Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Etorkizuna: hegemonia egiaztatzeko lehia

Nicolas Maduro behin-behineko presidente izendatuko dute, eta hauteskundeetara deitu 30 eguneko epean, Chavezen «agindua» jarraituz. Liderra gabe ere, nagusitasuna mantentzeko erronka du PSUVek.

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Bihar izanen da Hugo Chavezen hileta. Egun bakarra igaro da haren heriotzatik, baina Venezuelan etorkizunaren inguruko eztabaida saihestezina da. Elias Jaua kantzilerrak aitortu du orain presidentearen «erabateko hutsunea» dagoela, eta 30 egunen buruan hauteskundeak egingo dituztela iragarri du. «Hugo Chavez komandante presidenteak joan den abenduaren 8an eman zigun agindua da». Hauteskundeak erabateko erronka izanen dira PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuarentzat, hamabortz urteren ondoren Chavezik gabe chavismoa hegemonikoa ote den egiaztatuko baitu.

Chavezek hauteskundez hauteskunde lortu zuen zilegitasuna proiektu bolivartarrak proposatutako gizarte eta ekonomia eraldaketa aitzinera eramateko. Azken urriaren 7koak erruz irabazi ondoren, ezin izan zuen presidente kargua hartu, eta Nicolas Maduro presidenteordea izendatu zuen ondorengo. Urtarrilaren 10ean zen Chavez kargua hartzekoa. Ordurako osatuko ez zela ikusita, oposizioa hauteskunde eske hasi zen, konstituzioan ezarritako «erabateko hutsunea» zegoela argudiatuta. Batzar Nazionalak, baina, PSUVen gehiengo osoarekin, osatu arte behar adinako denbora hartzeko baimena eman zion Chavezi urtarrilaren 8an. Hurrengo egunean, Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion gobernuari, eta presidentearen «erabateko hutsunea» ez zegoela ebatzi zuen. Urriaren 7aren ondoren eratutako gobernuari ere zilegitasuna eman zion jardunean segitzeko.

Heriotzak, ordea, saihestezin egin du hauteskundeak antolatzeko beharra. Konstituzioaren arabera, «erabateko hutsunea» presidenteak kargua hartu aitzinetik gertatzen bada, 30 eguneko epean antolatu behar dira bozak.

Ustezko botere lehia PSUVen

Jauak jakinarazi duenez, hauteskundeak egin bitarte Maduro izanen da behin-behineko presidentea. «Chavezek bolivartarroi, iraultzaileoi, venezuelarroi eskatu zigun Nicolas Maduro kamaradari laguntzeko lan horretan, eta hori eginen dugu». Chavezek berak Kubara tratamendua hartzera joan zen egunean eskatu zuen hauteskundeetara deituz gero Maduroren alde egiteko.

Hura da, beraz, Chavezek izendatutako ondorengoa, eta hurrengo asteetan ikusiko daPSUVek hautagai aukeratzen duen. Izan ere, Chavez Kubara joan zenetik, gero eta ozenago aditu da oposizioaren hedabideetan PSUVeko ustezko botere lehia. Nazioarteko hedabide handietan ere oihartzuna izan du. Maduro eta Diosdado Cabello Batzar Nazionaleko presidentea leudeke aurrez aurre. Maduro autobuseko gidari izandakoa da, eta sindikalismotik ailegatu zen mugimendu bolivartarrera; PSUVen sektore zibil eta ezkertiarragoa ordezkatuko luke. Cabello, ordea, karrerako militarra da, Chavezen armetako kide izandakoa—1992ko kolpean parte hartu zuen—, eta boliburgesia deitu dutenarekin erlazionatzen dute—PSUVen inguruko enpresariei oposizioak jarritako goitizena—; armada eta sektore ofizialista boteretsuenak ordezkatuko lituzke Cabellok.

PSUVek, ordea, oposizioaren eta haren hedabideen intoxikaziotzat du ustezko botere lehia hori. Chavez falta izan den egunetan Maduro eta Cabello elkarrekin agertu izan dira jendaurrean. Horietako agerraldi bat Batzar Nazionala eratu zen egunean egin zuten, urtarrilaren 5ean. «Etor hadi honat, Nicolas. Emaidak besarkada bat», erran zion Cabellok Madurori, karrikan taulagainean egin zuten ekitaldian, jarraitzaileen aitzinean. «Haiek [oposizioak] ez dute gauza hauetaz ulertzen», gehitu zuen, ustezko lehia gezurtatuz.

Ez Madurok, ez Cabellok ez dute Chavezen karisma. Hauteskundeek erakutsiko dute pertsona bakarraren gainetik mugimenduak berak lortu ote duen herritarren artean joera hegemonikoa bihurtzea. Urteotako lorpenak eta oposizioaren zailtasunak dauzkate alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.