«Egon zen bakarrik hil zen jendea»

Erietxeetako bisitak murriztu zituzten lehen olatuan, oro har, paziente guztientzat; COVID-19a zutenak guztiz bakartu zituzten. Egoera samurtzera egin da, pixkanaka.

COVID-19ak jotako gaixo bat ZIUan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Indibidualizatu egin behar da arta». Iñaki Peña Arrasateko erietxeko (Gipuzkoa) medikua da; COVID-19 paziente ugari artatu ditu, eta ospitaleetan haiek bakartzeko hartu diren neurriak «malgutzera» egin behar dela esan du, usu «krudelak» izan direla deitoratuta. Erietxe txikia da Arrasatekoa, eta azaldu du bakartze protokoloak bere irmoan ez dituztela ezarri behar izan, baina bestelakoa dela egoera erietxe handietan. Xabier Goikoetxea Iraola barneko medikua da Donostia ospitalean, eta neurri horiek usu pairamendu iturri izan direla onartu du.

«Hau dena hasi zenean, orain dela urtebete, zalantza egoera handi hartan, beste toki batzuetatik heltzen ziren albiste larriei erreparatuta,oso erabaki irmoak hartu ziren. Erietxearen fisionomia erabat aldatu zen: aurretik, igandeetan, bisitekin-eta, Bilboko Kale Nagusia ematen zuen, eta, bat-batean, ze isiltasun! Profesional asko akordatzen gara isiltasun horrekin». COVID-19a zuten pazienteei begira, oraindik zorrotzagoak ziren neurriak: «COVID eremuetan, lehen olatuan bakar-bakarrik egon ziren gaixoak». Baita egoerarik larrienetan ere: «Egon zen, esaterako, bakarrik hil zen jendea». Oinazez oroitzen ditu orduan ezarri zituzten neurri irmo haien ondorioak: «Pazienteentzat oso gogorra da pertsona maiteekin ez egotea...». Lehen olatua pasatu orduko ikusi zuten moldatu beharra: «Ikusi genuen bakartze neurrietan oinaze puntu bat zegoela, eta zerbait egin behar zela hori arintzeko».

Protokolo «aldakorrak»

Ordutik, kontu handiz betiere, neurriak «malgutzera» egin dute. «Bigarren olatutik aurrera, onartu zen COVID eremuetan mendekotasun eta dementzia egoeretan daudenek eta hil hurrenek norbait ondoan izatea». Bestelako bideak ere landu dituzte: «Familiekiko harremana erraztu egin da telefono bidez eta bideo deien bidez. Gazteek, beraiek egiten dute; ez dago arazorik. Adinekoei begira, propio trebakuntza bat egin zen medikuntza eta erizaintza ikasleekin, eta haiexek bideratu zituzten harreman horiek. Arnasa izan da hori familia askorentzat».

Nafarroako Ospitale Gunean artok koordinatzen jardun du Ana Mariñelarenak, Prozesu Medikuen Artako arduradun. «Pandemiaren hasieratik, helburuetako bat izan da COVID-19 pazienteen arta humanizatzea». Bakarrik egon ezin diren pazienteak «lagunduta» egoteko bidea erraztu dute, eta protokolo «aldakorrak» garatu dituzte bidean: «Ezagutzaren eta egoera epidemiologikoaren arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.