Bi lagun hil dira eta bertze hogei positibo atzeman dituzte Euskal Herrian

Detektatutako azken kasuetatik bosna daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baliteke batek lotura izatea Orioko kasuekin

Gazte bat Iruñeko igerileku batera sartzen, joan den astean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek atzo jakinarazi zutenez, bertze bi hildako eta hogei kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hildakoak Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak dira Osakidetzak eman du horien berri, baina ez du zehaztu kokapena, eta positiboak, berriz, bortz daude lurralde bakoitzean. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Arabako bortz kasuak Gasteizkoak dira; Bizkaikoak, berriz, Bilbo, Barakaldo, Basauri, Durango eta Loiukoak; eta Gipuzkoakoak, Donostia, Errenteria eta Irungoak —hiru kasu daude Irunen—. Osasun Saila ikertzen ari da Donostiako kasuak loturarik ote duen Orioko agerraldiarekin, bigarren mailako harreman bat dela eta.

 

Jakinarazi dutenez, Oriokoarekin lotuta hamazazpi lagun daude koronabirusaz kutsatuta, eta, Donostiakoarekin batera, bertze sei kasu daude loturaren bat duten susmopean. Irungo eta Errenteriako kasuak ere ikertzen ari dira, lotura izan dezaketelakoan herenegun Arrasaten atzeman zituztenekin. Familian eta ingurune sozialean kutsaturikoak lirateke bi herri horietako lau kasuak.

Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu nongoak diren atzeman dituzten azken bortz kasuak, baina Javier Remirez gobernuko presidenteordeak jakinarazi du ez dutela loturarik Iruñerrian eta Sunbillan joan den asteetan izandako agerraldiekin. Ekainaren 26 eta 27tik ez da agertu agerraldi horiekin loturiko kasurik, Remirezen hitzetan.

ZIUetan zazpi lagun daude gaur egun koronabirusarekin Hego Euskal Herrian, bi gobernuen arabera. Koronabirusak, orotara, 2.143 lagun hil izanen lituzke Hego Euskal Herrian pandemia hasi zenetik gaur arte.

Antigorputzen testak ere egiten jarraitzen dute oraindik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erraterako, bertze 34 kasu atzeman zituzten atzo test azkarren bidez koronabirusa jada pasatua duten pertsonenak dira. Orotara 3.133 PCR eta 470 test azkar egin zituen atzo Osakidetzak.

«Gu geu gara txertoa»

Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak Baskoniaren garaipenaren ondorengo ospakizunak izan zituen gogoan atzo goizean egin zuen agerraldian, eta gogoratu zuen beharrezkoa dela jendearen artean distantzia mantentzea; eta, ezin denean, maskara janztea:«Ezin dugu ahaztu birusak hor segitzen duela, eta daukagun txerto bakarra momentu honetan gu geu garela».

Remirez Nafarroako presidenteordeak ere «ardura» eskatu die Nafarroako herritarrei, baita kanpotik datozenei eta kanpora doazenei ere. Nabarmendu du, halere, mugen irekierak eta mugikortasuna zabaltzeak dakarren «logika propioaren barnean» sartzen direla azken kutsatzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.