Zientzia

Itsasoak harrian idatzia

Kuaternario garaiko hamabi kosta lerroren kokapena eta morfologia zehaztu dituzte EHUko ikerlariek euskal kostaldean. Lurraren eboluzioaren historia itsaspeko harrietan zizelkatuta dagoela azaldu dute unibertsitateko geologoek.

Goian, Zumaiako flyscharen irudi bat; behean, Frontiers in Earth Science aldizkariak argitaratutako ikerlanean jasotako mapetako bat. J. SANCHEZ / IGME ETA ENRESA.
Ion Orzaiz.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Harriek kontatzen dute Lurraren historia. Milioika urtez planetak izan duen eboluzioaren lekuko izan dira harriak, eta, kostaldeko itsaslabarren kasuan, baita glaziazioen eta ozeanoaren gorabeherena ere. Horren adibide garbienak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha eta gainerako estratipoak. Ez dira bakarrak, ordea. Duela milaka urte, itsasoaren maila baxuagoa zenean, antzeko egitura arrokatsuak sortu ziren, hainbat metro beherago, gaur egun itsaspean dauden eremuetan. Horiek ikertu dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mineralogia eta Petrologia saileko ikerlariek, eta Era Kuaternarioko kostaldearen kartografia osatu dute. Frontiers in Earth Science aldizkari zientifikoak eman du ikerketaren berri.

«Gure asmoa izan da ikustea eta ulertzea nolako eboluzioa izan duen gure lurraldeak azken 2,58 milioi urteetan: zelan dauzkagun paisaia hauek eta, batez ere, zelan sortu ziren», azaldu du Peru Bilbao Lasa EHUko ikertzaileak. Orain argitaratutako ikerketan, 12 kosta lerrodefinitu dituzte, hiru dimentsioko mapen bidez.

Geologoaren esanetan, kartografia berrian definitu dituzten egiturak «Barrikan edo Zumaiako flyschean gaur egun ikus daitezkeenen oso antzekoak» dira, baina itsasertzetik hainbat metrora daude. «Itsas maila ez da estatikoa, aldatzen da, eta horren eraginez, mugitu egiten da kosta lerroa bera ere, itsasoak eta lurrazalak bat egiten duten muga. Horrek esan nahi du itsasoan gaur egun baino kilometro batzuk barnealderago egon zitekeela kosta lerroa. Horren eraginez, noski, garai bateko paisaiak ez luke zerikusirik izango gaur egungoarekin».

Kuaternarioan gertatutako klima aldaketak dira fenomeno horren erantzule. Zenozoiko aroaren barruan dagoen aldi geologikoa da Kuaternarioa, eta 2,58 milioi urte biltzen ditu: glaziazioen hasieratik gaurdaino. Aldi horretan, animalia eta landare espezie handienak desagertu ziren, eta ugaztun nahiz hegazti txikiagoak ugaritu. Gizakiaren sorrera ere Era Kuaternarioari dagokio. «Klimari dagokionez, Kuaternarioaren ezaugarri nabarmenetakoa da garai glaziar eta interglaziarren arteko aldizkatzea», esan du Bilbaok.

Hala, glaziazio denboretan, itsasoak atzera egiten zuen, ura izotz masa handietan pilatuta gelditzen zelako; eta, ondoren, izotza urtzean, itsasoen mailak gora egiten zuen berriz ere. «Duela 125.000 urte, adibidez, gaur egun baino zenbait metro gorago zegoen itsas lerroa; duela 20.000 urte, berriz, 120 edo 130 metro beherago. Aldizkatze hori etenik gabea izan zen Kuaternario osoan». Mugimendu horien ondorioz, itsasoak garaian garaiko kosta lerroak zizelkatu zituen, harrizko plataformak edo xaflak sortzeraino.

Kartografia osatzen

EHUrena, dena den, ez da euskal kostaldeko itsas lerroak identifikatzeko ikerlan bakarra. 2010. urtean, itsaspeko plataformen inguruko datuak jaso zituen Azti-Tecnaliako Itsas Ikerketako Unitateko ikerlari talde batek, batimetria sistemen bidez. «Aztiko lantaldeak urratu zuen bidea; gure lana izan da ikerketa lerro horretan sakontzea, informazio gehiago jasotzea eta eurek eginiko lana osatzea», esan du Bilbaok.

Zehazki, Azti-Tecnaliako ikerlariek pultsu akustikoen bidez jaso zituzten beharrezko datuak: «Itsasontzi batean zeharkatu zuten euskal kostaldea 2005 eta 2008 bitartean, pultsuak emititzen dituen gailu batez lagunduta. Seinale akustiko horiek itsasoan zehar barreiatzen dira, eta harriarekin topo egitean, bueltan itzultzen dira, errebotean. Hortaz, pultsu akustikoen abiadura ezagututa, jakin daiteke zer distantziara dagoen itsas hondoa, eta prozesu hori zenbait tokitan errepikatuz gero, itsas hondoko erliebea edo mapa osa daiteke».

Teknika horri esker, harrizko plataformen kokapena ezagutu ahal izan zuten ikerlariek eta, orain, datu horiek osatu eta hiru dimentsioko kartografia zehatzagoa ondu du EHUko Mineralogia eta Petrologia taldeak, horretarako Informazio Geografikoko Sistemak erabilita.

Antzinako egiturak

EHUko geologoek Euskal Herriko kostaldean egindako ikerketa, baina, ez da aurrekoen segida bakarrik izan. Aurkikuntza berriak ere egin ditu Bilbaoren lantaldeak: besteak beste, «aurrez definitu gabeko plataforma arrokatsu berriak» zehaztu dituzte itsas azpian; modu irregular batean banatuak plataforma kontinentalean barna. Horietako sei definituta daudela ikusi dute, «beste batzuk, aldiz, ez dira hain ondo bereizten, baina koskak antzeman daitezke, eskailera baten mailak balira bezala». Bestalde, garaian garaiko itsas mailari erreparatuta, zientzialariak ohartu dira itsaspean aurkitutako egituretako batzuk ez direla azken glaziaziotik gaurdaino sortutakoak, antzinagokoak baizik.

Nolanahi ere, EHUko ikerlariak ez dira gai izan itsaspeko plataforma arrokatsu horien jatorria aldagai bakarrarekin lotzeko. Bilbaoren esanetan, «zenbait aldagairen arteko elkarrekintzaren ondorio» izan daitezke: «Badirudi hainbat faktoreren menpe dagoela gainazal horien sorrera eta kontserbazio maila; hala nola olatuen klimatologiaren, litologiaren eta itsas-ohantzearen norabidearen mende, besteak beste».

Horregatik, datozen urteetan ere, itsas hondoko egituren azterketekin aurrera egiteko asmoa agertu dute ikerlariek, ozeanoak harrizko xafletan idatzitako historia interpretatzen segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.