Europako erakundeak. Hautagaiak

Emakume bat proposatu dute lehen aldiz batzordearen presidente gisa

EBko agintariek Von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroa aukeratu dute Junckerren ordezko izateko hautagai. Michel Belgikako jarduneko lehen ministroa izango da Europar Kontseiluko burua

Rutte, Michel, Sanchez, Costa eta Macron, atzo, hautagaiak negoziatu aurretik egindako bilera batean. MONCLOA / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) estatu kideetako agintariek ez dituzte jarritako baldintza guztiak bete, baina azkenean ados jarri dira hautagaitzen inguruan: Ursula von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroa proposatu dute Europako Batzordeko presidente kargurako, eta Charles Michel Belgikako jarduneko lehen ministroa izendatu dute Europar Kontseiluko presidente.

Agintariek hiru bilera behar izan dituzte ados jartzeko. Von der Leyenez eta Michelez gain, Christine Lagarde proposatu dute Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente kargurako, eta Josep Borrell Espainiako jarduneko Atzerri ministroa EBren diplomaziaburu izateko. Hortaz, baliteke Alemaniak eta Frantziak, talde komunitarioko bi potentzia nagusiek, lortzea posturik garrantzitsuenak.

Hautagaitzak zehazteko, baldintzetako bat zen genero berdintasuna errespetatzea, eta hala izan da: bi emakume eta bi gizon proposatu dituzte agintariek. «Pozik nago akordioa lortzeagatik eta bi emakume sartzeagatik», adierazi zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak akordioaren berri emateko prentsaurrekoan.

Izan ere, Europako Parlamentuak eta EBZren Gobernantza Kontseiluak proposaturiko hautagaitzak onartzen badituzte, Von der Leyen eta Lagarde lehen emakumezkoak izango dira kargu horiek hartzen.

Familia politikoen aldetik, agintariek maiatzaren 26ko Europako Parlamenturako bozen emaitzak errespetatu dituzte. Demokristauek, babesik handiena jaso zuten alderdia izanda, bi postu izango dituzte, atzo adosturiko akordioaren arabera: Europako Batzordeko presidentetza eta EBZkoa. Sozialdemokratek bat izango dute, EBren diplomaziaburuarena; eta, hortaz, liberalek laugarrena, Europar Kontseiluko presidentetza. Atzean geratu da, beraz, spitzenkandidat (hautagai nagusia) sistema: demokristauen zerrendaburu Manfred Weberrek kargu horretatik dimititu zuen atzo, sozialdemokraten Frans Timmermansek eta liberalen Margrethe Vestagerrek ez dute behar adina babes lortu agintarien artean.

Hortaz, lau hautagaiak Europa mendebaldekoak izanda, agintariek atea ireki diote Europako Parlamentuko presidentetza Europako erdialdeko edo ekialdeko hautagai bati emateko. Hori, baina, ganberako diputatuen esku dago, gaur egitekoak diren saioan.

Parlamentuari begira

Tusk Europako Parlamentuari begira jarri zen, hari baitagokio baiezkoa ematea Von der Leyenen hautagaitzari, baita Borrelli ere, batzordeko lantaldea aurkeztuko luketenean: «Espero dut lider politiko guztiek ahal dutena egingo dutela parlamentuko gure kideek proiektu hau babes dezaten».

Ikusteko dago, beraz, bozketan behar adina babes lortuko duten. Hasteko, ganberako diputatu sozialdemokraten taldeak —154 ordezkarikoak— ez du begi onez ikusi agintariek adosturiko plana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.