Fidel Castroren heriotza. Kronika

Habana, ohi ez bezala, isilik

Kubako hiriburua larunbatetan izaten duen borborrik gabe esnatu da. Komunikabide nazionalek xehetasunak eman dituzte omenaldiei buruz, baina herritarrei kosta egin zaie albistea barneratzea

Ehunka gazte, atzo, Fidel Castro omentzeko Habanako Unibertsitatean egindako kontzentrazioan. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
Habana
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Habana isiltasun ezohiko eta arrotz batean dago murgildurik larunbat goizean. Ostiraleko azken albistegiaren ondoren eman zuten Fidel Castro Ruz Kubako iraultzaren lider historikoaren heriotzaren berri, gauerdian, kubatar gehienak lotan zeudela. Baina gertaera biziegia zen, eta goizaldeko telefono deiak izan ziren lehen bitartekoa —normalean berri txarren iragarleak— albistea ezagutarazteko eta zabaltzeko.

Goizaldeko ordu batean, Reloj irratiak egitarau prestatuari eutsi zion, eta «egun zoriontsua izan dezazuela denok» esanez amaitu zuten albistegia. Telebista kateek ere —24 orduz emititzen dute—, telesailak ematen jarraitu zuten. Azkenean, Tele Sur kateak, 01:30ean, azken orduko albiste gisa esan zuen Fidelen heriotza baieztatuta zegoela. Handik gutxira, haren anaia Raul Castrok iragarri zuen albistea, labur, eta, berehala, egitarau bereziei ekin zieten, dokumental historikoei, elkarrizketei eta artxibategiko edukiei.

Ordura artetelefonoz emandako zurrumurru bat besterik ez zena ziurtatu egin zuten. Errusian egindako helikoptero militarraren burrunba sartu zen Habanako goizalde isilean —nahasezina bere soinuarengatik—, hiriaren gainean hegan, zentroa Jose Marti aireportuarekin lotzen duen etorbide zabalean, posizio argiak itzalita eta altuera egokian, jendea ez asaldatzeko.

Larunbatetan, Altahabana auzoan, hiriko beste auzo batzuetan bezalaxe, era guztietako ekintza eta soinuen borborra egoten da: musika lehiaketak, reggaeton eta saltsa zaleen arteko borroka amaigabea nork irabaziko; goizeko zortzietatik kalera ateratzen diren ume saldoak, asteburua baliatuz, zaratatsu eta oihulari, azkenean eskolatik eta etxeko lanetatik libre; bizilagunak, balkoitik balkoira edo eraikinetik eraikinera hizketan, bata besteari kontatzen hau edo beste, etxeko lanak egiten ari diren bitartean; eta kaleko saltzaileak oihuka, aldarri bitxiak eginez, arrautzak, erratzak eta hauts biltzaileak, lixiba eta desinfektagarriak, loreak, baratxuri eta bananatxoak saltzeko. Baina larunbat hau, azaroaren 26a, beste gertaera batek markatu du, eta auzoko isiltasun geldoa oilar galduek eta zakurren zaunkek eteten dute soilik. Ez umerik, eta are gutxiago musika ozenik, asteburuko eginbeharrak egiten laguntzeko.

Goiz osoan xehetasunak eman dituzte komunikabide nazionalek, hiriburuan eta herrialde osoan egingo diren ekitaldien eta omenaldien berri: bederatzi dolu egun izango dira, bi egun Iraultzaren Habanako plazan ezarriko duten hil kaperarentzat, herritarrek azken agurra eman diezaioten, eta bi egun, halaber , lider iraultzailearen errautsak eramango dituen karabanarentzat, hark aukeratu zuen lekura iritsi arte: Santiagoko Heroe hilerrira, Jose Marti heroi nazionalaren gorpuzkiak dauden lekura.

Isiltasuna da lehen dolu egunean gailendu dena. Denek behar dute albistea barneratzeko denbora bat. Azalpenak laburrak dira, oso urriak eta misteriozkoak batzuk. «Horrelakoa da bizitza», dio bizilagun batek. Hainbat bandera zintzilikatuta daude auzoko leihoetan, antolatu gabeko omenaldi libreen sinbolo.

Auzoko dendak eta bankua zabalik daude. Inork ez du hitz egiteko gogorik. Barruko kontuetarako garaia da. Bankuko langile batek baieztatu du datorren astean dendak ez direla itxiko, nahiz eta kultur ekintza guztiak bertan behera geratuko diren.

«Tristea»

Beste langile batek esan du langile batzuek parte hartuko dutela Fidelen omenezko ekitaldietan, baina «hautatuak» direla. Gaur goizean bertan egingo dute San Geronimo eskolan lehen omenaldia, Felix Julio Alfonso fakultateko dekanorde eta intelektualak adierazi duenez.

Ernestok galderari beste galdera honekin erantzun dio, auzoko denda batean:«Ikusi duzu?». Gehitu du, inolako zentsurarik gabe, bera eta bere familia AEBetara emigratzeko azken tramiteak egiten ari direla. Amaginarrebak, berriz —gutxi gorabehera Fidelen adina izango du—, hauxe dio: «Buruzagia hil da. Eta orain zer?». Hiru hamarkada baino gehiagoan lan egin zuen emakumeak, arte grafikoen gunean, non egunkari eta aldizkari nazionalak inprimatzen dituzten, hamaika liburuz gain. 15 bat urteko beste bi mutilek, elkarri begiratu, eta esan dute: «Tristea da, ezta?».

Kubako irrati eta telebista kateek kultur eragileei eta kaletarrei egindako elkarrizketak eta saio bereziak soilik eskaintzen dituzte, konexio bakar eta nazionala eginez: argazkiak erakusten dituzte, irudiak, eta Fidelen bizitza luze, emankor eta errebeldeari buruzko pasadizoak eta iritziak. Bizitza betea, azkenera arte.

Duela hamar egun eskas agertu zen jendaurrean, Vietnamgo presidentearekin —Asiako herrialde horri babes handia eman zion estatubatuarrek egindako gerrak iraun bitartean—. Agian haren azken mezu iraultzailea izan zen, lagunen fideltasunaren seinale. Segur aski, letra larriz idazten den historia hori arduratuko da beste ikuspegi batzuk emateaz, berezko duen distantzia horren bidez, baina, oraingoz, agian Jose Martiren esaldi poetiko eta misteriotsuak balio lezake lehen ondorioa ateratzeko: «Heriotza gezurra da bizitzaren obra ongi bete denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.