DARWIN ETA GU

Elliot-en agurra

Jose Mari Pastor -

2020ko apirilak 4

Otsailean Kolonbiara joan zen. Bertatik bueltatu ostean hasi zen, benetan, koronabirusaren krisia. Orain, etxean konfinatuta dago Elliot. Gaztea da, baina, haren ustez, ez du tunelaren amaierako argia ikusiko: minbizi terminala du.

Elliot Dallen galestarra da. Gaixotu arte Londresko finantza enpresa batean ari zen lanean. Ostegunean agur moduko artikulu bat argitaratu zuen The Guardian egunkarian. 2018ko udan oso minbizi erasokor eta arraroa diagnostikatu zioten: kartzinoma adrenokortikala. Metastasia zuen. 30 urteak bete gabe zegoen Elliot. Tratamendua eman zioten, baina gaitza oso aurreratua zuen. Uztailean berri latza entzun zuen medikuaren ahotik: ez zuen urtebete egingo bizirik.

Elliotek denbora aprobetxatzea erabaki zuen. Hego Amerikan naturan ibili zen, zoro moduan dantzatu, jendea ezagutu. Londresera itzuliko zenerako plana pentsatu zuen: gustuko jatetxe eta kafetegietara joango zen senide eta lagunekin. Bizitzan bidaide izan dituenekin elkartuko zen. Koronabirusak hankaz gora jarri du guztia. Ospitaletik esan diote ez dagoela harekin ezer egiteko modurik, azken asteotan laguntzeko. Koronabirusak du lehentasuna. Erizainak horretan ari dira. Elliot beldur da berrogeialdia altxatu baino lehen hilko ote den. Bakarrik. Senide eta lagunekin telefono eta sare sozialen bidez komunikatzen da. Horixe du kontsolamendu bakarra.

Krisi honek hainbat gaixori eragingo die, ez soilik koronabirusa dutenei. Aste honetan zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Osakidetzak prest du protokoloa, baliabiderik ezean zer gaixo artatu erabakitzeko. Nor salbatu: 30 urteko emakume haurdun bat ala 75 urteko herritar bat? Hotzean, buruak argi erantzungo du, baina bihotzak ez du erraz onartuko ebazpena, pertsona edadetua norberaren ama edo aita denean.

Aita koronabirusaren ondorioz hil zela azaldu zuen Oscar Harok, LCR Honda taldeko kirol zuzendariak, duela bi aste. Ospitalean ez zuten arnasgailurik harentzat. «Medikuak —oso pertsona ona, profesional itzela— negarrez deitu zidan. Aita hiltzen uzteko eskatu zidan». Eta jarraian: «Estatuak lege bat atera du, eta lege horrek dio ezin dutela 75 urtetik gorakoak artatzen segitu. Hori da errealitatea. Zenbait ospitaletan 65 urtera jaitsi da adin hori».

Galbahea. Medikuek dute azken hitza. Dominique-Jean Larrey zirujau frantsesa izan zen galbahetzearen aitzindaria. Europan zehar ibili zen Napoleonen armadako soldaduak artatzen. Bizirik irauteko probabilitateen arabera sailkatu zituen zaurituak, hainbat faktore neurtuz. Aurrera irteteko aukerarik handiena zutenak lehenesten zituen. Egun bakar batean 200 anputazio baino gehiago egiten zituen Larreyk.

Metodo krudela dirudi, baina haren aldekoek ez dute dudarik. Municheko Unibertsitateko Medikuntza-Etika irakasle Georg Marckmann-ek Bavariako hiriburuko egunkari bati jakinarazi dionez, galbahe bakoitzari buruzko erabakia «tragikoa» da. Haren aburuz, edozein irizpide izan daiteke kritikagarria, baina arau bat dute lege: «Gaixo guztiak artatzeko baliabideak nahiko ez direnean, antolatzeko modu bat bilatu behar da errekurtso mugatuekin bizi gehienak salbatu ahal izateko».

Bizi batzuk salbatzeko beste batzuk sakrifikatu behar. Gaitzaren ondorioz aldatu dela adierazi du Elliotek: «Minbizia izan baino lehen oso independentetzat nuen neure burua. Gizon hau uharte bat zen. Umiliagarria izan da modu fisiko eta emozionalean jendearen mendean nagoela ikastea». Gizartean «benetako lotura» falta da, batez ere ahulenekin: zaharrekin, kalean bizi direnekin.

Elliot zain dago. Garai latzetan zaurgarritasunak eta premia larriak maila sakonagoko loturak sor ditzaketela uste du: «Maitasunaren eta galeraren sentimendu gazi-gozoak aldi berean existitzen direnean eta gure alde humanoena ateratzen denean». Hark dioenez, bere bidea bilatzen ari da iluntasunean. Tarteka musika entzuten du eta gauza berriak ikasten ditu. Edo etxeko leihotik agertzen den «ikuspegi ederraz» gozatzen du. Zain.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Azken porturaino

AZKEN PORTURAINO

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak bisitatzera joateko, milaka kilometro egin behar izaten dituzte haien senide eta lagunek. Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia baten kronika da hau.
Mirentxin gidarietako boluntarioek gidatzen dituzte furgonetak. ©NAGORE ARIN
Sare Herritarrak atzo Donostiako Kontxa hondartzan eginiko mosaikoa. ©SARE

Olatu bat konponbidearen itsasertzera

Jon O. Urain

Sarek deituta, 600 lagunez osatutako mosaiko bat eratu dute Donostian. Espetxe politika aldatzeko eskatu dute
 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna