Albistea entzun

Koronabirusa. Itxialdien itzalean (VIII). Hezkuntza

'Online', baina deskonektatuta

Digitalizazioan oinarritutako eredu bat ezarri behar izan zen egun batetik bestera, eta, prozesu horretan, zailtasunak izan dira hezkuntza komunitatea ongi egokitzeko.
Bi haur etxetik ikasten, iazko martxoan.
Bi haur etxetik ikasten, iazko martxoan. KAI FORSTERLING / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko martxoak 21

Zoom, Classroom, Skype, chromebook... Gehienentzat ezezagun ziren hitz horiek haurren, gazteen, gurasoen eta irakasleen eguneroko hiztegian sartu ziren iazko martxoan. Egun batetik bestera tokatu zitzaien ikasgeletako argiak itzali eta, ahal zutenek behintzat, etxeko ordenagailuak eta tabletak piztea. Baina prest al zeuden horretarako? Ezetz diote adituek.

Izan ere, ezagun egin zen beste esapide bat ere: arrakala digitala. Unicefek eta Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak egindako txosten baten arabera, munduan eskola adinean dauden haurren bi herenek —1.300 milioi adingabek— ez dute Internet konexiorik izan. Pentsatzekoa da Euskal Herrian arazoa ez dela hainbestekoa izan, baina, konexioa edukita ere, zenbaitek ezin izan dituzte eskolak etxetik hartu, ez dutelako izan horretarako tresnarik. Isidro Elezgarai Unicefen EAEko batzordeko presidenteak azaldu duenez, hemen «errenta erdi baxuak edo baxuak» dituzten familiek eta guraso bakarrekoek pairatu dute arrakala digitalaren arazoa, batez ere: «Etxe eta familia batzuek ordenagailua zeukaten; beste familia batzuek, berriz, ez zeukaten ordenagailurik; eta zenbait familiak, ordenagailua edukita ere, ez zeukaten dirurik konexioa ordaintzeko. Hori arazo larria izan da».

Baina arrakala digitalaz haragokoak dira etxetik ikasi beharrak sortu dituen gorabeherak. Rakel Gamitok, Abel Camachok eta Pedro Lonbidek Zientzia eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik liburuan xehatu dituzte ikasgelatik etxera joateak agerian utzi dituen gabeziak, baina baita etorkizuneko erronkak ere. Zehaztapen bat eginez ekin dio Pedro Lonbide Haztegi ikastolako irakasle eta online irakaskuntzako adituak. Haren irudiko, martxotik ekainera egindakoa ez zen online irakaskuntza izan: «Online irakaskuntzak beste arau batzuk ditu, beste testuinguru batean egiten da, beste baldintza batzuekin».

Prest al zeuden Euskal Herriko ikastetxeak etxetik irakasten eta ikasten hasteko pausoa emateko? Ezetz uste du Rakel Gamito EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak: «Ez gaude prest irakaskuntza mota horretan aritzeko, ez daukagu formakuntzarik, eta online irakaskuntzak edo ez-presentzialak zenbait baliabide teknologiko eskatzen ditu, irakasleek eta ikasleek ez ditugunak». Lonbidek, berriz, baliabide kopuruan baino gehiago, haiek erabiltzeko moduan ikusi du gabezia: «Arazoa izan zen, baliabide kopurua edo baliabideen izaera baino gehiago, baliabide horiek askotan ez zutela sistema bat osatzen».

Oztopoz betetako bidea

Hasieran, Lonbidek uste du bereziki alderdi batean aritu zirela gaizki: gelan egiten zituzten gauza berak online eremuan egin nahi izaten zituzten. Lonbideren irudiko, ordea, hori ez da online irakaskuntza: «Online irakaskuntza da bitarteko horiek [digitalak] erabilita sistema oso bat eratzea, zeinetan beste modu batera egiten den komunikazioa eta ezagutzen transferentzia, eraikuntza eta jabekuntza». Horrenbestez, aldaketak egiteko beharra nabarmendu du, eta ohartarazpen bat egin: «Uste dut agerian utzi duela eskola orokorrean eta irakaskuntza neurri batean gizartearen oso-oso atzetik doala». Bat egin du Gamitok: «Nire ikuspuntutik, gure diskurtsoa da eskola berritu egin dela, garaiari egokitu zaiola, eta ikusi da ezetz».

Beste gabezia bat ere nabaritu du Gamitok: «Askotan, autonomia falta handia izan da: asko kostatzen zitzaien ulertzea goizetan jaiki behar zutela eta konektatu, hori klasera joatea bezala zela». Gainera, uste du «zailtasunak» izan dituztela emozioak kudeatzeko garaian. «Hori unibertsitatean ikusi badugu, pentsa beste etapetan».

Itxialdirik estuena igarota ere, oraindik noiznahi eta egun batetik bestera konfinatzen dituzte ikasleak eta irakasleak. Eta, egun, prest al daude etxean ere eskolako haria ez galtzeko? Prestatzeko denbora falta izan zaiela esan du Gamitok, egunetik egunera etorri zaienari erantzuten aritu direlako: «Mentalki agian bai, jada espero dugu, ez da lehengo urteko sorpresa, baina ez dugu denborarik izan». Antzeko bidetik jo du Lonbidek ere. Iruditzen zaio «askoz ere prestatuago» daudela baliabideei eta esperientziari erreparatuta, baina jauzi baten beharra ikusten du oraindik: «Oraindik ere, gelan egiten ditugun horiek erreproduzitzen saiatzen gara baliabide digitalak erabilita, eta uste dut harago joan behar dugula: beste pauso bat ematea falta dugu».

Etzi: Konfinamendua, festak eta aisialdia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irisarriko eskolako gurasoen protesta, ekaina erditsuan ©Guillaume Fauveau

Euskarazko orduak emendatuko dituzte Irisarri, Barkoxe eta Larraineko eskoletan

Ekhi Erremundegi Beloki

Gurasoen mobilizazioen ondotik, hiru eskoletako proiektuak onartu ditu Frantziako Hezkuntza administrazioak

Zentro Sozialista hustu duteneko irudi bat, gaur. ©Gedar

Legutioko Zentro Sozialista hustera joan da Ertzaintza, eta bi lagun atxilotu ditu

Berria

Istiluak izan dira. Mugimenduko Sozialistako kideen esanetan, «hogei pertsona inguru» zauritu dituzte agenteek. Bi lagun atxilotu dituzte.

lGTBI komunitatearen harrotasun egunaren harira antolatutako manifestazioa, iaz, Iruñean ©Iñigo Uriz / Foku

LGTBI komunitatearen harrotasun egunarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk

Irati Urdalleta Lete

Zenbait eragilek manifestazioak antolatu dituzte gaur arratsalderako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...