KRITIKA. Antzerkia

Oihaneko 'artibistak'

Maryse Urrutik idatzia da Oihana antzezlana. NAHIA GARAT.
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

'Oihana'

Zuzendaritza: Maryse Urruti. Antzezleak: Barbara Ribas, Arantxa Hirigoien, Joana Olasagasti. Soinu espazioa eta musika: Paula Olaz. Eszenografia eta jantziak: Francisco Dussourd. Koreografia: Eneko Gil. Argi sortzailea: Oihan Delavigne. Zuzendaritza teknikoa: Mathias Goienetxe. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra.Eguna: maiatzak 14.

Jende gutxi bildu zen larunbateko emanaldian; eguraldi ederra zen, eta Donostiako kultur programazioa ikuskizunez beterik zetorren; antza, familia euskaltzaleen kopurua ez da nahikoa eskaintzen dizkiguten emanaldi erakargarri guztiak bete ahal izateko. Txaloaldi beroaren ondoren, Maryse Urrutik azaldu zigun larunbatekoa izan dela Hegoaldeko estreinaldia, eta ni nago ikusle gehiago merezi dutela artibista fin hauek.

Multinazional batek geratzen den baso apurra erosi nahi du eukaliptoak landatzeko. Odei eta Lur (Arantxa Hirigoien) senar-emazteek, mugimendu ekologistako militanteak izaki, zuhaitzak okupatzen dituzte, harik eta Odei ekintza batean hiltzen duten arte. Oihanak, alaba nerabeak (Barbara Ribas), ez du guztiz ulertzen amaren jarrera, ezta protestan jarraitzeko bere aitaren oroimena nola baliatzen duten ere. Haserre dagoela, hasierako eszenetatik tarteka-marteka agertu den izpiritu magiko dantzari batekin (Joana Olasagasti) topo egingo du, eta kontakizunak beste adar narratibo bati helduko dio, zeinetan, dantza nagusitzeaz gain, belaunaldien arteko transmisioari lehentasuna ematen zaion.

Antzezleek sineste sendoz bete zuten beren rola Urrutiren gidaritzapean. Haren eragina narrazioak duen giro teknologikoan ere antzematen dela esango nuke. Oihana-k lotura estetikoa du 13R3P taldearen Bazen behin Internet antzezlanarekin. Izan ere, istorioa etorkizun hurbilean kokatuta dago, non robotikaren alde ikusgarrienak eszenografiaren parte garrantzitsu diren. Hor daude, esaterako, etxe domotizatua, gailuen argitxoak, Tron: Legacy filmekoen gisako maskarak eta azpimarratzekoa den soinu-diseinu bat, zeinak, euskal kanta ezagunekin batera, hots txikiak, off-eko ahotsak eta manifestazioetako atze-soinuak, besteak beste, maisuki islatu dituen.

Arazoa, nire ustez, kontakizunean dator. Borroka ekologista bigarren lerroan geratuko zaigu, eta, horren ordez, amaiera aldera, identitatearen auzia izango da ardatza. Oihanari, bere krisialditik atera eta bere gatazka pertsonala gainditzeko, sorginen memoria eta euskara bere egitea eskaintzen zaio soluzio gisa. Era horretan, zientzia-fikziozko ukitu bikainak izan arren, pieza errealistatzat jo genezakeen Oihana-k beste estetika eta dimentsio sinbolikoago batera jauzi egiten du. Ez dakit nik beste ikusleek—helduak ia guztiak— zer pentsatu zuten, nola sentitu zuten desbideraketa hori, baina, nire irudiko, ez dira guztiz ondo txirikordatzen narrazioaren bi plano horiek.

60 minutuko antzezlan hau familian zein nerabeekin gozatzeko ondua da. Bistan da balore zuzenetan heztea helburuetako bat duela. Abestiz lagundutako erritmo bizikoa eta bisualki erakargarria denez, gaztetxoek ondo pasatuko dutelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.