Maider Galardi
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Anaidiaren mi(ni)sterioan

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Herenegun izan zen. ETB2k biharko Espainiako Gorteetako bozen harira antolatutako eztabaidan, Javier de Andres PPko Arabako hautagaiak aipatu zuen PPren proposamena: Familiaren Ministerioa sortzeko aukera. Zer eta aurkezleak «berdintasunaz, eskubide sozialez eta bestez» aritzeko denbora tartea ireki zuenean. Noiz eta eztabaida bukatzear zela, lurraldetasun ereduaz, autogobernuaz, pentsioez, enpleguaz eta balizko akordioez aritu ostean. Indarkeria matxista, ala genero indarkeria lehenetsi, horren inguruan ere galdetu zien aurkezleak, eta hala aritu ziren bost hautagaiak —EH Bilduko Oskar Matute, Elkarrekin Podemoseko Pilar Garrido, PSEko Patxi Lopez, EAJko Aitor Esteban eta De Andres— andreen eskubideen inguruan eztabaidan. Andreen inguruan, baina —Elkarrekin Podemosen azken uneko aldaketa salbu— andrerik gabe.

Gizonetik gizonera egindako eztabaida hori, ordea, ez zen soilik herenegungo kontua izan. Aitzitik, kanpainan behin eta berriz errepikatu den paradoxa izan da ondorengoa: feminismoak hartu du garrantzia bozetako eztabaidetan. Funtsez betetako edukiak, ordea, gutxi izan dira, eta indarkeria matxista kanpainarako tresna bihurtu da, proposamen politikoa bainoago. Hala salatu zuen Irantzu Varela kazetariakElTornillo saioan. Feminismoa hartu dutela ikur gisa—Martxoaren 8ko mobilizazioek eragindako indarraldiagatik, besteak beste—, baina edukiz hustu nahi dutela. Horixe da Ines Arrimadas Ciudadanoseko hautagaiak aurkeztutako «feminismo liberala». Horregatik esan zion Cayetana Alvarez de Toledo PPko hautagaiak Irene Monterori (Unidas Podemos) ezin dutela emakume guztien izenean hitz egin. Hustu nahi izan dute feminismoaren eduki politikoa, eta nahieran bihurtu dute kanpainarako tresna, nahiz eta, izatez, proposamen politiko oso bat izan.

Emakume guztien izenean hitz egitea egotzi zion Alvarez de Toledok Monterori, baina andre guztion izenean hitz egin dute ondorengo eztabaidetan hautagai gizonezkoek. «Zehar lerroaz» aritu zen Esteban; «emakumearen aferaz» Lopez. Matutek aipatu zuen eztabaidan lehen aldiz feminismoa, eta, saio horretan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos izan ziren mugimendu feministari eragile politikoaren izaera aitortu zieten bakarrak. Eduki feministez aritzeko, ordea, beharrezkoa da emakumezko erreferente feministak ere izatea lehen lerroan, eta hauteskundeotan, behintzat, legeak agindutakoa betetzearekin aski izan dute alderdiek.

Zerrenden osaerari begiratuta, %40 eta %55 tartean da emakume politikarien presentzia Hego Euskal Herrian, baina, Espainiako Kongresurako zerrendaburuen %35 ere ez dira andreak. Eta, jakin arren espazioak feminizatzeak ez duela berez ekartzen eremu horiek genero ikuspegi batetik birpentsatzea, hausnartzekoa da emakumeen ikusgaitasunak zein-nolako eragina duen andre eta gizonen berdintasunerako bidean, eta zein-nolako garrantzia duen agenda politikoan eragiteko gaitasuna duten hautagai feministak izateak. Emakumeak Ikusgai Twitterreko kontuak egin du hauteskunde kanpainako balantzea, eta datuak esanguratsuak dira. Egunkari honetan bertan, askotariko elkarrizketak lotzen saiatu arren, bederatzi politikaritik soilik bi izan dira andrazkoak.

Ikusezinak ikusezin, itzali dira kanpainako fokuak, eta, akaso, elkartuko dira bateko eta besteko hautagai gizonezkoak elkarri bizkarrekoak eman, eta datozen egunetarako animoak emateko—horra Pablo Casadoren eta Pablo Iglesiasen konplizitatea—. Biharko hauteskundeen osteko emaitzen balorazioa egiteko ere, alderdietako lau gizon eta andre bakarra elkartuko dira ETB2ko saio berezian, Anaidiaren Ministerioan. Andreak non sartu diren, ezin misterioa argitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.