Albistea entzun

Sarrionandia Euskal Herrian. IRITZIA

Gaur ez dut ezer ikusi

Joxemari Iturralde - Idazlea

2021eko apirilak 25

Lehengoan, adiskide batek eman zidan albistea, Sarrionandia laguna gure artean zegoela, azkenik. Bromatan aritu ginen, gainera: orain, koronabirus pandemia zela eta, lasai asko ibil zitekeela kalean, anonimatu osoan, maskaratxoa eta bisera bat jantzita. Erabaki genuen, gainera, guretzat, lagunontzat, ziklo oso bat ixten zela, zorionez eta modu onean, 44 urteko aroa amaitu ondoren. Eta txinatarrek diotena egia bada, ziklo bat itxi orduko hasiera ematen zaiola ziklo berri bati; beste aukera bat, alegia, aurrera egiteko.

Erraz esaten da 44 urte: 1977an ezagutu nuen Sarrionandia Bilboko alde zaharrean. Gogoratzen naiz 1980ko udazkenean, Donostiako alde zaharrean, bazkaldu genuela azken aldiz berak, Txema Larrea lagunak eta hirurok. Handik gutxira gauzak zeharo okertu eta aldrebestu ziren denbora luzerako. Urte latzak, benetan gogorrak, bizi izan zituen Sarrionandiak. Lagunen arteko harremana berarekin, handik aurrera, gutun bidez izan zen, hori posible zenean soilik, eta noizbehinka kartzelara egindako bisitak medio. Urteak aurrera joan diren heinean, posible izan zaigu lagun batzuei atzerrian bisita horiekin jarraitzea, eta gaur eguna iritsi da non, esan bezala, normaltasunez jantziriko aro berri bati hasiera eman nahi diogun denon lasaitasunerako.

Bakea eta lasaitasun apur bat beharko du, uste dut, Sarrionandiak orain. Denboralditxo batean, sikiera. Gogora datorkit une honetan Oscar Wilde idazle handiaren ipuin hura, Narratzailea deiturikoa. Jendeak asko maite zuen gizon hura istorio oso politak, harrigarriak kontatzen zituelako. Egun batean, kontatzen zien gizonak, fauno bat ikusi omen zuen txirula jotzen, kolorezko txapelak jantzita zituzten nanotxoek inguruan pozik dantza egiten zuten bitartean. Hurrengo batean, kontatzen zien, hiru sirena ikusi omen zituen itsasertzean urrezko orraziekin adats berdeak orrazten... Egun batean, gizon hura herrixkatik atera zen eta itsasertzean hiru sirena ikusi zituen urrezko orraziekin beren adats berdeak orrazten. Eta basora iritsi zenean, fauno bat ikusi zuen flauta jotzen inguruan nanotxoek dantza egiten zuten bitartean. Arratsalde hartan, gizona herrixkara itzuli zenean, jendea zain zeukan: «Ea, kontaiguzu zer ikusi duzun gaur!» Eta gizonak erantzun zuen: «Gaur ez dut ezer ikusi».

Inoiz normaltasunaren aroan sartuko bagara, Sarrionandia kalean ikustea tonu horretan hartu beharko luke jendeak. Ohituko da. Etxera iritsi eta batek esan diezaiola lagunari: «Hara, gaur idazle bat ikusi dut kalean, eta ikusi orduko, liburu denda batera joan naiz bere liburu bat erostera, orain lasai eta gustura etxean irakurtzeko». Eta hurrengo egunetan ere berdin: «Hara, gaur ez dut ezer ikusi kalean, baina hara zer liburu erosi dudan asteburu honetan irakurtzeko!»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...