Arabako Bertsolari Txapelketa. Finala

Buru berria txapelari

Iñaki Viñasprek jantzi du Arabako Bertsolari Txapelketako txapela, Gasteizko Principal antzokian jokatu den finalean. Manex Agirre sailkatu da atzetik
Iñaki Viñaspre, atzo, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi eta agur bertsoa bota berritan.
Iñaki Viñaspre, atzo, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi eta agur bertsoa bota berritan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ane Zuazubiskar -

2019ko martxoak 31
«Otsoa beti iristen da/ espero ez duzunean». Irabazteko gogoz zetorrela kantatu zuen hasierako agurrean Iñaki Viñasprek (612 puntu), eta buruz buruzkoan Manex Agirreri irabazita (595), haren burura eraman zuen Viñasprek 2019ko Arabako Txapelketako txapela. Bien atzetik sailkatu dira Xabi Igoa (409,5), Oihane Perea (399), Peru Abarrategi (384) eta Aroa Arrizubieta (363).

Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu zuen seikoteak zortziko handiko ariketa. Nerabe baten gurasoak ziren Agirre eta Arrizubieta; alabak aholku eske jo zuen haiengana, Espainiako Saskibaloi Selekziorako hautatu zutelako. Fin ekin zion Agirrek «guk ez daukagun erabakitze/ eskubidea behar du» kantatuta, eta bizi kantatu zuen Arrizubietak hurrengo bertsoa: «Espainiaren izenean bai/ baina imajinatu zuk,/ zelai erdian oihukatuaz/ independentzia nahi dut». Gasteizko turismo bulegoko bi langile ziren Abarrategi eta Igoa, Tourist go home aurkitu zuten bulegoko horman lanera joandakoan. Zorrotz ekin zion Igoak, «haiek etxera baldin badoaz/ gu ere goaz etxera» kantatuta, eta hala erantzun zion Abarrategik: «Ta gero guri egingo zaigu/benetan harrigarria,/ inortxok ere ez jakitea/ nun dagoen gure herria». Fin jarraitu zuen Igoak: «Baina ai gaurko ogia denez/sarri biharko gosea,/ gauza ez al da turismo eredu/ jasangarri bat sortzea?». Pintura hartu eta haiek ezaba zezatela proposatu zion Abarrategik, eta ariketako alerik osoenetakoarekin amaitu zuen Igoak: «Jardun gaitezen gure lanean/ aurreiritzi denak utzi,/ gure eskutan dagoelako/ zer ta nola erakutsi».

Bizi aritu ziren bertsolariak hamarreko txikian. Telefono konpainiako langilearen ahotik kantatu zuen Viñasprek, Agirrerekin berrogei minutu zeramatzan telefonoz hizketan, Internetera ezin konektatuta. Itzali eta pizten ea saiatu zein galdetuta ekin zion Viñasprek, eta bizi erantzun zion Agirrek: «Itzali eta piztu/ ni ez naiz tontoa…/ Zergatik egin nintzen/ Pepephonekoa?». Umoretik egin zuten saioa, eta hala amaitu zuen bertsoaldia Agirrek: «Efektiboagoa/ izango da enfin,/ komunikatuko naiz/ txalapartarekin».

Seiko motzeko ariketan ale ederrak sortu zituzten bertsolariek. Urpekaritza ikastaroan igerilekutik itsasora joan ziren lehen eguna zuten Abarrategik eta Agirrek. Hala hasi zen Abarrategi: «Manex hementxe askoz beherago/ ez al dago lurra?». Umorez amaitu zuen Agirrek: «Bale ba zainduko zaitut/ beterania honen truk/ nik Jacques Cousteauren dokumentalak/ ikusita ditut». Hegaldi bera zuten bi bidaiari ziren Igoa eta Viñaspre, overbooking-aren erruz, bietako bat kanpoan gelditu behar zen. Bizi ekin zion Igoak: «Ez zaigu sartzen inor ta,/ zertan egin biok kontra/ zure altzoan joanda ere/ niri ez zaitu inporta». Eta umorez jarraitu zuen VIñasprek: «Ta nahi baduzu zu fakturatu/ ahal zaitut maletan».

Bertsolari bakoitzak gai bati kantatu zion bakarkako ariketan. Denda batean umeari bularra ematen hasitakoan dendatik irteteko eskatu zioten Pereari. Fin ekin zion: «Gaur txiki geratzen zaizkit/ barruko arropa, soineko,/ bularra atera behar nuen/ marru hotsa isiltzeko,/ dendatik kanporatuta/ gaur ikasi dut ederto,/zenbat gauza izango dudan/ bidean borrokatzeko». Hala amaitu zuen bigarren bertsoa: «Ijitoen merkatuan,/ aseko dut nik beharra,/ aurrera egiteko badut/harrotasun ta indarra.../ Zuentzat hor geratzen da/ manikiaren bularra». Aita alzheimerdunari umetako ipuinak kontatzen ari zenaren ahotik kantatu zuen Igoak: «Bazen behin hasten zen ipuin hura/ kokatzeko Aramaio/ ta hala zioen Txanogorritxu/ zen ume bat zela jaio,/ joaten zela ezti goxoaz/ amamangana karraio/ baina otsoa etortzen zela/ ta kasik zuela nahio,/ nahiz ta orduan egin zituen/ hau kontatzen mila saio/ Alzheimerraren ondorioz gaur/ bukaera ahaztu zaio». Horrela itxi zuen ariketa: «Ta zer gara ba pertsonok hori/ egiteko ez bagara gai gu?/ Nahiz ta ezin den zaintza sekula/ diru kopuruz ordaindu,/ urte luzetan jasotakoa/ ematea tokatzen zaigu».

Txapeldun berria

Viñasprek eta Agirrek kantatu zuten buruz burukoan; eta lehertu egin zen aretoko giroa. Agirrek utzi zuen buruz burukoko alerik gogoangarriena. «Zure familiako ohiturarekin apurtzea erabaki duzu». Horrela kantatu zion Agirrek: «Ohitura deitu, ondare deitu,/ aberastasuna, zama.../ Baserri baten herentzia da/ heldu zena niregana,/ baina saltzea erabaki dut/ erabaki dut, ai ama!/ Ekonomiak ematen baitit/ mantentzeko ere lana.../ Inmobiliaria aurrean nago/ zirrara bizkarrean historia da/ orain saltzera noana». Hirugarren bertsoan biribildu zuen kartzelako lana: «Marra gorriak paseak ditut,/ zorrak ugari ta asko,/ beraz bidea hartu beharko/ berriro salmentarako.../ Badoa hemendik baina ni ez naiz/ sentituko horren txarto,/ memoriaren teilatupean/ eutsiko diodalako».

Horrela kantatu zion Viñasprek: «Aita abisatu nizun/ kontua gaur nola doan,/ kontuz ibili gaitezen/ hauek mantentzerakoan./ Ohitura batzuk geratu,/ batzuk behar dira joan,/ ta erosoago egongo/ naiz ni alarde mistoan». Indartsu kantatu zuen hirugarren bertsoa: «Bakoitzak bizi dezala/ orduan bere erara/ baina aita entzun zazu/ oraindik zu garaiz zara./ Etorri zaitez nirekin/ bete ezazu ilara,/ politagoa delako/ denok batera joanda,/ iraultza ez da lortuko/ denon artean ez bada». Lierni Altunak jantzi zion txapela txapeldunari. 1997an hasi zen Altuna bertso eskolan, eta ordutik, gai jartzaile taldean eta sustatzaile moduan lan egin du Altunak, eta isileko lana eskertu nahi izan diote. Txapela eskainita amaitu zuen finala Viñasprek: «Uste dut badakitela.../Iratxe eta Ekaitz argi dut/hau merezi duzuela,/ eta etxean nahi zaituztegu/ txori libreak bezela!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ane Zuazubiskar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna