Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Herioa ate joka hasi zenekoa

Patxi Azparren - Antropologia lizentziaduna

2020ko urriak 29

Jakin nahi ez genuena badakigu dagoeneko, ez gara unibertsoaren erdigunea, inork ez gaitu sortu, inork ez gaitu zaintzen, gutariko bakoitza soilik une batez biziko da eta behin betiko desagertuko da eternitate osorako.

Errealitate gordinaren susmo hori gizaki guztiok izan dugu eta kultura guztiek ukan dute. Bizi-itxaropena 30 bat urtera mugatzen zelarik, eta umeen erdiak gurasoen besoetan hiltzen zirenean, susmo horrek sortzen zuen oinaze hura erlijioekin baino ezin zen apaldu. Egun ere, gerra edo pobrezia larria pairatzen duten tokietan erlijioak berpizten dira, jendarte-egitura egonkortzeko eta hartu-eman pertsonalak arautzeko baliagarriak baitira.

Gure testuinguruan, aldiz, lehenengo aldiz historian, jaiotzeko unean gehienok 80-85 urteko bizi-itxaropenarekin munduratzen gara, eta horrek zeharo aldatu du, oso epe laburrean, gure jarrera. Batetik, inoizko bizitza luzeena izan dezakegu aurrean; eta, bestetik, inoiz baino kontzienteago gara zein laburra den.

Gurea bezalako jendarte oparoetan, gaztetxoak garela, etxe gehienetan hiru belaunaldi mahaian eserita ikusteko parada dugu, birraitona-amonak ezagutzea ez da salbuespena eta bizitzaren hasierako urte horietan, mahaian eserita, ematen du denbora amaiezina dela. Sentsazio horrekin koxkortu ginen eta aurreikuspen horrekin ekin genion gaztaroari.

Nork esango zuen! 2020. urtean herioa besteen etxeetatik irten, ipuinetatik atera, eta gure ateetan jo zezakeenaz ohartu ginen. Ezustean harrapatu gintuen eta ez genuen jakin izan nola erantzun.

Ziurtasunak nahi genituen, baina ez adituek, ezta gobernuek ere, ezin izan ziguten horrelakorik eskaini. Beste ugaztunek egiten duten bezala, elkartu nahi ginen, baina, arerio berri honek dituen ezaugarriak direla medio, etxe zuloetan giltzapean geratu ginen, supermerkatuko produktuak irensten, telefonoari itsatsita, ulergaitzak ziren mezu kontraesankorretan itotzen.

Ziurtasunak galtzen direnean, helduleku bila edozein euskarri izan daiteke baliagarria. Oraingo honetan bi izan dira erabilgarrienak: errealitatea ukatzea edo negazionismoa, eta bertsio ofizialari ortodoxiaz eustea. Bi euskarri labainkorren arteko guztia ukatu egiten da. Zalantza, kritika, susmoa… herejiaren tokian kokatzen dira, eztabaida aske, atsegin eta emankorrak desagertuz; irainak, haserreak eta ezinulertuak nagusitu dira.

Lerro hauetatik, izurrite garai hauetan, La Peste liburuaren egileak aldarrikatu zuen moduan: zalantza dutenen dantzaren aldeko hautua egingo dut.

Elkartasuna, askatasuna, ardura eta sen kritikoa uztartzeko gai ez bagara, iparrorratza galdu dugulakoan nago. Azalpen xume eta inozoek ezin diote egoera konplexu honi erantzun eraginkorrik eskaini; gobernuek egiten duten errelato kontraesankor eta aldakorrak ez du herritarrongan sinesgarritasunik lortuko. Keinu autoritarioek zauri larria utziko dute gure etorkizun hurbilean, eztabaida antzuek gogaituko gaituzte, eta, bukaeran... noraez horretan, arrantzan zein ehizan, krisi guztietatik elikatzen diren betiko marrazoak garaile.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.