kritika. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Txingarretan

2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Musika Aitzaki Zikloa

Parte hartzaileak: Donostiako Orfeoia eta Euskadi Brass. Egitaraua: G. Faureren 'Requiem' eta J. Rutterren 'Gloria'. Lekua: Arantzazuko santutegia (OƱati, Gipuzkoa). Eguna: Abuztuak 16.

Badira zenbait urte Musika Hamabostaldiak Arantzazuko santutegian programa bereziak eta erakargarriak eskaintzen dituela, eta beti publikoan arrakasta handia lortzen. Aurten, basilikaren sarreran agurtzen gaituzten apostoluen kokapenaren 50. urteurrena dela eta, Donostiako Orfeoiak eta Euskadi Brass taldeak entzuleek atsegin handiz hartu ohi dituzten bi obra interpretatu zituzten.

Kontzertuaren lehen zatia G. Faureren Requiem arras ezagunak osatzen zuen, baina moldaketa bitxian. Zazpi mugimenduak biltzen dituen Faurek idatzitako lehen bertsioan (1893) funtsezkoa den haria desagertu, eta Donostiako Orfeoiari eta organoari metalez eta tinbalez osatutako taldea batu zitzaien. Moldaketaren nondik norakoak ez ziren, baina, esku-programaren oharretan azaltzen, eta kontzertuaren aurkezpenean ere ez zen horren inguruko argibiderik eman.

Introito-an Orfeoiak maisuki menderatzen dituen dinamika aldaketak izan ziren nagusi, arnasa sublimatzen duten pianissimo-etatik indarrez betetako pasarteetara. Tenoreen lerroa, aldiz, laua suertatu zen orokorrean, batez ere esaldien ekiteetan, gainerako ahotsen bizitasuna itzaliz. Jesus Garcia Arejula baritonoak duen zentzu ona agerian geratu zen, berriro ere, bai Ofertorio-an, bai Libera me errepikan. Kontzertuaren unerik hunkigarriena Julia Blasco soprano gazteak oparitu zigun, hainbestetan entzuten den Pie Jesu fintasun eta gardentasun osoz hedatu baitzuen elizan. Tamalez, obra bukatu baino lehen metalek berriro afinatzeko izan zuten beharrak santutegian lortutako giro barnekoia zapuztu zuen guztiz.

Euskadi Brasseko kideen lanak kontzertuaren bigarren zatian zuen aukera benetako luzimendurako. J. Rutterren Gloria-ren 1974ko bertsioari jarraikiz, tuba, hiru tronboi, lau tronpeta, tinbalak eta perkusioa gehitu zizkioten Gerardo Rifonek organoan eskaintzen zuen oinarriari. Lehen mugimendua irekitzen duen fanfarrean obraren estilo alai eta jostalaria iragarri zuen ensembleak, tartean abesbatzaren a cappella-n jaierari ere bidea emanez. Ez zen, hala ere, txinpartarik ageri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.