Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Immunitate naturalaren zain

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Pandemia aurrera doan heinean, eta haren inpaktu sozialak kudeatzeko xedapen egokirik ikusten ez denez, herrialde askotan murrizketa etengabeak izaten ari dira. Horrek gizartean desmoralizazio orokorra eta konfiantza gutxitzea eragin izan du.

Ezkortasun horri helduz, immunitate naturalaren ondorioz taldeko immunitatea lortzeko ahotsak entzuten ari dira; hau da, birusaren aurrean inolako neurririk hartu gabe kutsatuz joatea eta, horrela, «naturalki» immunizatzea. Baina taldeko immunitatea modu naturalez lortzea osasun publikoan ez da estrategia bat, ezbeharra baizik, eta ikuspuntu tekniko eta etikotik onartezina da.

The Lancet aldizkarian argitaratu berri duten iritzi artikulu batean hainbat zientzialarik horri buruz hausnartu dute. Batzuen ahotsetan entzuten da arrisku txikiko populazioa infektatzen uztea, ahulenak edo kalteberak babesten diren bitartean, baina artikuluaren egileek diote ikuspuntu hori ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez den iruzur arriskutsua dela. Izatez, gazteen kontrolik gabeko transmisioak biztanle guztien erikortasun eta heriotza-arriskua areagotzen du. Horrek giza kostuaz gain, eragina izango luke lan-indarrean, eta osasun-sistemek arreta akutua eta errutinazkoa emateko duten gaitasuna zoritxarrez gaindituko luke. Estrategia horrek askoz heriotza gehiago ekarriko lituzke arrisku-taldeetan bereziki, baina baita adin-talde guztietan ere. Horri gehitu beharko litzaizkioke birusaren ondorioz orain arte ikusi diren epe luzeko ondorioak, baita koadro arinetan eta gazteetan ere. Immunitate kolektibo naturala lortzeko arriskuek estrategia onartezin bihurtzen dute birusari eusteko, eta, are gutxiago, hura ezabatzeko.

Une honetan SARS-CoV-2 infekzioaren ondoren ez dago immunitate babesle iraunkor baten ebidentzia sendorik, eta immunitatea galtzearen ondoriozko transmisio endemikoak arriskuan jar ditzake populazio kalteberak etorkizunean. Estrategia horrek ez luke amaiaraziko COVID-19aren pandemia, baizik eta epidemia errepikakorrak egongo lirateke, txerto asko hartu aurreko gaixotasun infekzioso ugariren kasuetan bezala (polioa, elgorria...). Horrek guztiak ekonomiaren eta osasun-langileen gain ere zama onartezina eragingo luke.

Gainera, kaltebera nor den zehaztea nahiko konplexua da, eta gaixotasun larria izateko arriskua dutenak kontuan hartuz gero, gizartean kalteberak diren pertsonen proportzioa % 30 izatera irits daiteke.

Argi dago osasun publikoko erantzun sendoek transmisioa kontrola dezaketela. Horrela ikusi da herrialde batzuetan (Japonia, Zeelanda Berria). Ebidentzia oso argia da: COVID-19aren hedapen komunitarioa kontrolatzea da gure gizartea eta ekonomiak babesteko modurik onena, txertoak eta terapia seguru eta eraginkorrak iritsi arte.

Taldeko immunitatea jendea birus batetik babestuz lortzen da, eta ez kontrolik gabe birusaren eraginpean jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.