu eta inharmonikoak —luzapen terapeutikoen eta kirol-mugimenduen erdibidean— garatzen zituzten bitartean. Aldian behin tartekatzen ziren argi-efektu diskretuak ere bide beretik ibili dira, eta suposatzekoa da koreografoarena dela argien eta jantzien diseinua, esku-programan ez baititu inork arlo horiek sinatzen.

Noizean behin gerta zitekeen bost dantzarietako lauk bat egitea mugimenduen asinkronia horretan, eta emanaldiaren erdialdera-edo arabesko batzuk eta gorputzen arteko elkarreragin fisiko neurtua gertatu da barroko izaerako musika baten eraginez, baina hori ere etenda geratu da bat-batean, muturreko esperimentazio baten izenean.

Gauzak horrela, hain gauza gutxi gertatzen zen taula gainean non konturatu egin baikara fokuen arteko erloju numerikoa eremu eszenikoa zeharkatzen ari zela, eta ordubeteko denbora behar izango zuela alde batetik besterako bidea egiteko. Horretan eman dugu denbora, baina amaiera aldera zertxobait samurtu da proposamenaren erabateko lehortasuna, bi gizonak eremu eszenikotik kanpo geratu eta bi emakumeak nolabaiteko elkarreragin poetikoan sartu direnean, partiturako nota deskonposatuek ederki lagunduta eta hirugarren emakumeak beste bien inguruan bueltak ematen zituelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.