Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Bigarren independentzia

Latinoamerikaren emantzipazioa bete gabeko prozesutzat ikusten zuen Chavezek. AEBak zituen horren errudun nagusitzat, eta horren aurka «integraziorako» foroak sustatu zituen.

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Simon Bolivar zuen eredutzat Hugo Chavezek. Bolivarrek zuzendu zuen Espainiako kolonia ziren Hego Amerikako hainbat lurralderen independentziarako borroka XIX. mendean. Chavezentzat, ordea, Latinoamerikak oraindik ez zuen «independentzia osoa» erdietsia. Barrenera begira, herritarrak goiko klaseen menpeko ikusten zituen, Latinoamerikako herrialdeen politika urteetan zuzendu zuten lur-jabe eta enpresari handien esku. Kanpora begira, berriz, AEBen «atzaparrak» ikusten zituen, «inperialismoa» eta «neokolonialismoa». Horregatik, bigarren independentzia prozesu baten beharra aldarrikatu zuen, Bolivar eredutzat hartuta. Horretarako, Latinoamerikako eta Karibeko herrien «integrazioa» bultzatu zuen Venezuelako presidenteak, eta helburu horrekin sustatu zuenAlbaren sorrera, Amerikarako Aliantza Bolivartarrarena.

Chavezek 1999an eskuratu zuen boterea, aitzineko urtean hauteskundeak irabazi ondoren. Washingtongo Kontsentsuaren eta FTAA Ameriketako Merkataritza Librerako Esparruaren aroa zen Latinoamerikan. Washingtongo Kontsentsua John Williamson ekonomialariak AEBen babesarekin prestatutako dekalogo bat izan zen, Latinoamerikan eredu ekonomiko neoliberala ezartzeko. Gutxieneko estatua eta merkatu askea, trabarik gabe, zuen goiburua. FTAA, berriz, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna Latinoamerika eta Karibe osoraino hedatzeko egitasmoa izan zen. Politika horrek ondorio larriak utzi zituen herrialde anitzetan: finantza krisiak, kanpo zorraren hazkundea, gizarte politiken murrizketak, pobreziaren areagotzea...

Hori zen Latinoamerikan nagusi zen eredua. Chavezek zioenez, boterera ailegatu berritan egon zen Amerikako lehen goi bileretan «arrotz bat» zen bera. Behin, horietako bilera batean Fidel Castro Kubako presidenteak honako hau erran zion: «Sentitzen dut goi bilera hauetan jada ez naizela deabru bakarra». Chavezek harreman estua eratu zuen Kubarekin, eta pertsonalki Castrorekin. Hainbatetan Castro «aita bat» zela ere erran zuen. Venezuelak ispilu ideologiko bat aurkitu zuen Kuban, eta Kubak Gerra Hotzaren ondorengo krisia gainditzeko makulu bat Venezuelan.

ALBAren sorrera

Biek sortu zuten Alba, 2004an, Habanan. Ondoren elkartu ziren Bolivia, Nikaragua eta Ekuador. Gaur egun denera zortzi estatu biltzen ditu. Albaren helburua da Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeen artean elkarlana eta truke ekonomikoa bultzatzea, eta jarrera politiko komunak lortzea. «Mundu orekatu bat behar dugulako sortu genuen», azaldu zuen Chavezek 2010ean. «Bolivarrek erraten zuen polo anitzetako mundua sortzeko, inperialismoaren aro izugarria amaitzeko». «Integrazioaren» bidean, Venezuelak bertzelako erakundeak sortzeko ere lider rola edo jarrera aktiboa hartu du: Petrocaribe, Telesur, Unasur Hego Amerikako estatuen batasuna, Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa...

Latinoamerikan polo alternatibo bat sortu nahi izateak, ordea, ezinbertzean AEBekin talka egitera eraman zuen Chavez. Harremanak nabarmen gaiztotu ziren 2002tik aitzinera, George W. Bushi egotzi baitzion Chavezek bere aurkako estatu kolpea prestatzea. 2009an Barack Obamaren etorrera itxaropenez hartu zuela erran zuen Chavezek, baina urtebetera zeharo aldatu zitzaion iritzia: «Zoritxarrez, aldaketa zin egiten zuen Obama desegin egin da, eta ez da deus aldatu inperioak munduko herrialdeei ematen dien trataera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.