Idoia Nievesen agerraldia

Lourdes Goikoetxea, K. O.

Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak salatu du Goikoetxeak bere bezeroei zerga inspekzioa egitea galarazi nahi izan zuelaGoikoetxeak kargua bere alde erabiltzea ukatu du, eta «erabat harrituta» dagoela dio

Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohia eta Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilaria, atzoko euren agerraldietan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Joxerra Senar - Edurne Elizondo
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Eta Parlamentuko zutarriek dar-dar egin zuten. Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak atzo 17:50 aldera bonba leherrarazi zuen legebiltzarreko Ekonomia batzordean, duela 22 egun emandako dimisioari buruzko azalpenak ematen ari zela: «Zuzendari Gerente moduan Lourdes Goikoetxearekin lehen hartu-emana 2011ko irailaren 27an izan nuen, oraindik bera Industria kontseilari zela. Hiriko jatetxe batean jateko gonbidapena luzatu zidan, zehazki Merca'o jatetxean. Bazkalostean, ikuskaritza planen kopia bat emateko eskatu zidan, aldez aurretik jakiteko aukeratutako zergadunen zerrendan bere zerga aholkularitza bulegoko bezerorik ba ote zen. Ezohiko eskaera haren aurrean, eskari hura aintzat hartzeko ezintasuna adierazi nion». Hori entzutean, harridura keinuak marraztu zirenparlamentarien aurpegietan, eta kazetari batek ustekabeko intziria egin zuen.

Dena den, salaketaren hasiera baino ez zen hura. «Pentsatu nuen kontatutako gertaera hura kasu isolatua izango zela, eta nire ezezko borobilak atzerantz eragingo ziola. Erratu egin nintzen», esan zuen Nievesek, eta Goikoetxearekin Ekonomia kontseilari gisa izandako atal larri batzuk zerrendatu ditu. 2012ko ekainean PSNk gobernu koalizioa utzi ostean, Alvaro Miranda Ogasun kontseilariak dimisioa aurkeztu eta Goikoetxeak ordezkatu zuen.

Berehala, 2012ko uztailean, Nievesen arabera, zergadun handi bati inspekzio bat egitea galarazi nahi izan zuen: «Esan nion ez zuela ikuskaritza nori bai eta nori ez erabakitzeko eskumenik», azaldu du.Iazko ekainean, posta elektroniko bidez zergadun horriegin beharreko inspekzio bati buruz idatzi zion Nievesek, eta horren arabera, Goikoetxeak erantzun zion «jokaldi makurra» zela. Nievesen arabera, honakoa erantzun zion Goikoetxeak: «Nor den aintzat hartua, ikaragarria deritzot, ez da politika on bat hori. Presidentearekin hitz egingo dut. Izan ere zergadun garrantzitsua da gure erkidegoarentzat». Salaketa horrek, era berean, bete-betean ere eragingo lioke Barcinari.

Legeak agindutako konfidentzialtasuna errespetatuz, zergadunen nortasuna gorde zuen uneoro Nievesek. Iazko martxoan, beste enpresa bat ikuskatu zuten eta inspekzioak ondorioztatu zuen Sozietate Zerganjasotako pizgarri batzuengatik dirua itzuli beharko ziola Ogasunari. «Eskatu zidan ikuskatzaileari esateko proposamena aldatu zezala, enpresak akats formal bategatik ez zuelako zeregina bete eta eguneratzeak kalte ekonomikoa eragingo ziolako». 2013ko apirilean, Ogasunak Goikoetxearen aholkularitza enpresako bezero bati eskatu zion hitzordua. Elikadura industriako enpresa bat zen. «Eskatu zidan ondo har nitzala. Ez zutela ezer eguneratzeko eta arratsaldean bere bulego zaharretik pasako zela dokumentazioa berraztertzeko. Uko egin nion».

CANeko datuen datuak

2013ko apirilaren 15ean Nievesek bilera bat izan zuen Goikoetxearekin. Bertan, «data zaharrenetik»Nafarroako Kutxako enplegatuen eta kontseilarienzerga aitorpenak pasatzeko eskatu zion. Informazio horrekin, CANeko enplegatu zein kontseilariek izandako diru sariak zein hornitzaile eta bezeroei egindako 3.000 eurotik gorako ordainketak jakin daitezke. «Azaldu zidan [Barcina] presidenteak interesa zuela jakiteko kontseilari guztiek irabazten zutenaeta aholkularitza zerbitzu batzuei ordaindu zitzaiena. Erantzun nion Ogasuna ez zegoela erabilera pertsonal baterako, eta auzi judizial batean behar bazen, epaileak eskatu behar duela».

Urriaren 1ean, Navarra TVko Cara a Cara saioan, Osasuna futbol taldearen finantza egoeraz, Goikoetxeak esan zuen Nafarroako Ogasunak bestelako jarrera izan zuela Osasunarekin bera iritsi arte: «Kexa ugari jaso nituen, departamenduko arduradunak instituzioaren eta langileen irudia auzitan jarri zuelako», azaldu zuen Nievesek.

Isiltasuna erabatekoa zen. Aurretik beste salaketa politiko larria egin zuen. Bertan, Idoia Nievesek azaldu zuen dimititzeko beste arrazoia aurrekontu politikarekiko ezadostasuna zela. Izan ere, 2012ko urriaren 10ean bilera bat izan zuten Barcinarekin defizitaren bilakaera aztertzeko. Une hartan, defizit helburua 77 milioi eurotan gainditzen zuen Nafarroak. Barcinak galdetu zuen diru sarreratan zer egin zitekeen helburua betetzeko. Bi hilabeteren faltan, enpresei BEZ zergaren itzulketa atzeratzeko aukera aztertu zuten. Nievesek ohartarazi zuen legeak ezarritako epeak ez betetzea larria zela eta kalte ekonomikoa egingo zitzaiela enpresei. Barcinak lehentasuna defizita betetzeari eman zion.

Helburua bete arren, martxoan 2013ko BEZaren itzulketa atzeratzea erabaki zuen Gobernuak. Nievesen arabera, BEZaren ordainketa atzeratzeak enpresa askori likidezia arazoak eragin dizkie; Ogasunak, berriz, atzerapenak eragindako interes tasa ordaindu du eta telefono kexu ugari jaso behar izan ditu. Oso azalpen teknikoa izan da. Estatuari doikuntzen bidez 95 milioi euro ordaindu behar izan zitzaion, eta gainera 2012ko BEZaren atzerapenek iaz zerga bilketan 251 milioi euroko erorketa eragin zuten. Hala ere, urte amaieran Estatuarekin 200 milioi euroko hitzarmen batera iritsi zirenNafarroaren alde. Nievesen arabera, arazoa konpontzea lortu arren, aurtengo diru sarreren aurreikuspenak berriro kalkulatu behar dira.

Bere agerraldia amaituta, PSNko Juan Jose Lizarbek ikerketa batzordea eskatu zuen berehala, azken hamar urtetako kontuak gainbegiratzeko. Gainerako alderdiek Goikoetxearen dimisioa exijitu zuten, baita Barcinarena ere. Oraindik lotu gabe egonagatik, gaur ezohiko Eledunen Batzordea eskatuko dute eta behar besteko neurriak hartu. Parlamentariren batek ez du zentsura mozioaren aukera baztertzen.

«Ez dut kargua erabili»

«Harridura» adierazi zuen Lourdes Goikoetxeak, lehenik eta behin, Idoia Nievesek atzo Nafarroako Parlamentuan egindako salaketen harira. Bigarrenik, «etsipena», bere «konfiantza» izan zuelako, garai batean, Ogasun zuzendari ohiak. Eta hirugarrenik, Ekonomia kontseilari eta Nafarroako Gobernuko presidenteordeak ukatu zuen kargua bere interesen alde erabili izana. «Ez dut inoiz nire kargua nire interes pertsonalen edo profesionalen alde baliatu», erran zuen atzo egindako agerraldian.

Goikoetxea 20:00etan agertu zen Nafarroako Gobernuaren prentsa aretoan. Bakarrik joan zen. Gobernuko bertze inork ez zuen gelara lagundu. Nafarroako presidente Yolanda Barcinarekin hitz egun zuela, eta haren «babesa» bazuela nabarmendu zuen, hala ere, Lourdes Goikoetxeak.

Serio agertu zen kazetarien aurrean, eta behin baino gehiagotan erran zuen Nievesen hitzek «astindua» eman ziotela. «Salaketa hagitz larriak egin ditu, eta erabat harrituta nago, zur eta lur». Nieves «despit» egin dioten pertsona dela gaineratu, eta haren hitzak bere eta gobernu osoaren aurkako «erasotzat» jo zituen. «Hartu beharreko neurriak» aztertuko dituela erantsi zuen.

Ondoren, kazetarien galderak erantzun behar izan zituen Lourdes Goikoetxeak. Agerraldiaren tarte horretan, hain zuzen ere, ez zen hasieran bezain irmo agertu kontseilaria. Bi mezu nagusi zabaldu zituen: batetik, Nievesen agerraldi osoa ezin izan zuela ikusi erranez erantzun zituen jasotako galderetako hainbat; hau da, agerraldia «aztertzeko» beharra jarri zuen mahai gainean, hainbat kontu argitu ahal izateko ; eta bigarrenik, Ogasun Departamentuari noizbait datuak eskatu badizkio, bere lanaren harira eta esparru horretan erabiltzeko izan dela nabarmendu zuen. Erantsi zuen datu horiek izatea ez zegokionean, ezezkoa onartu, eta ez zituela berriz eskatu.

Salaketa guztiak gezurra ote diren galdetuta, Ogasun zuzendari ohiaren «agerraldi osoa» aztertu beharko duela erran zuen Goikoetxeak. Ez zuen dena erabat ukatu. Nievesek erakutsi zuen mezu elektronikoaren harira, berriz, azalpena eman nahi izan zuen kontseilariak, eta Ogasun zuzendari ohiak «hainbat esaldi hartu» zituela azaldu zuen, «osorik irakurri ordez». Mezua bidali izana, beraz, ez zuen ukatu.

Nievesen aurkako neurriak «aztertuko» zituela berretsi zuen Goikoetxeak, eta karguan jarraituko duela. «Une honetan erran behar dut ez dudala dimisioa emanen; jarraituko dut. Salaketa larriak egin dituzte, eta argitu beharko da dena». Sartu bezala, bakarrik joan zen kontseilaria. Lourdes Goikoetxea K.O. dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.