Maider Galardi
Memoriaren Eguna. ANALISIA

Sostengatuak, sostenituak eta bemolak

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Ez da pertzepzio hutsa. Kontzertu batera joan, eta oholtza gainean jotzen ari diren kantuak han bildutako publikoak abesten dituenean, zaila da tonua galtzea. Taldean kasik ez dago afinazio arazorik. Jende multzoak lortzen du noten segida harrapatzea: inteligentzia kolektiboa da hori, Eric Heller AEBetako Harvard Unibertsitateko fisikariaren eta irakaslearen arabera. Hautemandako tonuaren errepika egiten du jende taldeak, nahiz eta banaka tonu batzuk gora edo behera leudekeen. Horra multzoaren babesa eta berotasuna. Horra kantu bat gara sentsazioa. Horra sostengua.

Baina demagun kontzertuan berean norbait hasten dela kantuz, besteen ustez ez dagokion momentuan, oraindik gitarraren bakarkakoa amaitu ez dela. Norbait horrek sumatuko ditu berehala begirada salatariak, irriak bizkarrean, «jakinbeharkozenukeezdelahorrela» dioten aurpegiak. Eta norbait hori, lotsaren lotsaz, edo talde presioaren eraginez, joan daiteke lehen ilaratik bazterrera, edo mutu geratu daiteke saioak iraungo duen ondorengo ordubetean. Ez baita gauza bera abesbatza laudatu baten parte izan, ala kantuaren hitzen bertsio berri bat egiten ausartu.

«Batzuetan babesgabe sentitu naiz. Denetarik esan dute nitaz, beste diskurtso bat izateagatik. Gogorrena AVTrekin izan nuen. Gaixo eta puta izan ezik, denetarik deitu izan naute», esan zuen Rosa Roderok orain hilabete batzuk egunkari honetan argitaratutako Ahomentan sortan. Haren elkarrizketa kideak, Ane Muguruzak, honako hau: «Nire aita gora, nire aita behera... Tira, 30 urte ditut, eta iritzi propioa daukat». Eta, hain justu, iritzi propioa garatzeagatik, hilabeteak daramatza Maria Jauregik sare sozialetan indarkeria jasaten. Besteak beste, Jauregiri eta Ernest Lluchen alaba Rosa Lluchi leporatu izan diete beren aiten «izena zikintzea», zer eta bake biderako urratsak egin nahi eta elkarbizitzarako topaketetan parte hartzeagatik. Foro Sozialak berak salatu du hainbat biktima irainak eta erasoak jasaten ari direla beren iritzia emateagatik. Bestalde, ezagun dira beren bikotekidea espetxean egon, baina engaiamendu gehigarririk hartu nahi izan ez duten zenbait andrek jasandako bazterketa.

Alegia, Jauregik jasotako mezu pila horiek ez direla salbuespena. Biktimen ideologia presuntzioa dago atzean: badago ustea biktimaren lubaki berean egon behar dutela haren hurbilekoek ere. Edo are latzagoa dena: pentsamendu politiko diferentea edukitzeak berariaz dakarrela biktimaren profanazioa.

Jon Olano Urain kazetariak dio aurreiritzien biktima bihurtu daitezkeela —berriro— dagoeneko biktima izendatuak diren horiek. Eta, gainera, sexu-genero sistemaren ardatzaren itzala nabarmena da —ez baita kasualitatea zerrendan aipatutako guztiak emakumeak izatea, haien ahotsa hainbat eremutan auzitan jarri izana, eta iritzi propioa garatzeko aukera ukatu eta isildu izana—. Kontuan hartu beharrekoa litzateke zenbat ahots disonante gelditu diren isilik memoriaren kontzertu honetan, kontakizunaren gatazkak azkenaldian sortutako harrabotsaren bazterrean.

Eta Memoriaren Eguna atzo izanda, batek baino gehiagok egin beharko lioke galdera bere buruari ea zein motatako memoria kolektibo osatzen ari den herri honen historia hurbilaren gainean, ea zergatik irudikatzen diren bi bando monolitiko eta estatiko: kolore bereko eta kontrajarri. Ea non dauden kantuaren sostenituak eta bemolak. Non inteligentzia kolektiboa. Roderok berak jada esana zuen: «Beti esan dut biktima guztiak diferenteak garela, ez dagoela bat bera ere berdina. Denok ditugu gauzak sentitzeko eta bizitzeko modu diferenteak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.